Blog

Errumaniako Eliza ortodoxoarekin akordio ekumenikoa berritu da Ubako eliza erabiltzeko

Errumaniako Eliza ortodoxoarekin akordio ekumenikoa berritu da Ubako eliza erabiltzeko

Uztailaren 10ean, izaera ekumeniko nabarmeneko jardunaldia ospatu zen Donostiako Gotzaindegiaren egoitzan. Timotey monsinorea, Espainia eta Portugalerako Errumaniako Eliza Ortodoxoaren gotzaina, Fernando Prado Ayuso Donostiako gotzainarekin bildu zen. Xedea, Donostiako Ametzagaña parkean dagoen Ubako eliza uzteko akordioa, bost urtez berritzea. Akordio honi esker, Ubako elizan, Gipuzkoako komunitate ortodoxoaren liturgia eta jarduera pastoralak ospatuko dira.

Sinadura eta anaitasun-hitzak

Seminarioaren eraikinean ospatu zen ekitaldian, Marian Manescu Donostiako apaiz ortodoxoa, Amalia Navarro elizbarrutiko ekumenismoko ordezkaria, eta Mikel Aranguren elizbarrutiko bikario nagusia parte hartu zuten. Sinaduraren ondoren, bi artzainek emandako pausoren garrantzia azpimarratu zuten:

“Gure anaia ortodoxoentzako gurtza-leku bat izatea bizi nahi dugun abegi ebanjelikoaren adierazgarri agerikoa da. Batasun ikur bat da, eta, aldi berean, batzen gaituen anaitasunaren zehaztapena”, adierazi zuen Prado monsinoreak.

Bestalde, Timotey monsinoreak bere esker ona adierazi zion “elizbarruti honen etengabeko eskuzabaltasunari; elkarrekin, gizarte plural baten erdian, batasun testigantza ematen dugu”, gaineratu zuen Errumaniako Eliza ortodoxoko gotzainak.

Kuriara eta elizbarrutiko zerbitzuetara bisita

Bazkaldu aurretik, Timotey monsinoreak, Seminarioko eraikinean dagoen elizbarrutiko kuria ezagutu zuen. Gotzainak berak gidatuta, hainbat sailetako arduradunak ezagutu ahal izan zituen, eta ordezkaritza eta zerbitzu ezberdinen

funtzionamendua bertatik bertara ezagutu zuen. “Txundituta daude taldeen antolamendua eta errealitate sozialarekiko hurbiltasunarekin”, adierazi zuen Timotey monsinoreak.

Adiskidetasun-bazkaria

Elkarretaratzea amaitzeko, lagunarteko bazkaria egin zuten bildutakoek Seminarioko jangelan. Pasadizoak eta proiektuak partekatuz, etorkizuneko lankidetzez mintzatu ziren; migratzaileentzako laguntzaren, kultura-trukearen, eta batera egiteko otoitz-jardunaldien arloan.

Akordioa sinatuta, Errumaniako Eliza ortodoxoak eta Donostiako elizbarrutiak elkarren arteko konfiantzazko bidea berresten dute, eliz lankidetzaren arteko erreferentzia bihurtuz. Bi elizek mezu argia kaleratu nahi dute: batasuna harrerako eta zerbitzu partekatuko keinu zehatzekin eraikitzen da.