Abendualdia
Abendualdiaren hasierarekin batera, itxaronaldian eta itxaropen garai batean sartuko gara, Jaunaren etorrera Gabonetan ospatzeko prestatzen gaituen bidea. Kristau urtearen hasiera adierazten duen liturgia garai honek otoitzera, konbertsioa eta berritze espiritualera gonbidatzen gaitu, prestaketa aldi honen ezaugarri diren zeinuekin batera.
Gipuzkoako parrokietan, Abendualdiko koroak jarri dira jada, eta igandero, kandela bat piztuko da, Kristoren argia munduratzen ari dela adierazteko. Keinu txiki honek Salbatzailearen etorreraren itxaronaldi aktibo eta itxaropentsuari buruz hausnartzen laguntzen digu.
(Hondarribia Pârrokia)
Horrez gain, gogoratu “Mintzo eta Kantu”ko, Abendualdi eta Eguberrietarako materiala, eskuragarri dagoela gure webguneko baliabideen atalean. Parrokietako kristau-elkarteei, familiei eta fede taldeei, liturgia garai honen bizipenean laguntzeko diseinatu da eduki hau guztia.
Ospakizunetan biziki parte hartzera animatzen zaituztegu, hau da, baliabide hauek aprobetxatzera eta Abendualdia bihotz zabal eta prestuarekin bizitzera, era horretan, datorren Jauna pozik hartzera prestatuz.
(Sagrada Familia)
Hona, Abendualdiko lehen igandea dela-eta, Patxi Aizpitarte, sail Soziokaritatiboko elizbarrutiko ordezkariaren gogoeta:
“Igande honetan, abenduak 1, Abendualdia eta urte liturgiko berri bati hasiera emango diogu. Jesusen jaiotzaren edo jaiotzaren festara eramango gaituen bideari ekingo diogu, gure Salbatzailetzat duguna. Urte berriko ibilbidean Lukas ebanjelariak gidatu eta lagunduko gaitu. Zeintzuk dira hirugarren Ebanjelioaren ezaugarri eta ekarpen azpimarragarrienak? Esan genezake bere oinarria, hamar kapitulutan zehar, Jesus, profeta erromes gisa agertzen dena; libreki eta erabakitasunez, Jerusalemera doa bere bizitza eta misioa burutzera. Martxa profetiko eta Paskoala.
Jesus ez doa bakarrik, bere dizipuluekin baizik. Kristauen bizitza, Lukasen arabera, “bidetzat” hartzen da. Horrela ezaten zitzaien, lehen kristau fededunei: “bidearen jarraitzaileak”. Bidean, Jesusek irakatsi eta moldatzeko aukera du.
Izpirituaren Ebanjelioa da, eta goi mailako indargune bezala, Jesus bere misioan gidatu eta bultzatzen du. Eta poza pizten du, Jesusen jaiotzatik berpizterainoko sentimendua.
Era berean, errukiaren eta barkamenaren Ebanjelioa da. Bere bihotzean, 15. kapituluan, errukiaren parabola esanguratsuak aurkitzen ditugu: ardiarena, eta galdutako txanponarena, eta seme iriolearena edo Aita onarena.
Honela esango digu Lukas ebanjelariak igande honetan: “Izan bihotz eta jaso burua, hurbiltzen ari baita zuen askapena. Zabiltzate, bada, kontuz! Ez bedi moteldu zuen bihotza. Egon erne eta egin otoitz une oro, zutik egon ahal zaitezten Gizonaren Semearen aurrean”. Erne batik bat gure inguruko hainbat senidek bizi duen premia eta behar egoeraz jabetzeko. Eskertzekoa da gure arteko hainbat eliztar eta gipuzkoarrek Valentzia eta Albaceteko uholdeak direla eta, agertutako jarrera solidarioa. 450.000 euro bildu eta bidali ditugu Gipuzkoako Caritasetik kaltetuei laguntzeko.
Tentagarria gertatu arren geure mundu propioan babestea eta geure ongizate txikiaz gozatzea, nahiago izan dute kaltetuen oihua eta sufrimena aintzakotzat hartzea eta beren aldeko solidaritate keinu bat egitea. Horrelakoak dira Gizonaren Semearen aurrean zutik eta duintasunez agertzeko gai izango direnak”.