Blog

Arantzazuko Maria Birjina Dohatsua

Arantzazuko Maria Birjina Dohatsua

Gaur, irailak 9, Arantzazuko Amaren eguna (Gipuzkoako zaindaria), ohiko den bezala, meza ospatu da santutegian eguerdiko 12:00etan Fernando Prado Ayusok, Donostiako gotzaina, buru zela.

Kristau-elkarte ugariaz gain, herri ordezkaritza zabala bildu da Arantzazun. Bertan izan dira, besteak beste,  Imanol Pradales, lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako kontseilari eta bozeramailea Maria Ubarretxena, Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako Aldun Nagusia, Eider Mendoza, Batzar Nagusietako lehendakaria, Xabier Eceizabarrena, eta Oñatiko udalbatzaren ordezkaritza zabala ere.

“Apaiz lagunok, eliztar eta fededun maite guztiok”, esanez agurtu ditu Gotzain jaunak, bere homiliaren hasieran, santutegian bildutakoak.

“Arantzazuko Mariaren gaurko jaiaren inguruan, Gipuzkoar asko biltzen gara Mariaren omenez”, ekarri du gogora gotzainak. Eta zera gaineratu du gure Gipuzkoako Amaren eguna ospatzen dugun honetan: “Ohitura polita da, baina ez hori bakarrik. Kristauontzat, meza honetara etorriaz ez dugu batez ere antzinako ohitura bat betetzen, baizik eta gure sinesmena aitortzen eta ospatzen dugu”.

Arantzazuko Amaren eguna gipuzkoarrentzat oso jai berezia dela gogorarazi du gotzainak; bai erlijioaren ikuspegitik eta baita gure elizbarrutiko tradizioaren parte garrantzitsua eta oso maitea delako.

“Fededunok badakigu arantzetan ere, zailtasunen erdian, Jainkoa aurki dezakegula; Mariaren presentzia, gure alboan dagoena eta eusten gaituena. Zein desberdin bizi diren zailtasunak laguntza dugunean! Bai ezberdinak direla atsekabeak gure amaren altzoan!”

Fernando gotzainak, eguna joan eta eguna etorri pairatzen ditugun ‘arantzaldiak’ ekarri ditu gogora: “Baditugu guk ere saminak eta nahigabeak. Bihotza goibeldu eta geroa iluntzen dizkiguten ezbeharrak. Irtenbiderik ez dagoela pentsarazten digutenak. Itxaropena moteltzen diguten akatsak, eragozpenak eta trabak. Baina sinestunak gara, eta Jaunaren promesean sinisten dugu: ‘Ni zuekin egongo naiz, beti. Zuekin nago eta egongo naiz beti, mundu hau bukatu arte’. Hori da gure fedea: Jauna beti-beti gurekin egongo dela”.

Arantzazura hurbiltzen den fededun orok, bertan sentitzen duena ekarri du gogora on Fernandok. Arantzazun dugun fedea ospatzean, bakoitzaren fedea indartzen dugu. Jainkoarekiko hurbiltasuna are errazago bizitzen den lekua da Arantzazu, Jainkoaren handitasunaz eta botereaz hitz egiten digun naturaren erdian. Espazio horretan Amaren etxean bezala gaude. Ondo sentitzen gara. Gure fedea berritzeko, ez diezaiogu hona etortzeari utzi. Badakigu Arantzazu leku aproposa dela horretarako. Hemen gipuzkoarrok, Berarekin bat egiteko grazia topatzen dugu; are eta, egi, intentsitate eta sakontasun handiagoz”.

Bere homiliaren amaiera aldera, bi gauza eskatu dizkio gotzainak Ama Birjinari: “Lehenengoa, herriaren sinesmena zaindu, sendotu eta aberastu dezala”. Hau da, “hain sakon sartuta egon den fedea ez dadila gure herrian moteldu, ezta epeldu ere”.

Eta bigarrena, sendien alde egin dezala. “Jainkoaren bedeinkapena eta amaren babesa eskatzen diogu gure familiakoentzat eta gure gertukoentzat. Baina ez ahaztu: “Arantzazuko Ama Birjinaren Jaiak denentzat izan behar du”, esan du. Batez ere, Mariak, “pozez bete ditzala arazo eta tristurengatik atsekabetuta daudenak, beti beherantz begira bizi direnentzat”.

Gotzainak, sermoiaren amaieran, batetik, Frantziskotar Anaidia gogoan izan du. “Hona etortzean, denok etxekoak sentitzen gara. Benetan Amaren etxean sentitzen gara zuei esker”.

Eta baita, Arantzazura hurbildutakoak ere: “Fedea partekatzeak, bakoitzarena indartzen du. Fedearen eta itxaropenaren lekukoa zarete gure elizbarrutiarentzat, gure Gipuzkoa maitearentzat, eta zuen alde otoitz egiten duen gotzain honentzat”.