Blog

Irailak 9: Arantzazuko Ama Birjinaren Eguna

Irailak 9: Arantzazuko Ama Birjinaren Eguna

Donostiako Elizbarrutiko zaindaria

Garibai kronistak dioenez, 1469. urtean Oñatiko Uribarri auzoan dagoen Baltzategi baserriko seme Errodrigok, etxeko ahuntzen bila zebilela,

zintzarri-hotsa entzun omen zuen. Elorri batetik zetorren. Zer ote zen begiratzera joan zenean, Andre Mariaren harrizko irudi txiki bat aurkitu zuen, Jesus Haurra besoetan zuela. Arantzan zu? galdetu omen zuen txunditurik.

Garai latzak ziren haiek Euskal Herrian: Oinaztar eta Ganboar handiki-bandoen arteko borroketan ugari ziren hilketak, basoei eta soroei su emateak eta lapurretak. Eta, horretaz gainera, bi urteko lehorte izugarria zegoen; 1408an, San Bizente Ferrerek, Bilbon eta Arrasaten egindako hitzaldietan iragarria omen zuen bezala.

Andre Mariaren irudia aurkitu zuela Errodrigok Oñatiko herriari jakinarazi zionean, elizgizonak, herri-agintariak eta herritar asko irudia ikustera igo omen ziren, eta estalpe txikia egitea erabaki zuten, Andre Mariak berak Errodrigori agindu omen zion bezala.

Estalpea egin orduko, euri-jasa handia izan omen zen. Honen berri Euskal Herriko bazter askotan zabaldu zen. Aldi berean, bandoen arteko gatazkak eta borrokak ere baretzen hasi ziren. Luzaro gabe, pelegrinazioak hasi ziren toki hartara. Ospetsuena, 1522an Loiolako San Ignaziok egin zuena.

Serora-talde bat bertan bizitzen jarri zen; geroxeago, Mertzedarioen ordenako elkarte bat 1493an. Elkarte honek alde egin zuenean, elkartekide bat, Fray Pedro Arriaran, bertan gelditu zen, serora-taldearen kaperau –seroretako bat ama baitzuen, frantziskotarren hirugarren ordenakoa–.

Fray Pedro ere frantziskotar egin zen, eta Alexandro VI.a Aita Santuagandik “zaintzaile” –guardian– titulua lortu zuen 1501eko abuztuaren 21ean emaniko bulda baten bidez. Gerora, beste ordena batzuk hartu zuten Arantzazuko ardura: dominikoek 1508an, jeronimoek 1509 eta 1510 bitartean, berriz ere dominikoek 1511an. Azkenik, 1514ko apirilaren 22an, frantziskotarrek.

Hauen komentuak sute izugarriak izan ditu historian barna: 1553an eta 1622an halabeharrez, eta 1834ko abuztuaren 18an, liberalek su emanda, etsaiek babesa jasotzen zutela argudiatuz. Gau hartan hirurogeita hamar fraideak Oñatira eraman zituzten, Andre Mariaren irudia berekin zeramatela. Irudia Bidaurretako elizan utzi ondoren, erbesteratu egin zituzten. Hala ere, Bidaurretako anaidia bertan utzi zuten. Handik hamar urtera, probintziako agintarien baimena lorturik, Arantzazuko santutegia eta komentua berreraikitzeari ekin zioten. 1846ko azaroaren 17an prozesioan eraman zuten berriz ere Andre Mariaren irudia Arantzazura.

1886ko ekainaren 6an koroatua izan zen Andre Mariaren irudia, eta 1918ko urtarrilaren 23an, Gipuzkoako Probintziaren Zaindari izendatu zuen Benedikto XV.a Aita Santuak, eta jaia, irailaren 9an ospatzea erabaki; Leopoldo Eijo y Garay zen orduan Gasteizko apezpikua. Oraingo basilika berria, 1955eko abuztuaren 30ean inauguratu zuten.

 

Egilea: Jesus Maria Arrieta

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: