Blog

Fernando Prado mosinorea: “Frantzisko Aita Santua gizon on eta ausarta bezala izango da gogoratua”

Fernando Prado mosinorea: “Frantzisko Aita Santua gizon on eta ausarta bezala izango da gogoratua”

Irakurri José Melero Campos-en jatorrizko albistea hemen

On Fernando Prado Donostiako gotzainak Frantzisko Aita Santuarekin izandako oroitzapenak partekatu ditu ‘Ecclesia al día’ saioan. Aita Santu gisa eman zituen lehen urteetatik, gertutasun harremana izan zuen berarekin.

Prado, gotzaina izateaz gain, Aita Santuak Espainian argitaratutako lehen lanetako batzuen argitaratzailea izan zen Publicaciones Claretianas-eko arduraduna izan baitzen, eta horrek harreman pertsonala ahalbidetu zuen: “aitatasuna edo antzeko zerbait” bezala definituz.

Euskal elizbarrutiko gotzainarentzat, Jorge Mario Bergoglioren magisterioa hobekien definitu zuen gaitasuna komunikazioa izan zen. Hori guztia, “zirrara eragiten zuten keinu eta irudien bidez, hala nola, gorputz desitxuratuak zituzten pertsonak besarkatuz, edo Ostegun Santua kartzela batean ospatuz”, gauzatu zuen. “Jainkoaren gizona izan da, Jainkoaren misterioa pertsona izatetik ikusten zuena. Harentzat, Jainkoa errukia izan da”, gaineratu du.

Fernando Pradoren ustez, Frantzisko, “Aita Santu ausarta, gizatasunean aberatsa, funtsezko eta ebanjelikoeneranzko bidean dagoen Eliza arnas-arazi diguna” izateagatik gogoratua izango da. Keinuekin, hitz argiekin, komunikazio irekiarekin eta hurbiltasunarekin adierazi du”.

Bere pastoral-lanari dagokionez, Pradok bere estiloagatik harritu duela jendea adierazi du: “Hego-Amerikako Aita Santua, ohi genuenarekiko desberdina izan da. Oso maitatua eta emana. Oso irudi bereziak utzi dizkigun artzaina; ‘kanpaina-ospitaleaz’ edo ‘ardi usaineko apaizei buruz’ hitz egiten zuenean bezala”.

Erreformei dagokienez, Pradok, Kurian eginiko aldaketa sakonak egitean erakutsitako ausardia nabarmendu du: “Laikoek, eta emakumeek ere dikasterioen buru izatea ahalbidetu zuen. Atzera-bueltarik ez duten keinuak dira. Eliza, poliki-poliki mugitzen da, baina mugitu egiten da”, azpimarratu du.

 

Fernando Pradok Frantzisko Aita Santuari egindako elkarrizketa: “Ordu batzuk eman nituen berarekin erlijio-bizitzari eta Elizari buruz hitz egiten”

Fernando Pradok, Frantzisko, Aita Santua izan aurretik, Buenos Airesen kardinal zenean ezagutu zuen. “Klaretar argitaletxearekin argitaratzen zuen Argentinan, eta bere liburuak Espainian argitaratzeko aukera izan nuen. Hortik, harreman hurbila sortu zen. Adiskidetasunaz hitz egitea oso serioa da, baina bion arteko aitatasun espirituala egon zela esango nuke”.

Lehen aldiz elkar ezagutu zuten unea ahaztezina izan zen. “2013ko abenduaren 6an, goizeko zazpietan, Santa Martako mezara joan nintzen. Aldarera noiz aterako zain geunden, eta jendeak arnasa hartu zuen; aura berezia zuen”.

Pradok maitasun bereziz gogoratzen du argitaratzaile klaretiar gisa egin zion elkarrizketa: “Mezu bat bidali nion elkarrizketa bat eskatuz, eta berehala erantzun zidan: ‘nahi duzunean eta nahi duzun bezala”. Abuztuaren 9a zen, arratsaldeko lauak, eta bero ikaragarria egiten zuen Santa Martan. Ordu batzuk eman nituen berarekin erlijio-bizitzari eta Elizari buruz hitz egiten. Grabazioak gorde ditut, baina suntsitu egingo ditut. Azken aldiz entzun nahi ditut, eta gero ezabatu. Errespetuagatik. Ez du eraginik izatea etorkizuneko beatifikazio prozesu batean”, esan du barre artean.

Elkarrizketa horretan, Aita Santua hurbilekoa eta espontaneoa izan zen: “Ez zizkidan inoiz galderak kontrolatu, eta liburua idatzita bidali nionean, ez zuen ezer zuzendu. Bere hitz egiteko modua zuzena, eta oso buenosairestarra zen”, gaineratu du.

Frantziskoren aitasantutzaren irakaskuntzak gaixotasunean

Donostiako gotzainarentzat, Frantziskoren gaixotasunak, irakaspen handiak utzi ditu: “Bere lanari, amaiera arte emandako pertsona izan zen. Jakinduria txiki bat utzi digu; nahiz eta adinekoak, eta mugak izan, bizirik jarraitzen dugu azkeneraino. Bazterketaren kulturarekin kontrajarrita, adinekoek gizartean duten garrantziaren lekuko izan zen. Ikasgai bat eman zigun: azkeneraino aritu gaitezke borroka, eta baita gure aukeren barruan lan egiten ere”.

Pradok Frantzisko Aita Santuarekin izandako esperientzia pertsonal eta espirituala laburbiltzen duten hitz hauekin amaitzen du: “Berarengandik, jendea maitatzen ikasi nuen, edonor paregabea sentiarazten zuen hurbiltasuna, nahiz eta ohiko traturik ez izan. Begietara begiratzen zizun, bihotzera. Faltan botako dut”.