Pertsona erdigunean jarritako arreta (Osasun Pastoraltza)
Joan den larunbatean, azaroak 16, formakuntza jardunaldia ospatu zen Donostiako seminarioan. Bertan, adineko pertsonen egoitza ezberdinetara joaten diren Donostiako Elizbarrutiko Osasun Pastoraltzako 70 boluntario baino gehiago bildu ziren. Matia Fundazioaren laguntzarekin eta “Pertsona erdigunean jarritako arreta” izenpean ospatu zen jardunaldia, interesgarri bezain bizi-bizia izan zen.
Jarduerari hasiera eman zitzaion otoitz baten ondoren, bi gai jorratu ziren prestakuntza-saioan zehar: “Bizitzari zentzua eman” eta “Boluntariotza”.
Lehen atalari dagokionez, “Bizitzari zentzua eman”, alde batetik, gure emozioak onartzearen eta behar dugunean laguntza eskatzearen garrantzia aipatu zen. Eta, bestetik, fisikoki eta mentalki lanean mantentzearen beharra, izan ere, gure ongizatean ere laguntzen ari baikara. Eta era honetan, bizitzari zentzua eman.
Victor Frankl (Viena, 1905-1997) aipatu zen, izan ere, psikiatra eta filosofo austriarrak, bizitzan helburu bat aurkitu eta garrantzi handiko esanahia ematearen garrantzia erakusten du bere lanean, baita egoera zailenetan ere. Ildo horretan, Franklek gogorarazten du, gure aukeratzeko askatasuna onartzean, eta motibatu eta gauzatuta sentiaraziko gaituen helburu bat bilatzean, gure izateari zentzu sakona ematen ari gatzaizkiola, baita erronkei ausardiaz eta itxaropenez aurre egiteko indarra aurkitzen ere.
Goizeko jardunaldiaren lehen atala amaitu ondoren, parte-hartzaileek hamaiketako bat dastatu zuten bigarren gaiari heldu aurretik: “Boluntariotza”, gure bizitzari zentzua emateko laguntza-irrika.
Boluntariotzako hainbat esperientzia azaldu ziren, eta Adela Cortina Etika eta Filosofiako katedradunak boluntariotzari buruz egindako ondorengo aipuari buruz hausnartu zen: “Justizia negozia-ezinki barne hartzen duten zoriontasun-proiektuak martxan jartzea, ekonomiari eta politikari legitimitatea lortzeko helburuak zein diren gogoraraztea, marjinazio-egoerak argitara ateratzea, boluntariotzaren zeregin nagusiak dira. Baina baita itxaropen, kontsolamendu eta samurtasun premiak asetzea ere, eskubide gisa inoiz eskatu ezin izango diren zentzuzko premiak, alegia.
Bigarren zati honetan kokatzen da, batez ere, Adinekoen Pastoraltza; itxaropenetik, kontsolamendutik eta abarretik zentzua emanez. Batez ere pandemiatik aurrera, Frantzisko Aita Santuak duen kezka eta zereginarekin amaitu zen boluntariotzari buruzko gogoeta: adineko pertsonen egoera.
2020an, Erroman, kongresu bat ospatu zen, “Urteen aberastasuna” izenburupean, eta ekimen horretatik abiatuta, urtero, jardunaldi bat antolatzen da, “Aiton-amonen eguna” izenekoa. Egitasmo honen bidez, katekesiak… lantzen dira, adineko pertsonak azpimarratuz, eta erdigunean jarriz.
Ildo beretik, Gotzainen Batzarrei, Adinekoen Pertsonan Pastoral bat eratzearen egokitasuna proposatzen da; izan ere, Frantzisko Aita Santuak adierazten duen bezala, “aitona-amonei eta zaharrei ematen zaien arreta ezin da aparteko zerbait izan, euren nondik norakoa ez baita ezohikoa, gure gizarteetako egitate bat baizik”.
Giro ederrean ospatu zen prestakuntza-jardunaldia, meditazio txiki batekin amaitu zen: jardunaldian zehar landutako guztia Jaunari eskaini zitzaion.