Krisma Meza
Gaur goizean, gure gotzain Fernando buru dela, Donostiako Elizbarrutiak Krisma Meza ospatu du Artzain Onaren katedralean; Krisma, zenbait sakramentutan erabiltzen den olio eta baltsamo nahasketa da.
Ospakizunean zehar, gotzainari erakusteko asmoz, laikoek eta apaizgaiek, anforak eraman dituzte aldarera; Fernandok bedeinkatu egin ditu Olio Santuzko anforak, eta Krisma Santua kontsakratu du.
Krisma Mezan olio ezberdinak erakutsi dira. Gaixoen olioa, gaixotasunen bat dutenei, lasaitasuna eta kontsolamendua emango diena. Kristaugaien olioa; Bataioaren sakramentua jasoko dutenek jasoko dute babes zeinu bezala. Eta Krisma Santurako olioa, Sendotzerako, Apaizen Antolamendurako, eta Eliza eta Aldareetarako erabiliko dena.
Fernando, gure gotzainak, bere aldetik, gaurko ospakizunaren nondik norakoa gogoratu du bere homilian: “Eukaristia berezi honetan, presbiterioak bere gotzainarekin duen bat-egitea, era berezi batean adierazia, eta gotzainaren lotura bere presbiterioarekin, ospatzen dugu. Jai honetan, batzen gaituzten lotura sakramentalak ospatzen ditugu”.
Bestalde, Fernandok, Donostiako Elizbarrutian daraman artzain-ibilbide laburraren azterketa txiki bat egin du. “Egun berezia da, eta gotzain naizen aldetik, eskerrak eman behar dizkiot Jainkoari, guztiok, buztinezko ontzietan daramagun ministerio honetan, laguntzaile fin gisa, zuetariko bakoitzak eman didazuen opariarengatik. Batez ere, nik. Barkatu ezaizkidazue nire baldarkeriak. Gotzain izaten ikasten ari naiz oraindik, poliki, eta ia beti, eskarmentuz. Eliz-irakaspenak adierazten didan bezala, ez dakit Aita ona, anaia eta laguna izaten asmatzen ari naizen. Batzuetan ez dakit behar adina edo behar bezala laguntzen dizuedan.
Zalantzarik gabe, asmatu egin nahi nuke, batez ere zailtasunak dituztenekin, eta, are hurbilagokoa izan behar dutenekin. Baina ondo baino hobeto antzematen dut, zuek, nire lanean nola laguntzen eta babesten nauzuen. Zenbat eskertzen dudan zuen hurbiltasuna, zuen kezka, zuen maitasuna, zuen kontrastea, zuen hitz zintzoa, baita, tokatzen denean, zuen zuzenketa anaikorrak ere!
Behartuta sentitzen naiz zuenganako sentitzen dudan esker on sakona adieraztera, eta bihotz-bihotzez egiten dut. Donostiako gotzaina harro dago bere apaizekin. Eta ez bakarrik gero eta sakonago eta zintzoago sentitzen dudan maitasun horrengatik, baizik eta, batez ere, eta hau da benetan garrantzitsuena, Gipuzkoako gure herritarrei diezuen zerbitzu eta maitasun-testigantzagatik”.
Bere homiliaren azken zatian, Fernandok gure elizbarrutiko apaizen profila azpimarratu du. Gogoratu du, ez direla perfektuak, baina bai onak: “Jendea maite dute, eta jendeak maite ditu. Beraiengandik jaso dugu, eta jasotzen jaitzen dugu…”. Eta, zera gaineratu du, “betikoa egiten eta izaten jarraitu nahi dugu: gure anaiei Izpirituaren igurtzia helarazi nahi dieten apostoluak, fedean eta Itxaropenean indartu daitezen.
Gure erronka iraunkorra da. Izpirituaren igurtzia zabaltzea, batez ere benetan Jainkoz betetako eta Hari buruzko zerbitzu-bizitzaren testigantzaren bidez. Jainkoaren gizasemeak izatea, gizatasunean aberatsak, azken batean, horrek berresten eta ziurtatzen baitu, benetan, Jainkozale garela. Gizatasuna eta samurtasuna, Jainkoaz mintzo dira”.