Blog

2025eko Jubileuaren hasiera Artzain Onaren katedralean

2025eko Jubileuaren hasiera Artzain Onaren katedralean

“José Tolentino de Mendonça kardinal txit gorena, anaia eta laguna, ospakizun honetarako, Frantzisko Aita Santuaren ordezkari berezia. Eskerrik asko. Donostiako Elizbarrutiak bere ongietorririk beroena luzatu dizu, poz eta esker on handiz…”

(Donostiako gotzainak, Fernando Prado Ayuso monsinoreak Kardinalari eginiko aurkezpenaren pasartea).

Hitz hauekin, Fernando Prado Ayuso monsinoreak, Donostiako gotzainak, ongietorria luzatu zion Kultura eta Hezkuntzarako Dicasterioko Prefektuari; Bere Gorentasun José Tolentino de Mendonça. Frantzisko Aita Santuaren ordezkari berezi bezala, Artzain Onaren katedralean izan zen Jaunaren Epifaniaren Meza gidatu zezan. Meza hau, bestalde, Jubileuaren hasiera izan zen Elizbarrutiaren 75. urteurrenarekin batera.

Meza osoa

Egunean zehar euria egin zuen baina meza hasi baino ordubete lehenago, zerua garbitu egin zen, hiria, ostadar eder batek jantzi zuelarik.

Handik gutxira, arratsaldeko zazpiak aldera, kanpai hotsek Meza Santuaren hasiera iragarri zuten. Katedraleko koruak, Mariaren Bihotza abesbatzak, solemnitatez “Adeste fideles” kantatu zuen, eliza fededunez bete ahala.

Jose Tolentino de Mendonça kardinalaren, eta Fernando Prado Ayuso, elizbarrutiko gotzainaren ondoan, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikuak, Florencio Roselló Avellanas monsinorea, eta Gasteizko Gotzainak, Juan Carlos Elizalde monsinorea, parte hartu zuten mezan presbiteriotik; baita Elizbarrutiko apaiz talde ugari batek ere. Elizan zehar barraiaturik, erlijiosoek, bizitza sagaratuko kideek, laiko asko eta askok bete zuten katedrala.

Kardinalaren agur-liturgikoaren ondoren, Mikel Aranguren bikario nagusiak, Frantzisko Aita Santuak, ospakizun honetarako izendatutako ordezkari bereziari, José Tolentino de Mendonça monsinorea, zuzendutako Izendapen Gutuna irakurri zuen oso-osorik.

Jarraian, Elizbarruti osoaren izenean, Prado monsinoreak esker oneko ongi etorri hitzak zuzendu zizkion Aita Santuaren ordezkariari:

“…Poz eta esker on handiz, Donostiako Elizbarrutiak bere ongietorririk beroena luzatzen dizu egun historiko honetan. Hemen bildu gara Jubileu unibertsalari hasiera emateko, eta baita, kristau historia eta testigantza emankorreko Elizbarrutiaren 75. urteurrena ere ospatzeko. Zure parte hartzea, Gorentasuna, Pedroren Oinordeak gure Elizari eginiko hurbileko eskaria, eta gertakari garrantzitsu da; izaera unibertsal sakonaren testigantza baliotsua.

(…)

“…Argia eta gatza izateko dugun bokazioa gogo berrituz berraurkitzea dugu erronkatzat Jubileu urte honetan… Bere presentzia bikain eta bere hitz jakintsua, inspirazio iturri dira gure komunitatearentzat, izan ere, Jubileu hau fedean sakontzeko, berritzeko, elkartasun-espiritua indartzeko eta elkarrizketa eta itxaropen bide berriak irekitzeko aukera baita.

Pozarren dagoen gure bihotzarekin gure esker ona berresten dugu, eta besoak zabalik hartzen dugu, bere pastoral ikuspegiak eta testigantzak une garrantzitsu hau aberasten duenaren ziurtasunean”.

Ondoren, Mikel Iraundegi diakonoak San Joanen Ebanjelioaren (Jn 14, 1-7) pasartea irakurri zuen. Irakurketa amaitu orduko, katedralaren inguruan egin zen prozesioari hasiera zitzaion. Prezisioaren amaieran, katedralaren ezkerraldean dagoen Ate Santura iritsi ziren parte hartzaileak.

Bertan, Jose InazioPiter’ Ansorena txistulari ospetsuak kardinalaren omenez, txistua jo ahala, Ihintza Erauskin Lizarazu dantzariak “Zortzikoa” dantzatzen zuen. Jarraian, kardinalak, graziazko garai honetako sarrera ofizialaren pauso gisa, Ate Santua jo zuen Jaime Font y Andreu, Donostiako Elizbarrutiko lehen gotzainaren artzain-makilarekin.

Atalasetik igarotzean, kardinalak prozesioaren gurutzea hartu eta zera esan zuen:

“Agur, Kristoren Gurutzea, itxaropen bakarra”.

Parte hartzaileak berriz ere aulkietan esertzen ziren bitartean, Mariaren Bihotzak, katedraleko abesbatza, Jubileuaren ereserkia kantatu zuen, euskara eta gaztelania tartekatuz; ondoren Eukaristiaren ospakizunak aurrera jarraitu zuen.

Homilian, José Tolentino de Mendonça monsinoreak hitz oso esanguratsuak zuzendu zizkion gure Gipuzkoako Elizari non fedearen unibertsaltasunaren garrantzia azpimarratu zuen: “Errege Egunaren solemnitatea argiaren festa da, bilatzaileen erromesaldia eta gurtza-ekintza” dela azpimarratuz. Jubileuaren esanahia ere nabarmendu zuen:

“Ekialdeko Errege Magoen bidaian, bilatzaileen erromesaldi batekin ere topo egiten dugu. Berauek zientzia-gizonak dira, sorkuntza-hizkuntzaren bidez historiaren Jainkoa aurkitzen dutenak. Jakintsuak dira, Egia betea lortzeko zeinuak eta profeziak arakatzen eta interpretatzen dakitenak… Erromesaldiaren gako horrek sakonki interpelatzen gaitu Donostiako Eliza honek gaur hasten duen Jubileu bikoitz honen testuinguruan. Alde batetik, Jubileu unibertsala, modu bereziki sakonean Pedroren ondorengoarekiko elkartzen gaituena. Frantzisko Aita santu berak graziazko eta errukizko garai hau bizitzera gonbidatu gaitu, esperantzaren erromes bihur gaitezen, eta, esperantzaren denboraren zeinua aldatzeko gai izan gaitezela, gure anaiarik ahulenek hainbeste behar duten itxaropen horren zeinu bihur ditzagun… Ate Santuak Jaunaren hitz berberak gogorarazten dizkigu: “Ni ardien atea naiz” (Jn 10,9). Atea zeharkatzeak erabaki bat adierazten du: aurrera jarraitzea eta Jesusek, Artzain Ona, gida gaitzala.

(…)

Loiolako San Inaziok, elizbarruti honetako patroiek, bihotzaren estimuen ikuskatzaile nekaezinak, lagundu diezazuela Jubileu garai hau pasioz eta indarrez bizitzeko biderik onenak aukeratzen. Eta Arantzazuko Andre Mariak, Jainkoaren Amak, “gauza haiek guztiak bere bihotzean hausnartuz iraunarazten zituenak” (Lk 2,19), lagun diezazuela, gorde zaitzatela, eta lagun diezazuela beti zuen begiradak eta bihotza bere Semearengana bideratzen; gaur egun loriarako betierekoa dena, gure haragiaren errealitatean agertu zena”.

Mezaren azken uneetan, jaunartzean, koruak, Madinaren Aita Gurea kantatu zuen, eta, gure elizbarrutiko gotzainak eskerrak eman ondoren, Bere Gorentasunak, José Tolentino de Mendonça, Bedeinkapen Apostolikoa eman zien bertaratutako guztiei Frantzisko Aita Santuaren izenean. Azkenik, alaitasun eta suhartasun giroan, bildutakoek, Gipuzkoak hain maite duen, eta katedralean lau haizetara entzun zen, “Agur Jesusen Ama” kantatu zuten.

Ospakizun honekin, Donostiako Elizbarrutiak bere Jubileuari hasiera eman zion, eta bere 75 urteko historia emankorreko ospakizunen baitan, mugarri esanguratsua zalantzarik gabe. Izan ere, xede ebanjelizatzailea, eta zerbitzu bokazioa berritzen du Gipuzkoako gizartean, eta, aldi berean, Eliza unibertsalarekin bat egiten du.

Katedraleko sarrera nagusiko atean, kardinalak eta gotzainak, jai giroan, aurrez aurre agurtu zituzten mezara bertaratutakoak.

Fernando Prado Ayuso monsinoreak gogorarazten digun bezala, “Jubileu hau, grazia eta berritze garaia izango da elizbarrutiko kristau-elkarte guztiarentzat”, eta sinestun bakoitzari, urte berezi honetan zehar ospatuko diren jubileu-ekitaldietan gogotsu parte hartzeko gonbitea luzatzen die.