Blog

Katekisten jardunaldia

Katekisten jardunaldia

Haur eta Nerabezaroko Katekesi komisioak antolaturik, joan den martxoaren 20 eta 21ean, hogeita lau orduko Erretiroa ospatu zuten elizbarrutiko katekistek Loiolako Gogartetxean.

Aurtengo ekimena, erabat irekia izan da; parte hartu nahi zuen pastoralgile orok izan zuen hurbiltzeko aukera. Beraz, lagun talde eder bat bilgu zen Azpeitian. Besteak beste, haur eta gaztetxoen katekesiaren arduradunak elkartu ziren, Espetxe Pastoraltzan, Caritasen edo parrokietan aritzen diren kideekin batera.

Jardunaldiaren leloa, “Zatoz eta ikusi” (Jn 1, 46) izan zen, eta Cristobal Jimenez jesuitak gidatu zuen ekimena. Ostiral arratsaldean ekin zioten lanari parte hartzaileak; hasieran, norberaren egoera pertsonal zein unetan dagoen gogoan hartuz, otoitzerako oinarri batzuk luzatu zizkien hizlariak.

Larunbatean, berriz, norberaren zerbitzu-bizitza nolakoa den hausnartzeko oinarri batzuk zabaldu zituen parte hartzaileen artean Cristobalek. Bide batez, musikaren eskutik, Garizumako ibilaldi bat, otoitz-giroan egiteko aukera proposatu zien. Era berean, Inaziotar gogo-jarduna egin zuten bildutakoek; hau da, isiltasunean, Jaunak zer esaten digun entzutea.

Larunbata arratsaldean, Konbertsioaren kaperan ospatu zen eukaristia baten eskutik eman zitzaion amaiera Erretiroari.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: