Donostiako eta Iruñako apaizgaiak Frantzisko Aita Santuarekin bildu dira
Fedez, ikasketaz eta elkarbizitzaz beteriko bizipen batean oinarrituta, Donostiako Seminarioko apaizgaiek, Iruñeko seminariokoekin batera (Conciliar eta Redemptoris Mater), Erromara egindako bisitan parte hartu zuten, Florencio Roselló Avellanas Iruñeko artzapezpikuak proposatuta; bisitaldian, Fernando Prado Ayuso Donostiako gotzaina ere bertan izan zen. Ekitaldia azaroaren 14tik (osteguna) 18ra (astelehena) ospatu zen, eta goren maila, Frantzisko Aita Santuarekin bizi izandako topaketa izan zen.
Bisitaren une nagusia larunbat goizean (azaroak 16) Vatikanoan izan zen. Aita Santuak, apaizgaiekin, Udaletxeko Aretoa deritzanean, mezu sakon eta hurbila partekatu zuen. Iruñeko artzapezpikuaren ibilbide pastoralean oinarrituta, espetxeratuen arretan zentratuta, Aita Santuak gogoeta egin zuen apaiz bokazioari buruz, askapen-zerbitzu gisa: ez bakarrik espetxean barruan daudenena, baita gatibu espiritual eta emozional mota ugariena ere.
Berezkotasun eta irekitasun giroan ospatu zan topaketan, Aita Santuari galderak egiteko aukera izan zuten seminaristek. Jorratutako gaien artean, gazteen suizidioa, Elizaren eta Islamaren arteko harremana tokiko testuinguruetan, Nafarroa kasu, Elizaren barruan gertatu diren abusuen errealitatea, eta gazte pastoraltzaren erronkak aztertu ziren. Aita Santuak, Pedroren oinordeko gisa duen misioari buruzko xehetasun pertsonalak ere partekatu zituen, eta pertsona guztiei harrera egitearen garrantzia azpimarratu zuen adibide zehatz eta hunkigarriekin.
Topaketa gertutasun une batekin amaitu zen, non apaizgaiek Frantzisko Aita Santua, aurrez aurre agurtzeko aukera izan zuten. Horrez gain, opari gisa, mundu garaikidean santutasunerako deiari buruzko Gaudete et Exsultate dokumentua, eta Aita Santuak bedeinkatutako arrosarioa jaso zituzten.
Bizitako esperientziak, bokazioan sakontzeko aukera emateaz gain, Eliza unibertsalaren arnasa eta Aita Santuaren hurbiltasuna sentitzeko aukera eman zien apaizgaiei. Juan Pablo Aroztegi Donostiako Seminarioko errektorearen hitzetan, bidaia “oso polita, oso kuttuna izan zen; denok pozik itzuli ginen, denbora luzez hausnartzeko material espiritualarekin”.
Donostiako Elizbarrutiak eskerrak eman nahi dizkio Iruñeko artzapezpikuari ekimen hau bultzatu izanagatik, eta Aita Santuari bere gertutasun eta ereduagatik. Topaketa honek indartu egiten du etorkizuneko apaizek pertsonen zerbitzura duten misioarekin duten konpromisoa.