Bergarako organoaren inaugurazioa
Iragan Ama Birjin Dohatsu Sortzez Garbiaren egunean (abenduak 8, igandea) Bergaran ospatutako mezan, Mikel Arangurenek, Donostiako Elizbarrutiko bikarioa nagusia, zera jakinarazi zien bildutakoei sermoian:
“Abendualdia ospatzen ari geran denbora honetan, Bergarako kristau elkarteak kolore bereziz jantzi nahi izan du aurtengo ospakizuna. Denbora luze baten ondoren, Bergarako, eta Donostiako Elizbarrutiko ondare eder eta esanguratsuenetako baten zaharberritzearen bedeinkapena; San Pedro parrokiako organoa”.
Zaharberritutako elizako organoak historia interesgarria du bere baitan. Jakin dezagun, labur-labur, zerbait gehiago berari buruz. Eugène eta Edouard Stoltzen organoa, 1889ko martxoaren 18an, Bergarako San Pedro elizan inauguratu zen. Gaur egun, mundu osoan bere jatorrizko egoeratik hurbilen dagoen Stoltz etxeko organo handi bakarra da. XIX. mendeko instrumentu erromantiko garrantzitsua, aldaketarik izan ez, eta soinu-ezaugarriak oso originalak dituena.
“Bitxikeria gisa -dio Mikel Arangurenek- organoak berezitasun bat du; instrumentu mota hauen baitan, ohi baino tonu erdi baxuago afinatuta dago”. 56 notako eskuzko hiru teklatu, eta 30 notako teklatu bat ditu, guztira 36 jokorekin”.
Bikario nagusiak ondo esaten dion bezala, “elizbarrutiko ondare historiko-artistikoa, eta gure Gipuzkoako lurralde historiko maitea aberasten duen benetako harribitxia da”.
Organoa liturgiaren tresna nagusia da mendebalde kristauan. Vatikanoko II. Kontzilioak honako hau jakinarazi zuen: “izan dezala estimu handian, Eliza latinoan, hodi-organoak musika-tresna tradizional bezala; bere soinuak distira handia eskain diezaieke eliz zeremoniei, eta arimak Jainkoagana eta zeruko errealitateetarantz indartsu altxatu ditzake”.
Mikel Arangurenek azpimarratu du, organoak eta musika liturgikoak gure bizitzak Jainkoarengana hurbiltzea dutela helburu. “Bere musikaren edertasunak denbora eta mugatutako esperientzia oro gainditzera garamatza. Jainkoarekin topo egitea errazten duen atea. Horregatik, kristauentzat ondare, musika, edertasun oro, Jainkoari loria ematera bideratuta dago, gizateriaren zerbitzura ere jarriz, eguneroko esperientzietatik haratago doan esperientziaren handitasuna sentitu dezan”.
Bikario nagusiaren iritziz, esperientzia transzendental honetan sartzeko, “beharrezkoa da benetako entzute jarrera lantzea; gaur egun topatzea zaila den jarrera. Entzuten dudanak nire bizitza osoa busti dezala, nire segurtasun faltsuak zalantzan jar ditzala, eta nire irrikarik sakonenak elika ditzala”. Alde horretatik, Mikel Arangurenek dio norbaitek Jainkoaren doinua entzuteko jarrera irekia izan bazuen, hori, “Maria izan zela, Jainkoaren ama”.
Andre Maria Sortzez Garbiaren Eguneko Ebanjelioan, Aingeruaren berria hartzeko orduan Mariak izan zuen jarrera ireki eta erabilgarria gogoratu zitzaigun: “Alaitu zaitez Maria graziaz betea, Jauna zurekin!”. Mariak funtsezko hiru jarrera izan zituen, Jainkoarengandik zetorren doinu hura benetan entzuteko aukera eman ziotenak: soiltasuna, konfiantza eta eskuragarritasuna.
1- Xalotasuna. Maria, txiki eta umil sentitzen zen. Bihotz xumea zuen, bizitza apala, Jainkoaren Hitza eta promesa hartzen uzten ziona.
2- Jainkoarenganako konfiantza. Nahiz eta bizitzako atsekabeak eta sufrimenduak, ez zion inoiz Jaunagan sinesteari utzi. Azkeneraino sinetsi zuen berarengan, kalbarioraino.
3- Eskuragarritasuna. “Egizu nigan zure hitza”. Beldurrak, zalantzak, aurreiritziak… ez ziren inoiz oztopo izan, Jainkoak eskatu zionari erantzun eskuzabala emateko.
Entzuteko eta bereizteko gaitasuna, melodia interesgarria eta atsegina da. Beethovenek behin esan zuen bezala, ·Arkitektura harrien musika da, eta musika berriz, soinuen arkitektura”.