Blog

Asteko Ospakizunak

Asteko Ospakizunak

Otsailean sartzearekin batera, Elizak ospakizun bereziak ospatuko ditu aste honetan guztian zehar. Kandelario, San Blas, Santa Ageda bezpera eta Igokundeko San Martin ospatuko ditugu aste guztian zehar.

Baina ezagutzen al ditugu? Ba al dakigu bakoitzaren jatorria, eta ohituraren nondik norakoa? Ezagutu ditzagun:

  • Otsailak 2, astelehena, Kandelario.

Jose eta Maria, Jesus haurra zeramatela, Jerusalemgo jauretxean sartzean, Simeon zaharrak haurra besoetan hartu eta Jainkoa goretsi zuen, Haur harengan, Mesias ikusi zuelako. Nazioak argitzeko argi deitu zion Jesusi gorazarre baten eskutik.

“Nazioak argitzeko argia” ikusi izana irudikatzeko, X. mendeaz geroztik, kandelak bedeinkatu ohi dira egun honetako eukaristia hastean; kandela piztuak eskuetan dituztela, sartu ohi dira eliztarrak batzar santura. Hortik dator egun honek Kandelario  izena. Toki batzuetan, trumoia jotzen duenean, kandela hori piztu eta leihoan jarri ohi da etxea babesteko.

  • Otsailak 3, asteartea San Blas.

Gotzaina eta martiriaren eguna. Armeniako elizaren ordezkari bakarra da Erromako liturgian San Blas, Sebasteko apezpikua (Sivas, Turkian). Hiri hartako sendagilea izan omen zena, berarekiko debozioa X. mendean hasi zen Erroman; XI eta XII. mendeetan zabaldu zen beste eliz elkarte askotara.

San Blas egunean, eukaristia ospakizuna bukatzean, janariak, San Blas opilak, goxokiak eta lepoan eramateko hari eta kordelak bedeinkatu ohi dira, eztarriko gaitzen kontra San Blasen babesa eskatuz.

  • Otsailak 4, asteazkena, Santa Ageda bezpera (“Santa eskea”).

Otsailaren 5ean Santa Ageda (edo Agata), birjina eta martiriaren oroipena ospatzen du Elizak. Dezio enperadore erromatarrak inperio osoan kristauak eraso eta pertsegitzeko agindu zuen III. mendean.

Asko, atxilotuak eta ankerki oinazetuak izan arren, tinko eutsi zion bere kristau-izateari. Hauetakoa izan zen Ageda (Agata) gaztea. Kontsul erromatar batek emaztetzat hartu nahi izan zuen, eta Agatak ezetza eman ziolako, torturatu eta bularrak moztu zizkioten. Martirio horrek emakumeen erresistentziaren, emakumeen kemenaren eta babesaren sinbolo bihurtu zuen Santa Ageda.

Euskal Herrian, Santa AgedaAgate DeunaDeun Agate ere deitzen zaio, eta bere omenez, taldeek, bertso zein koplak kantatzen dituzte otsailaren 4an.

  • Otsailak 6, ostirala, Igokundeko San Martin.

Igokundeko San Martin, Martin [de Agirre] Loinatz, Beasainen jaio zen 1567ko irailaren 11an, eta 18 urterekin, frantziskotar sartu zen Auñongo komentuan. Apaiz eginik, misiolari izatea eskatu zuen.

Mexikon, Filipinan, eta Japonian barrena ibili zen. 1596ko Eguberritan, zenbait gutun idatzi zizkien bere nagusiei euskaraz Osakatik.

Urte hartan bertan, frantziskotar misiolari batzuk eta bertako kristau berri batzuk atxilotzeko agindu zuen Osakan Hideyoshi enperadoreak.

Atxilotu haien artean ziren Igokundeko San Martin  eta San Paulo Miki japoniar jesuita. Meakora eraman zituzten eta han hasi zen beraien nekaldia eta martiritza. Lehenbizi ezkerreko belarria moztu zieten, eta kalez kale ibili zituzten.

Handik, negu gordinean eta mendiz mendi, goseak eta hotzak, Nagasakira heldu ziren. Agintariek, denen eskarmenturako, Japoniako herriak, eta batik bat kristau zirenek ikus zitzaten nahi izan zuten. Baina martiri haiek, denei adorea emanez, bidaia ikaragarri hura osatu zuten.

1597ko otsailaren 5ean, ostiralez, Nagasaki inguruko muino batean, gurutze banatan josi, eta saihetsetatik lantzak sartuz hil zituzten. Bederatzi hilabeteren ondoren, gorpuak eraitsi, sutan erre, eta hautsak itsasoan zabaldu zituzten.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi modu dituzu:

  • Hemen klik eginez: WhatsApp txatean sartu
  • Edo WhatsApp mezu bat bidaliz NAHI DUT testua erantziz 689 105 191 zenbakira