Donostiako Elizbarrutiaren oharra, Zestoako “Elizondo” etxearen okupazioaren inguruan
Zestoako Elizondo etxearen okupazioaren inguruko epaiketa laster izango denez, Donostiako elizbarrutiak, fededun guztiei eta, oro har, gipuzkoar gizarteari, honen guztiaren inguruan duen iritzia jakinarazi nahi dio.
2022. urtearen amaiera eta 2023. urteko otsaila bitartean, Zestoako Udalak interesa azaldu zion gotzaindegiari Elizondo etxearen inguruan, “Zestoako Gazte Asanblada” izeneko kolektiboak erabiltzen zuen herriko beste toki batean kokatutako “Gaztetxe” bat birkokatzeko asmoarekin. Gazteak zeuden tokitik irten egin behar zuten, udalak gune horretan hasi behar zituen lanak zirela eta. Udala eta gotzaindegiaren artean inolako akordiorik lortu baino lehen, erabiltzen ziren Elizondo etxeko parrokia-lokalak okupatuak izan ziren.
2023ko otsailaren 22an jakinarazi zitzaion gotzaindegiari Zestoako Gazte Asanbladako zenbait gaztek Zestoako Elizondo etxea okupatu zutela, sarrailak lehertuz eta beste batzuengatik aldatuz, jabetza pribatu hori gehiegikeria eta bortizki okupatuz. Harrez geroztik, gotzaindegiaren kontrako iritziarekin, bertan jarraitzen dute; gotzaindegiak uste du delitu eta gehiegikeria nabarmena egin dela erabilera duen jabetza baten aurka.
Etxea hutsik eta egoera txarrean zegoela esanez justifikatu zuen okupazioa Gazte Asanbladak. Okupaziora arte, etxe hau katekesirako, parrokiako ekintza ezberdin eta bileretarako erabiltzen zen. Parrokiak Zestoako herritarrei bainugelak erabiltzeko aukera ematen zien -bainugela publiko gisa-, baita herriko taldeen beste jarduera batzuetarako ere (herriko eragile ezberdinen bilerak, musika-talde baten entseguak, sahararrei laguntza, etab.). Gazte Asanbladak eraikina bortizki okupatuz geroztik, parrokiak ezin izan du berau erabili. Esate baterako, katekesiko haurrek Elizako sakristiara joan behar izan dute beraien jarduerekin jarraitzeko, beharrezko baldintzak betetzen ez dituen leku batera. Era berean, ez da egia etxea egoera txarrean zegoenik: parrokiak bere ohiko jardueretarako egokitua zuen lekua.
Gotzaindegia, une oro, Gazte Asanbladako gazteekin hitz egiteko prest egon da baldintza bakar bat jarriz, ezer baino lehen, lokala borondatez eta modu baketsuan uztea. Gazte Asanbladak ez du etxea uzteko asmorik. Hori dela eta, gotzaindegiak Zestoako parrokiaren izenean, ahozko epaiketako demanda jarri dio Zestoako Gazte Asanbladari, Zestoako parrokiaren jabetza duen aldameneko Elizondo etxea okupatu izanagatik.
Gazte Asanblada ekitaldi ludikoak, kontzertuak, eta abar antolatzen ari da etxe horretan, non beste pertsona batzuk ere parte hartzen ari diren inolako baimenik gabe; horrek parrokiari, Zestoako herriari eta gotzaindegiari kezka sortzen dio. Ulertezina da kristau elkartearen eta bere jabetzen aurkako gehiegikeria eta jarrera bortitz hori gazte talde txiki baten eskutik, zeinak, argi eta garbi, ez duten Zestoako gazteria ordezkatzen.
Urtarrilaren 14an, igandea, Zestoako eta inguruko Gipuzkoako herrietako zenbait kristau-elkarte, giltzarrapoak ateetan, silikona sarrailetan, pintadak eta paskinekin topo egin zuten, kristau-elkartea jazarri eta seinalatuz. Kristau-elkarteren batean, igandeko meza bertan behera utzi behar izan zuten, parrokia-tenplura sartzerik izan ez zutelako. Horrek guztiak, gizatalde bat seinalatzea suposatzen du, arrazoi faltsuz eta errealitate faltsuetan oinarrituz, eta aurreikusi ezin diren ondorioekin.
Iragan igandean, urtarrilak 21, Zestoako parrokian burutzen ari zen ospakizunean, pankarta bat zeramaten aurpegia estalitako pertsona batzuek, oihuka, aldarera igoz ekitaldi erlijiosoa eten zuten. Adineko jendeak, hau da, ahulenak, asko sufritu zuen talde horren gehikeriaren ondorioz. Pertsonen oinarrizko giza eskubideen urraketa argia, hala nola, erlijio-askatasuna eta biltzeko eskubidea.
Era berean, joan den ostiralean, hilak 19, ehun bat lagunez osaturiko talde handi bat, batik bat gazteak, elkarretaratze dei baimendutako bati erantzunez Donostiako Artzain Onaren Katedralaren aurrean elkartu ziren. Kontzentrazioaz harago, horietariko hirurogei pertsona baino gehiago elizan sartu, eta, oihuka, paskinak bota zituzten, baita aldarean ere, fededunen sentsibilitatea minduz, bai eta gero, sare sozialetako kontu ezberdinetan zintzilikatu zituzten argazkiak ateraz. Gotzaindegiak gertaera bidegabe eta eraso horiek guztiak salatu ditu.
Gure elkartasuna adierazi nahi diogu Zestoako kristau-elkarteari, baita arazo hau pairatzen ari diren Gipuzkoako gainerako kristau-elkarteei ere. Gizarte batean, estrategikoki antolaturiko jarduera baten barruan, sistematikoki erabiltzen den indarkeriak, giro zibiko-sozial oso kaltegarria sortzen du bizikidetza baketsu baterako, eta, balio etiko-moralak galtzea dakar. Horregatik, gotzaindegiak ez du bere iritzia aldatzeko asmorik Elizondo eraikinaren okupazio bortitz eta gehiegikeriazkoaren inguruan.
Aldi berean, alkatetzari eta gainerako agintariei eskatzen diegu beren eginbeharra bete dezatela gertaera hauen aurrean, eta kristau-elkartearen jabetzak errespetarazteaz gain, Zestoako herritar horiek, kristau elkarteko kideak, babes ditzatela; gainerako herrikideen arreta eta babes berbera merezi baitute. Gotzaindegiak kristau-elkarte honen defentsa berresten du, demanda judiziala indarrean mantenduz, eta eraikinean jarduera lehenbailehen berreskuratu duen zain.
Donostia, 2024ko urtarrilaren 23a