Blog

Astotxo Eguna (Lazkao)

Astotxo Eguna (Lazkao)

Jesus jaio, eta egun batzuetara, aingeru bat azaldu zitzaion Joseri. Aingeruak, Egiptorantz ihes egiteko esan zion Maria eta haurtxoarekin batera; era horretan ez ziren Herodesen atzaparretan eroriko.

Urteak dira, “Astotxo Egunean”, Familia Santuaren ihesaldia Lazkaon antzezten dela. Herriak parte hartzen duen ekimen hau, Errege Egunaren hurrengo igandean ospatzen da; aurten, urtarrilak, 11, antzeztuko dute herriko Lazkao Txiki plazan (13:00etan).

Astotxo Egunak, Zister komentuaren inguruan du jatorria; 1652. urtean. Lazkaoko lekaimeek, Familia Santuaren Egiptorako ihesa azaltzen duten irudiak elizako presbiterioan jarri zituzten, eta herritarren artean ohitura bihurtu zen irudiak ikustera joatea. 80. hamarkadan, ohiturak beste urrats bat eman zuen, herritar talde batek irudiko pasartea antzezten hasi zen. “Egiptorako ihesa” antzezlana Zawopi elkarteak antolatzen du, eta egun honetarako, Infantadoko dukearen jauregia, Herodesen jauregi bihurtzen da, eta Lazkaoko alde zaharra, berriz, Judean.

Aurretik, urtero bezala, meza ospatuko da 11:00etan Santa Ana monastegian. Bestalde, goiz guztian zehar, Astotxo Egunean hain ezagunak diren olatak salduko dira.

……………………………………..

Astotxo Egunaren ibilbide kronologiko:

1652 urtea. Festaren hasiera – María de Lazcano / Zistertarren komentua.

1956 urtea.El Popular “Astotxo (José María Donosty).

1963tik 1980 urtera. Ekimena ez zen ospatu.

1988 urtea. Lehen kale antzerkia.

2012 urtea. Kale antzerkiaren 25. urteurrena.

2020 urtea. Pandemiak antzezpena eten zuen (33. ekitaldia).

2024 urtea. Hiru urteko etenaren ondoren, ekintza berreskuratu egin zen (34. ekitaldia).

2026 urtea. 36. ekitaldia

…………………………………….

“Ez gara ez lehenak, ez azkenak izango Astotxo Eguna hauspotzen”

Urteak dira Axier Sukiak (Lazkao, 1974) Astotxo Eguneko antzezpenean parte hartzen duela. Herritar askorekin batera, ekitaldiko azken ukituetan buru-belarri murgilduta dabil. Bere hitzak jarraituz, argi ikusten da oso gertutik bizi duela ekimena. Beraz, ezagutu dezagun “Astotxo Eguna” lehen pertsonan.

– Noiz hasi zinen Astotxo Egunean parte hartzen?

1988an, hau da, Maria, Jose eta haurtxoaren ihesaldiaren kale-antzerkia egiten hasi zenetik.

– Ze pertsonaia antzeztu izan dituzu?

Dekretu irakurlea, eta azken urte luzeetan, Herodes erregea.

– Zer da zuretzat Astotxo Eguna?

Urte-garai berezi bat baina ez da Astotxo-Egunera mugatzen; ekitaldiaren prestaketarekin, Astotxo-Eguneko ospakizunarekin eta ondorengo egunetako itxierarekin du zerikusia.

Prozesu hori, jende askoren bilgunea da. Oso gustuko dut, borondate hutsetik, bakoitza bere ikuspegitik, jendeak zenbat lan eta ze arreta jartzen duen ikustea.

Eta urte batekoa bukatuta, hurrengo bati ekiteari zentzua bilatzea. Jakinda, ez garela ez lehenak, ez azkenak izango Astotxo Eguna hauspotzen.

– Astotxo Eguna ezagutzen ez duenari nola azalduko zenioke zertan datzan Astotxo Egunak?

Lazkaora hurbilduz gero, festa orijinal, oso berezkoa topatuko du. Gure herrian bakarrik ospatzen da, eta orijinaltasunari, tradizioa eta herriaren partehartzea gehitzen zaizkio.

– Herriaren parte hartzea (adin ezberdinak) al da Astotxo Egunaren ezaugarrietako bat?

Bai, hala da. Lazkaok, Astotxo Eguna baloratzen badu, zaindu egin behar du. Elikatu. Lagundu. Herriari parte hartzeko aukerak ematen asmatu behar du.

Zistertarren komentuan sortu eta urte luzez ospatutako festa, antzerkiaren eskutik, kalera atera, eta gaur egun dituen espresio ezberdinetara eboluzionatu du.

– Horrek, jendetzaren parte hartze eta koordinazio handia eskatzen du. Nola antolatzen zarete?

Lantalde ezberdinetan; muntaia, arropak, musikala, antzerkia…. Koordinazio dinamika bat dugu martxan ia urte osoan. Noski, hau sutsuagoa da irailetik urtarrila bitartean, eta urte bat ondorengoarekin lotzen saiatzen gara. Beti ere, oinarri egonkor batetik abiatuz, ideia edo berrikuntzaren bat txertatzeko.

– Esan daiteke, Astotxo Eguna, ondare erlijioso-kulturala dela?

Bai, hala da. Astotxo Egunak antzaldatzen asmatu zuen Zistertarren komentutik ateratzean. Baino, hori horrela izanda ere, gure printzipioen artean, bat, festaren jatorriari eustea da, nondik gatozen ahaztu gabe.

Hori horrela, kale antzerkian, familia sakratuaren ihesaren pasarte biblikoa antzezten dugu, non ihes horretan, lagun bakarra duten; astotxoa. Eta astotxoak jaso zuen lazkaotarren arreta, festari izena emanaz.

– Herri antzezpen handia.

Bai. Eskerrak luzatu nahi dizkiet Astotxo Eguna ospatu dadin bere denbora ta laguntza eskaintzen duen hainbat eta hainbat jenderi. Antzerkian ehun lagun inguru arituko gara, baino askoz gehiago dira, isilpeko partehartzaileak. Bakoitzak bere erara, bere ikuspegitik.

Astotxo Eguna 2025:

https://youtu.be/4uyjiQXUmro?si=xAN72MQYDD9fDF7l

https://youtu.be/H6a1ZhNhH8M?si=-Fy-OrgxJZuYZNX3