Artzain Ona katedralean ehunka lagunek agur esan zioten Frantzisko Aita Santuari Pazko Asteleheneko mezan
Jatorrizko albistea: Claudia Turiel (Diario Vasco) / Argazkiak: Diario Vasco
Irakurri albiste osoa jatorrizko bertsioan hemen
Frantzisko Aita Santuaren heriotzak, Gipuzkoako ehunka fededun hunkitu ditu, eta ez ziren gutxi izan, Pazko Astelehenean, Donostiako Artzain Ona katedralera hurbildu zirenak Aita Santu argentinarrari agur esan, eta omentzeko. Katedralean Aita Santuaren erretratu handi bat dago ikusgai, eta asko izan dira haren alde otoitz egitera, bere omenez kandela bat piztera, eta Frantzisko Aita Santuaren erretratuaren aurrean aitaren egitera hurbildu direnak.
Aita Santuari agur esateko meza
Pazko Asteleheneko ohiko mezak Aita Santua agurtzeko balio izan du. Fernando Prado Donostiako gotzainak gidatu du elizkizuna, Artzain Ona katedralean arratsaldeko 19:00etan hasita: «Frantzisko Aita Santuaren betiko atsedenaren alde».
Eliza bete baten aurrean, gotzainak zera esan du Frantzisko Aita Santuaz: «Aparteko Aita Santua, gizateriaren lider handia, gizateriari eta Elizari on handia egin diona. Esan genezake, Elizan ere erreforma bat sustatu nahi izan duen Aita Santua izan dela». Gaineratu du, Frantzisko Aita Santuak «gizateria zaindu, eta jendearen, fededunen, eta ez sinestunen maitasuna ere jaso du».
Presbiterioaren aurrean, Frantzisko Aita Santuaren irudi bat jarri da, baita otoitzerako oroimen lekua ere. Elizkizun liturgikoak Aita Santuaren lana ekarri du gogora bategite eta erruki ekitaldian zehar. Bertan, hainbat apaiz, erlijioso, eta fededunek parte hartu dute; Fernando gotzainak, banan-banan agurtu ditu tenpluaren irteeran.
Egun osoan zehar katedralera otoitz egitera, kandela bat piztera edo, besterik gabe, bere begirunea erakustera hurbildu diren partaideek, Frantzisko Aita Santua honela definitu dute: “pertsona ona”, “apala”, “xumea”, “gehien sufritzen dutenak gogoan zituena” eta “ebanjelioa, ausardiaz eta benetakotasunez bizi zuela”.