Espetxe Pastoraltzaren batzarra

Espetxe Pastoraltzaren batzarra

Joan den larunbatean, ekainak 14, Espetxe Pastoraltzak urteroko batzarra ospatu zuen Loiolako santutegian (Azpeitia). Hogeita hamar bat boluntario bertaratu ziren jardunaldira, eta otoitz batekin eman zitzaion hasiera bilerari. Ondoren, Ospitalarioak Fundazioko psikologo klinikoa den Alfonso Saez de Ibarrak hitzaldia eman zuen, “Patologia duala duten eta bazterketa arriskuan dauden pertsonei laguntza” izenburupean.

Hizlariak azaldu zuen, handitzen goazen heinean, nortasuna eratzen dugula, eta, jakina, egiten dugun guztiak, gero, bere eragina izango duela.

Saez de Ibarrak bizitzan moldatzeko ‘tresnak’ eskaintzearen garrantziaz mintzatu zen, gertatzen zaiguna ulertzeko gaitasunaz, etab. Arlo honetan, Kartzela Pastoraltzatik bostekoa luzatzen zaien pertsonei laguntzen jarraitzearen garrantzia helarazi zien, pertsona hauek zailtasun handiak baitituzte. Entzulegoak jakinmin handiz jarraitu zituen psikologo klinikoaren gogoetak.

Kaferako etenaldi baten ondoren, batzarrean parte hartu zuten boluntarioek ebaluazio pertsonala, zein taldekoa egin zuten. Honen ostean, pastoraltzako kideak, lagunarteko bazkarira joan aurretik, esker onez, Konbertsioko Kaperara joan ziren.

Edozein ospakizunetan bezala, hemen ere, oso garrantzitsua da boluntarioentzako mahaiaren inguruan biltzeko unea; elkarrekin egoteko, Gipuzkoako hainbat eremutako taldekideak agurtzeko, hitz egiten aritzeko…

Amaitu aurretik, jardunaldian parte hartu zuten pertsonek, Koldo Cacho jesuitaren eskutik, Ate Santua eta Basilika bisitatu ahal izan zituzten.