Blog

Ebanjelizazio eta Hezkuntzari buruzko topaketaren kronika Donostiako Elizbarrutian

Ebanjelizazio eta Hezkuntzari buruzko topaketaren kronika Donostiako Elizbarrutian

Joan den ekainaren 13an, ostirala, Donostiako Seminarioko instalazioetan elizbarrutiko ebanjelizatze arloak antolatutako topaketa bat ospatu zen, Irakaskuntza, Haur eta Nerabeen eta Familien ordezkaritzekin lankidetzan. Jardunaldian 2 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzenduriko ikastetxe kristauen titularren ordezkariak bildu ziren, hezkuntza katolikoak gaur egun dituen erronka eta aukerei buruz hitz egiteko eta hausnartzeko, bereziki misio ebanjelizatzailearen esparruan.

Goiza otoitz batekin hasi zen, Jaunaren aurrean jarri gintuena, gure bihotzak irekitzera eta elkarrekin lan egiteko prestatzera gonbidatuz. Honen ondoren, Mikel Aranguren Zubialki jaunak, elizbarrutiko Bikario Nagusia denak, hitza hartu zuen eta gaur egun hezkuntza katolikoak daukan markoa aurkeztu zuen. Ohiko argitasunarekin, hezkuntza balio ebanjelikoetan oinarritutako gizartea eraikitzeko tresna eta aukera aparta izaten jarraitzen duela nabarmendu zuen. Azpimarratu zuenez, hezkuntza erakunde katolikoek heziketa integrala eskain dezakete familiei, pertsona bere osotasunean kontuan hartzen duena eta Espiritualtasuna, Jesukriston eta Ebanjelioan errotuta dagoena, benetako giza garapenerako giltzarria izanik.

On Mikelek azpimarratu zuen, baita ere, elizbarrutiak bizi duen berritze prozesuak, 2024ko “Eliza Hezkuntzan” Kongresuaren fruituekin batera, hezkuntza eragile katoliko guztien arteko sareko lankidetza handiagoaren norabidean doazela. Eliza Unibertsalak ibiltzera gonbidatzen gaituen Sinodalitatearen zehaztapena den lankidetza-bide baten aurrean gaude. Elizbarruti eta kristau ikastetxeen arteko lankidetza hau, euskal gotzainek indartzea eta hobetzea erabaki duten lehentasuna ere bada.

Hitz hauen ondoren, parte-hartzaileek taldeka hitz egiteko aukera izan zuten, egungo testuinguruak hezkuntza katolikorako dituen argiak eta erronkak partekatuz. Adostasun zabala egon zan aurkeztutako markoaren inguruan eta eliz ekimen honek izan duen harrera onaren inguruan, baita aurre egin behar diegun ahulezia eta erronkek konpartitutako kezka baten inguruan ere.

Jardunaldiaren bigarren zatian, Jon Arruti jaunak, Irakaskuntzako gotzain ordezkariak, ekintza zehatzak eta misio komun honetan aurrera eginez dagoeneko martxan dauden  jardunbide onak aurkeztu zituen. Azalpena elkarrizketa berri baterako abiapuntu izan zen, eta bertaratutakoek ikusten zituzten aukerak eta aipatutako norabidean urrats sendoak emateko aurre egin beharreko erronkak eta zailtasunak adierazi zituzten.

Amaitzeko, Fernando Prado Ayuso monsinoreak, elizbarrutiko gotzainak, hitz batzuk esan zizkien bertaratutako guztiei. Bere hitzaldian, gogorarazi zuen gure erakundeen arteko komunioa funtsezkoa dela ebanjelizatze lan honetan, gure identitate katolikoan, gure kristau elkarteetan eta Jesukristoren Berri Ona zabaltzeko misioan oinarritzen den ebanjelizazioa. Gotzainak gure misioan erabakiak hartzea erraztuko duen ikuspegi partekatua eraikitzera animatu zuen eta elizbarrutia eskaini zuen lankidetza prozesu hau koordinatu eta laguntzeko prest dagoen eragile bezala.

Topaketak, kristau ikastetxetako titularitateen eta elizbarrutiaren beraren konpromisoa sendotzen du hezkuntza den ebanjelizatze-lan eder honetan laguntzeko, elkarrekin belaunaldi berriak ebanjelizatzeko misioak dakarzkigun erronkei itxaropenez eta ausardiaz aurre egin diezaiokegulako ziurtasunean.