Blog

Adineko Pertsonen Pastoraltzako boluntarioek adinekoen arreta egoitzetan “kontrastea izateko” konpromisoa berretsi dute

Adineko Pertsonen Pastoraltzako boluntarioek adinekoen arreta egoitzetan “kontrastea izateko” konpromisoa berretsi dute

Joan den asteazkenean, uztailak 16, Elizbarrutiko seminarioan, Berri Ona Donostiako eta inguruko adinekoentzako egoitzetara joaten diren boluntarioen urteroko balorazioa ospatu zen. Bederatzi egoitzetako boluntarioak bildu ziren –Gurutze Gorria, Hermano Garate, La Paz, Berio, Aita Etxe, Lamorus, Asperso, Txara 1 eta Txara 2– esperientziak partekatzeko, ikasturtea berrikusteko, eta ekintza ildo berriak jartzeko.

Itxaropenean bizitzeko hiru gako

Hasierako otoitzaren ondoren —San Paulok erromatarrei zuzenduriko gutunetik aterea, eta “huts egiten ez duen” itxaropen-mezuan oinarritua—, Mikel Aranguren bikario nagusiak, elizbarrutia ospatzen ari den Itxaropenaren Jubileu Urtearen barruan kokatu zuen jardunaldia. Kristau itxaropena “Jainkoarengan zain egoteko egoera” bezala definitu zuen, eta bertute hori eguneroko zerbitzuan lantzeko oinarrizko hiru jarrera proposatu zituen:

  1. Maitasuna: Jainkoak zenbat maite gaituen jakitea, eta Harengatik maitatzen uztea.
  2. Konfiantza: Jaunak inoiz alde batera uzten ez gaituen ziurtasuna.
  3. Pazientzia: Beregan itxaroten jakiteko dohaina eta bertutea.

Sinesgogortasunean eta zentzugabekeriko testuinguru sozial batean, bertaratutakoak “kontrastea izatera” animatu zituen, eta bidean barrena topo egiten duten adineko pertsonei “baldintzarik gabeko maitasuna” helaraztea.

Entzutea, bertan egotea eta konpainia egitea.

Bikario nagusiaren osteko solasaldian, kezka eta erronkak azaldu ziren:

  • Egoiliar askoren artean dagoen Jainko zigortzaile baten irudiaren aurrean, Jesusen Jainkoa, hurbila eta errukitsua aurkeztearen beharra.
  • Entzute aktiboa, edozein konpainia egitearen abiapuntua da.
  • Komunikatzeko gai ez direnen aurrean, isilik egoteak duen balioa: “Egote hutsa, jada, maitasuna azaltzeko modua da”.
  • Norberaren mugak onartzea, eta obra, Jainkoak gidaturiko Erreinuarena dela jakitea.
  • Kantuen garrantzia, ongizatea sortu, eta parte-hartzea sustatzen baitute.
  • Etxean dauden adinekoak ez ahaztea.

Egoitzen eskaerak

Jarraipena pertsonalizatzeko, boluntarioek, egoiliarrei buruzko informazio gehiago izatea eskatu zieten egoitzetako zuzendaritzei, eta boluntariotzaren lana publikoaren aitortza aldarrikatu zuten. Talde batek ospakizunetarako pantaila bat jartzearen beharra plazaratu zuen, eta materialak eta dinamikak partekatzeko erresidentzia-arteko gune bat sortzea proposatu zuen.

Hurrengo egunak

Idoia Iturrioz, Adineko Pertsonen Pastoraltzako ordezkariak, uztailaren 27an, Aitona-amonen eta Adinekoen Munduko Egunean, parrokiek, Aita Santuaren mezua, subsidio liturgikoa, eta otoitz ofiziala jasoko dutela jakinarazi zuen.

Topaketa, otoitz bateratu batekin, eta lagunarteko askari batekin amaitu zen; hausnarketarako eta esker onerako arratsaldea amaitzeko modu paregabea.

Boluntarioek elkarri agur esan zioten Ebanjelioaren itxaropena adineko pertsonengana hurbiltzeko konpromisoa berrituz, isiluneetan ere Jaungoikoak hitz egiten jarraitzen duela sinetsita.