Blog

Hirugarren jardunaldia: EKIN- Boluntariotza plana

Hirugarren jardunaldia: EKIN- Boluntariotza plana

Albiste hau Caritas Gipuzkoako webgunean argitaratu zen. Albistea eta Caritasi buruzko informazio gehiago hemen  

Aurtengo Ibilianek Boluntariotza Planaren hirugarren fasea lantzeko balio izan du. Caritas Gipuzkoako laurogeita hamar bat boluntario bildu ginen urriaren 5ean Seminarioan, etorkizuneko ekintzak zehazteko eskatzen zigun fase exijente honi erantzuteko asmoz.

Jardunaldi honetan, Jose Luis Graus Caritas Españolako Boluntariotza arduradunaren eta, berriro ere, Sebastián Mora erakunde bereko idazkari nagusi ohiaren laguntza izan genuen.

Grausek Elizbarruti desberdinen Caritasen ikuspegi orokorra eman zigun, izan ere, horietako asko, Gipuzkoakoa bezala, boluntarioen etorkizuna eta garai berrietara nola egokitu pentsatzen ari dira. Ditugun erronka asko komunak direla konturatzea bereziki deigarria izan zen: boluntarioen prestakuntza eta akonpainamendua nola hobetu, aniztasuna nola integratu eta lan malguagoak eskaintzeko gai izatea, edo erakundean parte hartzea eta komunitate sentimendua sustatzeko modua bilatzea.

Jose Luis Grausek hiru gako aipatu zituen aldaketak bultzatu nahi baditugu: “ideiak berritzea (pentsatzeko modua berritu), jarrerak (gu geu aldatu) eta ekintzak (egiteko modu berriak bilatu)”. Horretarako, hainbat tresna aipatu zituen, hala nola, topagune berriak sortzea, “artekoa” zaintzea (kulturartekoa, erlijioen artekoa…), prestakuntza espezifikoak ezartzea, boluntarioei laguntzeko gida bat diseinatzea edo “maleta digital” bat sortzea, teknologia berriak boluntario guztien esku jartzeko.

Bertaratutakoen artean arreta gehien erakarri zuen beste gogoeta bat identitatearen eta identifikazioaren arteko bereizketa izan zen. Grausek azaldu zuenez, “Caritasen boluntariotza egiteko kristau izatearen eskakizunetik, Ebanjeliotik datozen eta partekatzen ditugun balioetan zentratzera pasatzea” esan nahi du.

Saioaren bigarren zatian, Sebas Mora Caritas Españolako idazkari nagusi ohiak hartu zuen hitza “karitatearen dinamismoaren gakoa bide ertzean dauden pertsonak” direla gogoraraziz. Boluntariotza “etengabeko eraldaketan” dagoela azpimarratu zuen eta “garaien zantzuak hartu eta eskaintzen dizkiguten aukerak baliatzera” animatu gintuen.

Horren harira, Morak topaguneak bilatzea proposatu zuen gero eta anonimoagoa den gizarte honetan, pertsonen dimentsio guztietan arreta jartzea (boluntarioa izateaz gain, ama/aita da, kirolaria, zaletasunak ditu, kezkak…) eta karitatearen ariketa ikusaraztea, horrela, erakartze prozesuak bultzatzeko. Izan ere, gogorarazi zuenez, “ahoz ahokoak baino ez du ezer hoberik funtzionatzen boluntarioak ugaritzeko, ez kanpaina handirik, ez bestelako ekimenik”.

Atsedenaldiaren ostean, taldekako lanari ekin genion. Oraingo honetan, ekintza zehatzak proposatzea izan zen gure eginkizuna, boluntarioei eskaintzen zaien akonpainamendua hobetzeko, haien lanaren ikusgarriagoa egiteko eta topaketa guneak areagotzeko helburuekin. Besteak beste, proposamen hauek egin ziren: erreferente bat falta denean, erakundeak ematen duen erantzuna arintzea; unean uneko borondatezko lanen eskaintza bat sortzea; boluntarioak bilera teknikoetan sartzea edo, adibidez, proiektuak dauden auzoetan bertan boluntarioak bilatzea ahoz ahokoa sustatzeko asmoz. Proposamen guztiak Boluntariotza Planaren hirugarren faseko ekarpenen laburpenean jasoko dira.

Ibilian bazkaria partekatzen amaitu genuen, elkar topatuz eta gure bizitzen berri elkar emanez.

 

*Galdu bazenu, hemen ikus ditzakezu Ibilianeko hitzaldiak: