DANA: lehen jarraipen txostena
Ostiral honetan, azaroak 8, Caritas Gipuzkoak DANAren kaltetuei laguntzeko larrialdi-kanpainaren bidez bildutako lehen 275.000 euroak bidaliko ditu.
Zure, eta zu bezalako mila pertsona solidarioen, eskuzabaltasunari esker, kopuru hori lortu dugu; gipuzkoarren sentsibilitatea eta elkartasuna erakusten duena. Emandako dohaintza bakoitzarekin, alez ale, ia dena galdu dutenen eguneroko bizitza berreraikitzen laguntzen dugu. Caritas Gipuzkoatik, eskerrik asko bihotzez.
Dohaintza hauek Caritaseko parrokia-sarearen lana indartzeko balioko dute, DANAren ondorioz kaltetutako herri eta auzoetan presente dagoena, eta larrialdi honen aurrean ahaleginak bikoiztu behar izan dituena. Hurbiltasun eta maitasunez egiten duten lanak inspiratzen gaitu. Hemendik, gure elkartasuna eta babesa bidaltzen dizkiegu.
LAGUNTZEN ZERTARAKO
Caritas Gipuzkoak lortutako 275.000 euroko lehen bidalketa egiten du, kaltetutako herrietako Caritasek bere biztanleen beharrei erantzuteko erabil ditzaten.
Lehen erantzuna larrialdiaren aurrean
Aldaia, Benetússer, Alfafar eta Sedaví bezalako leku irisgarrienetan, Cáritas Valentziak elikadura eta higiene oinarrizko beharrei erantzuten ari die; eta baita garbiketa-lanetan laguntzeko materiala eskaintzen ere. Gainera, katastrofea gertatu aurretik artatu eta lagundutako pertsona zaurgarrientzako harrera guneak antolatzen ari dira.
Laguntza hauek parrokietako Caritasak ere inguru hurbilenean ematen ari dira.
Honez gain, Caritas Valentzia erreferentziazko erakunde gisa ari da jarduten mugikortasun murriztua duten adineko pertsonei laguntzeko, arreta integrala eskainiz.
Dohaintza ekonomikoak Letur (Albacete), eta Cuenca, Cádizeko eta beste zenbait udalerritako Caritasera ere iristen ari dira, denboralearen eta uholdeen ondorioak jasan dituzten heinean.
Etorkizuna berreraikitzen
Era berean, Caritaseko sarearekin lankidetzan eta koordinatuta ari gara. Honek larrialdi batzordea sortu du, behar nagusien azterketa egiteko eta erantzun programa eta kaltetutako eremuak berreraikitzeko etorkizuneko proiektuak gauzatzeko.
ZERGATIK DIRU-DOHAINTZAK?
Agian zeure buruari galdetu diozu, edo galdetu dizute, zergatik Caritasek diru-dohaintzak bakarrik jasotzen dituen. Hemen dituzu proposamen honen atzean dauden arrazoiak:
1. Familia bakoitzak une bakoitzean dituen behar zehatzak asetzeko produktuak erostea ahalbidetzen du.
2. Garraio-gastuak eta ingurumen-inpaktua murrizten ditu.
3. Logistika, biltegiratze edo kontserbazio arazoak saihesten ditu eta alferrik galtzea murrizten du.
4. Tokiko merkatuetan erostea errazten du.
5. Bertako ekonomia suspertzen laguntzen du.
6. Epe luzerako laguntza sustatzen du, berreraikitzea eta gizarte eta komunitate bultzada errazten dituena.
7. Larrialdi egoeraren aurrean, diruaren erabilpenaren eta gizarte eraginaren gardentasuna mantentzea ahalbidetzen digu.
Arrazoi hauengatik, Caritas Gipuzkoak diru-dohaintzen alde egiten du, beharrean dauden pertsonei erantzun egoki eta eraginkorra emateko modu gisa.
Caritasek komunitate-zentzutik jaiotako elkartasunean sinesten du, elkarrekiko laguntzan eta sare-lanean oinarrituta. Honek gainontzeko erakundeekin zein Administrazioarekin lankidetza dakar berekin; bizi dugun larrialdi egoera bati erantzuteko modurik onena dela uste baitugu.
Zure eskuzabaltasuna berriro eskertzen dizugu. Honekin batera, kaltetutako zonaldeetan egindako lanen eta zure laguntzarekin lortzen ari den eraginaren inguruko informazioa ematen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, hurrengo jarraipen-txostenen bidez.
*argazkia: @Caritas_Valencia