“Gure kristau elkarteak eraberrituz” elizbarrutiko II. topaketa
Joan den larunbatean, martxoak 1, Donostiako Aldapeta Maria ikastetxeko ateak ireki ziren Donostiako Elizbarrutiko Pastoral eta Misiolari Eraberritzeari buruzko elizbarrutiko bigarren topaketa aterpetzeko. 240 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten hitzorduan –batez ere, gogoeta-prozesuan murgilduta zeuden eremu eta pastoral unitateetako hasierako taldeetako partaideak, parrokietako Pastoral Kontseiluetako kideak–, hau da, beste urrats bat gehiago “Gure kristau elkarteak eraberrituz” bide partekatuan.
Irekiera
09:30ean, areto nagusirako sarrera zabaldu zen, eta Gerardo Rifon maisuak, giroa, organo-musikaz jantzi zuen. Lehen harrera une hori, jardunaldi osoan zehar iraun zuen giro anaiartekoaren erakusle izan zen.
Unai Manterola, Liturgiako ordezkariak, prestatu eta zuzendutako otoitzarekin hasi zen ekitaldia. Bibliako “Jainkoa gure bihotza baino handiagoa da (1 Jn 3, 20 )” bertsetarekin otoitz egin zen, eta Kristorenganako fedea eta Aitarenganako konfiantza gogorarazten zituen erregu bat aldarrikatu zen:
“Zeruan zauden Aita, zure Seme Jesukristorengan eman diguzun fedea…”.
Ondoren, bertaratutako guztiek, jasotze eta batasun giroan, otoitz-kantatuak, “Agur eliza” eta “Gure Aita” abestu zituzten.
Otoitzaren ondoren, bideo bat pantailaratu zen, berrikuntza prozesuari buruzko hiru galdera nagusiri erantzunez, alegia, zonaldeetako taldeetako kide batzuen testigantzak jasotzen zituena. Bertan, bizipenak eta gure kristau komunitateak Kristorekin elkartzeko eta munduari zerbitzua emateko guneak izaten jarraitzeko nahiak partekatu zituzten.
Donostiako gotzain Fernando Prado monsinorearen hausnarketa
Ondoren, gure gotzain, Fernando Prado monsinorearen hausnarketaren txanda iritsi zen. Gotzainak, ongietorriaz gain, eskerrak eman zien Barbastro-Monzoneko Elizbarrutiko ordezkariei. Ondorengo hitz hauek esanez, bildutakoei, otoitz bat ere eskatu zion Frantzisko Aita Santuaren osasunaren, eta bere sendatze azkarraren alde:
“Jainko eta gure Aita, […] Sendotu gaixotasunean eta eman iezaiozu bere osasuna laster berreskuratzeko grazia. […] Confórtalo en la enfermedad y concédele que recupere pronto su salud. Te lo pedimos a ti, que vives y reinas en la unidad del Espíritu, por los siglos de los siglos. Amén”.
Bere hitzaldian zehar, gotzainak, Elizaren eta Donostiako Elizbarrutiaren beraren egungo egoera azaldu zuen zehatz-mehatz, oraingo erronken aurrean, jarrera fededun eta espiritualaren garrantzia azpimarratuz. Besteak beste, honako asmo hauek azpimarratu zituen:
“Aldaketak, beti, egokitzeko ahaleginak eta errezeloak dakartza berarekin. […] Krisi hitza grezieratik dator, ‘Krineo’, eta ‘Galbahetu’ da bere esanahi. […] Gure kasuan, elizak bizi duen krisiak, erronka botatzen digu, eta su garbitzailearen mende jartzen gaitu”.
Itxaropen mezu bat ere erantsi zuen:
“Ziur egon gaitezke eraldaketa bat dela; zerbait desagertzen ari da, eta beste zerbait berria sortzen. […] Ez dezagun inoiz eskuoihalik harrika bota, eta ez gaitezen beti kexuka bizi. […] Gure ordua iristen denean, aurpegia eman dezagula, bateginik”.
Prado monsinoreak, bertaratutako guztiei, “jarrera teologiko-espiritual” bat izatera gonbidatu zituen, egungo krisiari errealismoz eta konfiantzaz erantzuteko. Gakoa “Jainkoaren lagun indartsuak izatea” dela azpimarratuz, Santa Teresa Jesusenaren esaldi bat gogoratu zuen:
“Garai gogorretan, Jainkoaren lagun indartsuak”.
Amaitzeko, elizbarrutiko elkarte izanik, erantzunkidetasunaren bizipena —sinodalitatea— eta bakoitzaren misiolari bultzada sendotzeko eskatu zuen:
“Ez diezaiogun elkarrekin amets egiteari utzi. […] Eliza ez da enpresa bat, fede-elkarte bat baizik, eta haren buruzagia Jainkoa da”.
Barbastro-Monzoneko Elizbarrutiaren esperientziaren aurkezpena
Nahiz eta Barbastro-Monzoneko gotzaina, Angel Perez Pueyo monsinoreak ezin izan zuen Donostiara azaldu, bideo bat bidali zuen: bertan, bertaratutakoak agurtzeko eta bere elizbarrutian hasitako eraberritze prozesuari buruzko nondik norakoa azaldu zuen:
“Galdera begi-bistakoa zen: zer egin behar dugu inor galdu ez dadin? […] Errazena, gizaki guztiak herri handien inguruan biltzea zen, eta hala ere, kontrakoa egin genuen inor galdu ez zedin. Nola iritsi txoko guztietara, 254 herrietara? Ba, pertsonen eskutik”.
Bere mezuan, Barbastro-Monzoneko gotzainak, proiektuaren neurri misiolaria eta batasunean ibiltzeko beharra azpimarratu zuen:
“Kide izatearen sentimendua funtsezkoa izan zen guretzat […]. Gainerako guztia gaur zuekin daudenek kontatuko dizuete, haiek izan baitira elizbarruti honetan miraria benetan gauzatu dutenak”.
Ondoren, Barbastro-Monzonetik etorritako lau ordezkarien aurrez aurreko azalpenaren txanda iritsi zen —Paco Cabrero (bikario nagusia), Marta Calavera (ekonomoa), Beatriz Mairal (idazkari nagusia – kantzilerra) eta Ascen Lardiés (komunikazio ordezkaria)—, euren elizbarrutiaren testuingurua eta ekintzazko ildoak azalduz, azken urteotan eman dituzten pausu zehatzak jakinarazi zituzten.
Berrikuntzaren mezua eta gakoak Barbastro-Monzonen
Helburu nagusia, “inor bidean ez galtzea, Eukaristiaren ogia, Hitzaren ogia eta Jaungoikoaren samurtasuna guztiengana iristea izan da”, azpimarratu zuten hizlariek. Era berean, Frantzisko Aita Santuaren proposamenei jarraituz, 2015ean hasi zuten ibilbidea gogora ekarri zuten, ondoren, 2021eko Dekretu batean, eta 2024ko beste batean zehaztu zena. Biak berrikuntzara, jaunartzera eta erantzun-kidetasunera bideratuak.
Aldaketa nagusiak honako hauek izan dira:
- Indar handiagoa ebanjelizazioan
- Rol eta erantzukizun berriak
- Liturgiaren biziberritzea
- Konpromiso handiagoa zaurgarrienekin
Hainbat ordezkaritza eta arlo jakinek bultzatuta, pastoral arloa, elizbarrutia, lau artzapezpiku eta zortzi pastoral barrutitan nola antolatu den azaldu zuten. Talde bakoitzean Pastoral Kontseilu bat izatearen garrantzia azpimarratu zuten, eta elkarte bakoitzaren bizitasuna bermatzeko, ospakizun batu eta koordinatuak sustatzearen garrantzia; batez ere, lurralde zabal eta oso sakabanatuan.
Ekonomia eta kudeaketa arloan, Barbastro-Monzoneko Elizbarrutiak bere Kuria administratiboa profesionalizatu egin du, eta bere burua finantzatzeaz eta baliabideak hobetzeaz arduratzen den, Elizbarrutiko Sostengurako Batzordea bultzatu du:
“Ekintza-ildoetako bat, ondasun higiezinen inbentarioan oinarrituta, errentagarriak izan daitezkeenak pastoral barrutika mugatzea da. […] Parrokia bakoitzeko ondasunak aztertzea, horien zaintza eta kudeaketa bermatzeko”.
Hori guztia, azaldu zutenez, Aragoiko gotzainek 2016ko otsailaren 10eko Pastoral Idazkian ezarri zituzten irizpideak kontuan hartuz burutu zen: “Aragoiko gure herriaren zerbitzura dagoen Eliza”, jaunartzearen, erantzun-kidetasunaren eta hurbiltasunaren bidetik ibili beharra azpimarratzen du.
Musika eta atsedenaldia
Hitzaldien lehen zati horren ondoren, musikari bere txanda iritsi zitzaion, eta bertaratutakoek, Lucia Gomez de Aizpurua mezzo sopranoaren ahotsarekin gozatu ahal izan zuten.
Bildutakoek, ondoren hartu zuten kafeak, elkarrizketa erraztu zuen; Fernando Prado gotzainak esandakoa, eta Barbastro-Monzoneko ordezkariek kontatutako esperientziari buruzko iritziak elkar-trukatu baitzituzten.
Saioari berriro ekin zitzaionean, Barbastro-Monzoneko hizlariek berregituratzeko prozesuaren alderdi praktikoenetan sakontzen jarraitu zuten, laikoek animatzaile gisa duten garrantzia, eta “parrokien parrokia” gisa, pastoral barrutiak deiturikoen sendotzea.
Jubileuaren ibilaldiaren bideoa eta agurra
Agurraren aurretik, “Ibilaldia Jubileu-Elizetatik barrena” ekimena aurkeztu zen bideo baten eskutik; erromesaldi eta berrikuntza pertsonal eta komunitarioari begira jarraitzeko gonbita egiten du.
Gotzainaren esker oneko hitzekin amaitu zan jardunaldia. “Elkarrekin amets egiten jarraitzeko” deia egin zuen, topaketa guztia gidatu zuen izaerarekin bat eginez.
- Argazkiak: Flickr
- Reflexión de Mons. Fernando Prado