Blog

Karmel mendiko Andre Maria Birjina

Karmel mendiko Andre Maria Birjina

Karmel mendia beti izan da sakratua. Karm-El hitzak Jainkoaren lorategia esan nahi du hebreeraz. Orduan Kanaan deitutako lurraldearen ipar-mendebalean, Mediterranio itsasertzean, dagoen mendia (Kanaan lurraldeari, orain, Palestina edo Israel deritza) K.a. IX. mendean israeldarrak eta beren Jauna harremanetan jarri eta elkar aurkitzeko toki egin zuen Elias profetak (1 Erg 18, 18-40).

Pasarte honetan Liburu Santuak honako hau kontatzen du: K.a.ko 874 eta 853 bitartean Iparraldeko erreinuko (hau da, Israel erreinuko) erregea Samarian izan zen, Akab-ek Baal sasijainkoaren omenez; baita Axera jainkosaren omenez ere, santutegiak eraiki zituen. Elias profetak zorrotz salatu eta gaitzetsi zuen hori, israeldarren Jainkoa bakarra zela oihukatuz: Jauna (Jahweh). Israeldarrak nahasiak zebiltzan, batzuetan Jauna eta beste batzuetan Baal gurtzen zutelarik.

Behinola, eskari hau egin zion Eliasek erregeari: biltzeko Baalen profetak Karmen mendian eta deitzeko mendi hartara israeldarrak ere. Egiazko Jainkoa zein zen ikusarazteko zeinu berezia egin nahi zuen Eliasek: bi zekor ekarri behar zituzten mendi hartara. Zekorretako bat Baalen profetek akabatu eta laurkituko zuten, aldare gainean jarri Baali eskaintzeko, baina ez zioten surik emango. Elisaek gauza bera egingo zuen beste zekorrarekin. Eliasek, gainera, urez ondo bustiarazi zuen bere eskaintza.

Esandako egunean, Baalen profetek oihuka ari izan ziren eguarte osoan: “Baal, entzun: bidal ezazu sua, oparigaia erre dezan zuri eskaintzeko!” Baina ez zen Baalen erantzunik izan. Eguerdian, Eliasek otoitz hau egin zuen: “Jauna, adieraz ezazu gaur Zu zarela Israelen Jainkoa! Erantzun, Jauna!”. Otoitza bukatzean, sua bidali zuen Jaunak eta sua aldarea jo zuen, oparigaia kiskali eta ura idortu. Horrela, agerian gelditu zen Jauna zela egiazko Jainko bakarra.

Mende asko geroago, Gurutzaden garaian, eremutar kristau batzuk mendi hartako leize-zuloetan bizitzen jarri ziren, otoitzean bizitzeko. XIII. mendearen hasieran, 1209an, Jerusalemgo patriarka Albertok araudia eman zien, ordena berria sortuz: karmeldarrena.

1226an Honorio III.ak baietsi zuen ordena hura. Mendi horretatik hurbil dago Nazaret herria. Lekaime haiek Mariaren babespean jarri zuten beren ordena: Karmel mendiko Andre Mariaren babespean. Egun honetan, uztailaren 16an, eman omen zion Andre Mariak San Simon Stock-i 1251an eskapularioa. 1726an zabaldu zen gaurko oroipen hau Eliza osora.

Eskapularioa lepoan eramateak hau oroitarazten du: fededuna hiltzean, Ama Birjinak otoitz egingo duela beraren alde, Jainkoak bere altzoan, zeruan, har dezan. Garbitokiko arimen alde ere egiten du otoitz Ama Birjinak, bekatuak barkaturik, Garbitokiko arimak zeruan har ditzan Jainkoak. 1587an onartu zuen orduko Aita Santuak.

Bestalde, arrantzaleen zaindari gisa Karmengo Ama Birjinaren jaiaren jatorriaren inguruan, hamaika kondaira daude. Horitako batek ekaitz izugarri baten erdian urperatzear zegoen itsasontzi bat Ama Birjinak salbatu zuela dio. Nola? Etsipenaren etsipenez, marineletako bat otoitz egiten hasi, Karmeldar ordenako eskapularioa kendu, eta itsasora bota zuen. Horrek, ekaitza berehala gelditu arazi zuen.

Arrantzaleen babesle kuttuna da Karmengo Ama Birjina. Gaur, uztailak 16, euskal kostaldeko hamaika hiri eta herritan, jai giro ederrean ospatuko da Itsasoko langileen eguna.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: