Blog

Elizbarrutiko egutegia eta Gotzainaren mezua 2025-26 kurtsorako

Elizbarrutiko egutegia eta Gotzainaren mezua 2025-26 kurtsorako

Hasi da 2025-26 pastoral ikasturtea Donostiako Elizbarrutian, On Fernando Prado Ayuso gotzainaren mezuaren eskutik. Idatzia behean topatuko duzu. Era berean, hemen eta webguneko “Baliabideak” atalean klik eginez gero, datak eta jarduera aipagarrienak jasotzen dituen Elizbarrutiko egutegia aurkituko duzu.

Aurten, zerbitzu zuzen eta eguneratuagoa emateko, pastoral egutegia formatu digitalean bakarrik egongo da eskuragarri, eta aldizka, eguneratua izango da web orrian dagoen agendan.

2025/2026 PASTORAL URTEAREN HASIERA

Donostia, 2025eko irailaren 9an

Arantzazuko Ama Birjinaren jaia

Anai-arreba maiteok:

2025-2026 pastoral urte berri honen hasieran, elizbarruti osoari zuzentzen natzaio, senide maitasunez agurtzeko eta hasi berri dugun pastoral urtean elkarrekin egingo dugun bidean azpimarra batzuk konpartitzeko. Pozez eta itxaropenez egiten dut, ospatzen ari garen eta datorren abenduaren bukaeran amaituko den Jubileu handiaren erdian. Bere azken etapan sartuko gara. Askoren-tzat graziazko eta berrikuntzarako benetako garaia izaten ari da, fededun gisa, elizbarrutiko Eliza eta «itxaropenean erromes» gisa gure nortasuna indartzen eta berraurkitzen laguntzen ari zaigun garai berezia.

Gure elkarte eta elizbarrutiko zerbitzuetan pastoral urterako ohiko erritmoari eta programatu diren pastoral ekintzei eusteaz gainera, lan-urte honetan ahal dugun neurrian, arreta berezia ipintzera gonbidatzen zaituztet, azpimarratu nahi dizkizuedan gai hauetan:

1. Eraberritze Pastoral eta Misiolaria helburu duen prozesuan aurrera jarraitzen dugu. Aurreko ikasturtean, hainbat gogoeta partekatu genuen pastoral zonaldeetan, apaizei, erlijioso/ei eta laikoei entzunez, «hasierako taldeak» deitzen ditugunak sortu baitziren bereizmenean laguntzeko. Hemendik aurrera, bereizmenaren fase erabakigarri batean sartuko gara, eta horrek erabaki garrantzitsuak eta zehatzak hartzera eramango gaitu, datozen urteetan Gipuzkoako gure elkarteek izango duten bizitzari eta misioari begira.

Erronka argia da: Eliza misiolariagoa izateak eta erantzunkideagoa izateak mugitzen gaitu. Eliza honetan denok sentitzen gara dizipulu eta misiolari. Eliza hau, urrunduei irekia dago, gure gizartean testigantza eman eta Ebanjelioa alaitasunez iragartzeko gai da, sekularizazioari eta kultur aniztasunari beldurrik izan gabe. Gure elkarteak bizi eta esanguratsuak izatea nahi dugu, eta espiritualtasun indartsua lantzen dutenak, eta ardatz hauek izango dituztenak: Hitza entzutea, Eukaristiaren eta gainerako sakramentuen ospakizuna, eta baita karitatearen testigantza ere. Erronka handia da. Misioak gauza asko birpentsatzera behartzen gaitu, lan hauek elkarrekin eta elkartasunean egin behar ditugula sinetsita.

Horregatik, guztiok —apaizak, biziera sagaratuko erlijioso/ak eta, batez ere, laikoak, gazteak eta ez hain gazteak— animatu nahi zaituztet prozesuaren etapa berri honetan gero eta gehiago inplikatzera. Elkarrekin, Espirituarekin lankidetzan aritu ahal izango dugu gure Elizako egiturak, dinamismoak eta eliz bizierak berritzen, parte-hartze, komunio eta erantzukidetasun handiagoko espazioak irekiz.

2. Pastoral urte honetan, era berean, Bokazio Pastoraltzari bultzada berezia eman nahi diogu, bere alderdi guztietan. Ministeritza ordenaturako (apaizgo eta diakonotzarako) edota bizitza sagaraturako bokazioak —Elizaren bizitzarako hain beharrezko direlarik—ez ezik, baita kristau ez-kontzarako bokazioak, laiko bizitza konprometiturako eta munduan zerbitzatzeko bokazioak ere bultzatu nahi ditugu.

Benetako «bokazio-kultura» sortu eta zabaldu behar dugu, gazteek naturaltasunez galde egin diezaioten beren buruei: «Jauna, zer nahi duzu nigandik?». Sinestun bakoitzak ikus dezala kristauki bizitzea Jainkoaren asmoari pozik eta fideltasunez erantzutea dela.

Parrokiei, elkarteei, mugimenduei eta ikastetxeei eskatzen diet, baita unibertsitateei ere, egiten dugun guztian bokazio pastoraltza presente egon dadila: katekesian, gazte taldeetan, ezkontza-rako prestakuntzan, unibertsitateko pastoraltzan, gure familien bizitzan eta karitate proiektuetan. Jakin dezagula Jainkoaren deiaren hazia bihotzetan ereiten, fruituak heltzen dituena Espiritua dela sinetsiz.

3. Pastoral urte honetan hasiko ditut sistematikoki Pastoral Ikustaldiak. Gutxienez, gure elizbarrutiko bi artziprestaldetako elkarte guztiei egingo diet Pastoral Ikustaldia. Gotzain ministeritzan Pastoral Ikustaldia da adierazpiderik eder eta ebanjelikoenetako bat. Apostoluen ondorengo naizelarik, kristauak fedean berrestera deitua nago; elkarteei entzutera, laguntzera eta animatzera. Ez dut nahi protokolo hutsean oinarritutako bisitak izatea, baizik eta benetako gertakari bat, non elkartasuna, senide elkartasuna eta itxaropena sustatuko ditugun. Zalantzarik gabe, elkar aurkitu, harremana izan eta fedea indartzeko une aberatsak izango dira. Bisitak, gainera, bitarteko egokiak izango dira abiatu dugun Eraberritze Pastoral eta Misiolaria helburu duen prozesua bultzatzeko. Elkarrekin otoitz egiteko, kezkak eta itxaropenak entzuteko eta gure konpromiso misiolaria berri-tzeko graziazko aldia izango da. Hori dela eta, eskatzen dizuet ilusioz prestatu dezazuela ekitaldi hau bisitatuko diren elkarteetan, eta ikustaldi hauek bizi ditzagula espiritua eta senidetasuna oinarri hartuta. Gure herrietako agintariekin harremanak estutzeko eta urrutien daudenak inplika-tzeko egokiera izatea ere nahi nuke.

Anai-arreba maiteak: hasi berri dugun pastoral urteak desafio egiten digu eta aldi berean lanerako gogoa pizten. Pazientziaz ereitea dagokigu, maitasunez zaintzea eta Jaunak berak gure eskuetan jarritakoa haziaraziko duela konfiantza izatea. Egin dezagun otoitz berariaz aipatutako hiru gai kontuan ditugularik, eta konfiantza izan dezagun beti bere garaian erneko den haziaren indarrean. Jauna da arduratuena hori horrela izan dadin. Jar dezagun pastoral urtea Arantzazuko Ama-ren babespean, gure elizbarrutiko zaindariaren eskuetan. Berak egin zuen bezala, Jainkoari ‘bai’ esaten irakats diezagula, xumetasunez eta ausardiaz. Gure santuen, bereziki Loiolako San Inazio-ren, eta San Carlo Acutis kanonizatu berriaren bitartekotza ere eska dezagun, itxaropen-bide honetan gure urratsak egiten lagun diezaguten.

Eskerrik asko zuen lan eta zerbitzuagatik. Onena opa dizuet hastear den pastoral urterako, eta Jaunagan nire bedeinkazioa eta arnasa bidaltzen dizuet.

In Corde Matris,

Fernando Prado Ayuso, CMF

Donostiako Gotzaina

Deskargatu mezua: