Blog

Otsailak 23: Gazteen XV. Elkartasun Kontzertua

Otsailak 23: Gazteen XV. Elkartasun Kontzertua

Ayete Ikastetxe Nagusiak Gazteen Kontzertu Solidarioaren 15. edizioa aurkeztu du. Donostiako Orfeoia protagonista eta Caritas Gipuzkoaren alde, otsailaren 23an egingo da, ostirala, arratsaldeko 19:30etan, Koruko Andre Mariaren Basilikan. Oraingo honetan, Donostiako Orfeoiak (José Antonio Sainz Alfarok zuzenduta) eta Juan de la Rubia Bartzelonako Familia Santuaren katedraleko organistak “De la plegaria a la resurrección” emanaldia eskainiko dute.

Nabarmentzekoa da Tecnun-Nafarroako Unibertsitateko ikasleek eta Ayete Ikastetxe Nagusiko egoiliarrek antolatutako Kontzertuko sarrerekin bildutako dirua Hotzaldira bideratuko dela, Caritas Gipuzkoaren gaueko harrera-zentrora. Sergio Corchónek, Caritas Gipuzkoako Etxerik Gabeko Pertsonen arloko arduradunak, ekimena aurrera ateratzeko egindako ahalegina eskertu du: “Bereziki pozten gaitu gazte konprometituak ikusteak, kalean askotan entzuten denetik urrun”.

Bestalde, Gonzalo Arangurenek, Ayete Ikastetxe Nagusiko zuzendariak, kontzertuaren helburua nabarmendu du, hots, “gazteak konturatzea gure ingurune gertutik kanpo, kalean, gure laguntza beharrezkoa dela”. Era berean, ekimena duela 15 urte nola sortu zen gogoratu du, arrakasta izango zuen ala ez jakin gabe. “Orain arte, proiektu hau hainbat lekutan aurrera eramatea lortu dugu, hala nola, Kursaalean, Victoria Eugenia antzokian eta Aieteko edo Koruko Santa Maria parrokietan. Orfeoiaren laguntza eskertzen dugu, musika beti gure bizitzekin batera doan artea baita, denborak aurrera egin arren”, azpimarratu du.

Jose Antonio Sainz Alfarok, Donostiako Orfeoiaren zuzendariak, adierazi duenez, “plazer handia da Gazteen Kontzertu Solidarioan parte hartzea. Musikaren eta ahotsaren bidez ere, egunero ikusten ditugun desberdintasun sozialeko egoeren inguruan sentsibilizazioa zabaldu nahi dugu”. Era berean,”kontzertu ederra izango dela azaldu du, Orfeoiaren denboraldiko lehena. “Tomas Garbizuren Ave María, Madinaren Aita Gurea, Gustav Mahlerren Berpizte 2. Sinfonia eta Lloyd Weberren Pie Jesu bezalako lanak ez dira faltako errepertorioan”.

Sarrerek 20 euroko salneurria dute eta Ayete Ikastetxe Nagusiko web gunean erosi daitezke.

Hotzaldi

Hotzaldi Caritas Gipuzkoaren gaueko harrera-zentro bat da, etxerik gabeko pertsonentzako 30 plaza dituena (26 gizon eta 4 emakume). Zentroan gizarte eta hezkuntza laguntza eskaintzen da boluntarioen, hezkuntza-talde eta gizarte-langile baten eskutik; baita ostatua eta gosari eta afari zerbitzuak ere. Hotzaldi Donostiako Jose Elosegi etorbidean dago eta egunero dago irekita, gaueko 21:00etatik goizeko 09:00etara. 2023an, 110 pertsona baino gehiago hartu zituen, gehienak gizonezko migratzaile gazteak.

Bideoan Sergio Conchónen, Caritas Gipuzkoako Etxerik Gabeko Pertsonen saileko arduradunaren hitzak entzun ditzakezue.

Keinu solidarioa

Donostiako gotzaina, Mons. Fernando Pradok, Garizuma honetan etxerik gabeko jendeari laguntzeko proiektu zehatz batean laguntzea proposatu dio elizbarrutiko jendeari. Garizumako urte honetako mezuan, gotzainak guztiei dei egiten digu elizbarrutiko “Hotzaldi” proiekturako, etxerik ez dutenei eskainia, lanegun baten baliokidea emateko.

“Keinu solidario sinple eta zehatz bat da, guztiontzat eskuragarria”, adierazi du Mons. Fernando Pradok. Gotzainak guztiei dei egiten digu bakoitzaren hileko diru-sarrerak 30etatik zatitzera eta egun bateko diru-kopurua egitasmoari ematera.

Mons. Fernando Pradoren garizumako mezua irakur dezakezu hemen klik eginez.