Gure elizbarrutiak historia nahiko berria du,
baina horrek ez du esan nahi aberatsa eta esanguratsua ez denik

Donostiako Elizbarrutiak, Pio XII.ak emandako Quo Commodius (1949/XI/2) bulda izan zuen abiapuntu; Nuntzio Apostolikoak 1950eko uztailaren 1ean gauzatu zuelarik bulda hori. Beronen bidez banandu ziren, nola Bizkaiko hala Gipuzkoako parrokiak Gasteizko Elizbarrutitik, eta hala sortu, alde batetik Bilboko Elizbarrutia eta bestetik Donostiakoa. Horrelaxe sortua da gure Elizbarrutia, bere baitan Gipuzkoa lurraldeko herri nahiz eskualde guztiak hartu zituelarik. Gaur egun Donostiako Elizbarrutia osatzen duten Gipuzkoako parrokiak Elizbarruti ezberdinetakoak izan dira historian zehar: Gasteiz, Iruña, Calahorra eta Baionakoak. Gure Elizbarrutia Iruñakoaren menpekoa da eta Loiolako San Ignazio eta Arantzazuko Andre Maria ditu zaindari.