Donostiako Gotzainaren hitzak Frantzisko Aita Santua hil ondoren
Bihotza, esker onez eta emozioz beterik, Frantzisko Aita Santu maitearen heriotzaren berri izan dut. Kazetari lagun batek, Erromatik, goizean goiz jakinarazi dit, goizeko bederatzietan, Farrell Kamarlengo kardinalak, goizeko 07:30ak aldera Aita Santua hil zela jakinarazi zuela. Elizaren seme eta gotzain naizen aldetik, tristura sakona, eta esker on handia sentitzen dut. Gainera, hurbiltasun, konfiantza eta kidetza sentimendu handia nuen Frantziskorekin.
Frantzisko ez zen bakarrik mundu osoko artzain bat izan, baita fedean anaia nagusi bat ere, niretzat Aita baten pare izan zen. Bere bizitza Ebanjelioaren zerbitzura jartzen jakin zuen, fideltasun atsegin, ausarta eta samurtasunez betea. Begiratzeko, hitz egiteko, besarkatzeko… moduan, inor baztertzen ez duen Jainkoaren aurpegia nabarmentzen zen, giza ahulezia besarkatzen zuena, eta itxaroteaz inoiz nekatzen zena.
Gogoan ditut hainbeste elkarrizketa, hainbeste begirada partekatu, hainbeste hitz, zeinak erlijioso gisa, apaiz gisa, eta gero, gotzain gisa, lagundu nauten. Beti hurbil, beti anaikor, beti itxaropenez ibiltzera animatzen. Bere ahotsean Ebanjelio garbienaren zerbait entzuten zen: apaingarririk gabe, alferrikako gogortasunik gabe, epaiketaren beldurrik gabe.
Frantzisko, denoi, errukia, ez dela estrategia pastorala erakutsi zigun, Jainkoaren izenik egiazkoena baizik. Eliza ezin dela bere baitan giltzapetuta bizi, baizik eta inguruetara irekita, denei irekita, Jaungoikoaren begietara denok baikara semealaba maiteak. Irakatsi zigun, botereak zentzua duela, soilik, zerbitzu bihurtzen bada, bere adibidearekin, apaiz eta apezpikuek zerbitzua nola bizi behar dugun erakusten duen lekukotasuna emanez. Erakutsi zigun gurutzea ez dela teoriekin aditzera ematen, bizitzarekin baizik.
Eman zuen bizitzagatik, gaur, Eliza osoak bere otoitz eskertua goratzen duen bitartean, nik eskerrak ematen dizkiot Jainkoari nire bizitzako tarte bat, gizon on, jakintsu eta sakonki gizatiar honen ondoan ibiltzen utzi zidalako. Jainkozko gizona, gizatasunean aberatsa. Esan genezake, lehen mende laurden honetan, zalantzarik gabe, gizadiaren liderrik estimatuena izan dela, eta azken hamarkada honetan eragin gehien izan duena. Aita bat, eta lagun bat galdu ditudala sentitzen dut. Benetan. Baina fedeak gogorarazten dit elkartasuna ez dela heriotzarekin eteten.
Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari bere samurtasunagatik, bere ausardiagatik, bere irribarreagatik, bere keinu isilengatik, eta bere hitz argiengatik. Eskerrik asko, berriro, Jesusengandik, beste gizatasun bat, eta beste Eliza bat posible direla sinestarazteagatik. Bizitzaren Aitaren esku uzten dugu, ziur baikaude bere ahotik entzun dituela egun batean denok entzun nahi ditugun hitzak: “Zerbitzari on eta leiala, sar zaitez zure Jaunaren pozean”.
Hartu atseden bakean, anaia. Egin otoitz gure alde, guk zure alde egingo dugun bezala.
Fernando Prado Ayuso (Donostiako Gotzaina)
- Deskargatu: PDF.