Blog

«Carlo Acutis: Eukaristia ospatua, gurtua eta… bizitua» (Gotzainaren mezua)

«Carlo Acutis: Eukaristia ospatua, gurtua eta… bizitua» (Gotzainaren mezua)

On Fernando Prado Ayuso, CMF

Donostiako gotzaina

Santuen bizitzan beti aurkitzen ditugu gaur egungo kristauak, eta batez ere gazteak, inspiratu ditzaketen bide argitsuak. Carlo Acutis, 2006an hamabost urterekin hil zen nerabe milandar hura, itsasargi bihurtu da dagoeneko belaunaldi honentzat. Bere bizitza labur, xume eta Jaungoikoari sakon loturik dagoenak kristau izatearen bihotza Eukaristiaren inguruan taupadaka eta bertatik elikatzen dela gogoratzen digu. Idazki labur honen izenburuak —“Eukaristia ospatua, gurtua… eta bizitua”— proposamen labur eta xumea izan nahi du, bere bide espiritual bera egiten lagunduko diguna. Guztiontzat izan liteke, bereziki zuentzat, gazteok, benetako bizi-programa bat.

Gazteen Jubileurako elizbarrutiko erromesaldia zela eta, topaketa amaitu eta handik egun pare batera Asisera joan nintzen eta bertatik bertara ezagutu ahal izan nuen santu berriaren bizitza. Bere gorputzaren aurrean otoitz egiteko aukera ere izan nuen. Gorputz hori betiko dago jertseaz, bakeroekin eta kirol-zapatilez jantzita, baina, batez ere, irrifar gazte eta lasai ederrarekin. Esperantzaren Jubileuaren erdian, udako egun hauetan, gazteentzako eta Elizarentzako esperantza berri bat nola sortzen ari den ikusi dut. Carlo Acutis beste argi bat da, inspirazio xume baina indartsua aldi berean, “Itxaropenean erromes” gisa gure bidean etorkizuneko gida gisa agertzen den izarra.

Eukaristia «ospatua»

Carlo ez zen konformatzen «mutil ona izatearekin»: oso goiz ulertu zuen Meza zerbait zentrala eta nuklearra zela «kristau» bizi nahi dutenentzat. Hortik indar berezi bat jasotzen zuen, bizitzeko bitamina bat bezala. «Eukaristia zerurako nire autobidea da», esan ohi zuen. Kristau askok ohiturari edo axolagabekeriari men egiten dioten garai honetan, Carlok bere gaztetasunetik Eukaristia ospatzearen edertasuna eta garrantzia gogoratzen digu. Berak sentitzen zuen, Eukaristiarik gabe, fedea ahulduz zihoala apurka-apurka, desagertu arte. Izan ere, Carlok, San Carlok —hobeto esanda—, bazuen ohitura, beharbada bere adineko gazte batentzat arrotza zena, egunero mezatara joateko. «Jesusekin beti bat eginda egoteko» zuen modua zen, berak zioen bezala. «Hori da nire bizi-programa bakarra». Hala ikusarazi zuen zazpi urterekin lehen jaunartzea egin zuenetik. Berarentzat igandea, gainera, are egun bereziagoa zen. Ez zen nolanahiko eguna, asteko egunik garrantzitsuena baizik, egun horretan Eliza osoa biltzen baita Jainkoaren Hitza entzuteko eta Kristok heriotzaren gainean lortutako garaipena ospatzeko. Berak honetan parte hartu nahi zuen, nahiz eta agian liturgiaren beraren gauza asko ez zituen guztiz ulertuko. Bide batez, Milango bere elizbarrutian Eukaristia ‘Erritu Anbrosiano’ deritzonaren pean ospatzen da, gure ‘Erritu Erromatarra’ ez bezalakoa dena.

Askotan, mezan predikatzen dudanean, batez ere igandeko Eukaristian, bertaratutakoei fedea elkarrekin ospatzen dugunean, mirari txiki bat gertatzen dela esatea gustatzen zait. Benetako «mirari eukaristikoa». Fedea elkarrekin ospatzen dugunean, bakoitzaren fedea indartuta ikusten da. Hori da mirari handia. Senideekin batera ospatutako Eukaristiak, denak Jesusen aldarearen inguruan bildurik, gure sinestun bizitza sendotzen du. Gehiago lotzen gaitu berarekin eta gehiago batzen gaitu gure artean. Ospatutako Eukaristiak indartsuago egiten gaitu, fededunago, seme-alaba eta anai-arrebak izatearen poza sendotzen du gugan, hobeak izaten laguntzen digu, gure bizitza Hitzaren arabera hobeto bideratzen eta gure bizitza mundu hau hobetzeko konpromisoan bihurtzen. Eukaristia ospatzeak hainbeste on egiten digu…!

Bereziki gazteei, Eukaristiaren parte hartzean, batez ere igandean, zuen bizitzarako hain berezia den bizi-une hori deskubritzera gonbidatu nahi zaituztet. Horrela bizi zuen San Carlok. Kontua ez da arau bat «betetzea» bakarrik, baizik eta Jaun berpiztuarekin topo egitea, Bera ematen baitzaigu biderako elikagai gisa, indartu egiten baitu Harekiko gure adiskidetasuna eta besteekiko gure elkartasuna. Fedea ezin da bakarrik bizi. Igandeko mezak elkartzen gaitu, familia egiten gaitu, Eliza bihurtzen gaitu, harmonia eta elkartasun handia sortzen du gure artean, hain ezberdinak izan arren.

Eukaristia «gurtua»

Carlo gazteak harreman estua zuen sakramentatutako Jesusekin. Gure Jaunaren aurrean denbora luzea ematen zuen gurtzan. Batzuetan, kustodiaren aurrean egiten zuen; beste batzuetan, elizetako tenplu sakratuak bisitatu eta haien aurrean otoitz egitea gustatzen zitzaion. Atsegin zitzaion Jaunari bisita egitea, hurbil sentitzea. Honela, sakramentalki presente zegoen Jaunaren aurrean, bere sakrifizio txiki eta handiak maitatzen, bereizten, eskaintzen ikasi zuen, Lagunaren aurrean berezi sentitzen. Jaunarenganako hurbiltasun etengabeak bere bizitza eraldatu zuen, hainbesteraino non Jaunarengan jarrera sakon bat hazi zen, zeinetan bera kontzienteki tematu zen. Carlok bere azken egunetan zioenaren lekuko da bere ama: «Pozik nago. Hil egiten naiz, baina Jainkoari desatsegin lekizkiokeen gauzetan minutu bat ere galdu gabe bizi izan naiz».

Badakigu gurtza ospakizunaren luzapena dela: Meza santuan Jauna hartzen badugu, gurtzan Berarekin geratzen gara, lagun bat beste lagun batekin egoten den bezala, bere adiskidetasuna guretzat beti onbera dela jakinik. Carlori hau esatea gustatzen zitzaion: «Eguzkitan jartzen garenean belztu egiten gara, baina Eukaristian Jaunaren aurrean jartzen garenean, santu bihurtzen gara». Baina ez da bigarrena ulertzen lehenengoa gabe. «Eukaristia ospatzea ez da erritu hutsa, benetako elkartzea da Jesusekin. Eukaristia zenbat eta gehiago jaso, orduan eta Jesusen antz handiagoa izango dugu». Zein kontraesan handia izango litzatekeen Jesus sakramentatua gurtzea, baina hura jasotzera mezetara ez joatea! San Carlok, «belauniko» ikasi zuen Jaunaren aurrean bakoitza bakarra eta berezia dela bere begietan. «Orijinalak jaiotzen gara, nahiz eta batzuk fotokopiak bezala hiltzen diren», deitoratzen zuen Carlok, ikusirik denek ez zutela ulertzen Jainkoaren begietara denok dugula izen propio bat eta leku garrantzitsu bat bere bihotzean. Horregatik, Frantzisko aita santu zenduak, lehenengo dohatsu egin zuenak eta bere heriotza zela eta bere Kanonizazio zeremonia egin ezin izan zuenak, esaten zuen Elizan ere, Kristoren bihotzean denok dugula leku bat. Eta hori da Kerigma, mundu honetako gizon-emakume guztiek bihotzean entzutea espero duten Berri Ona. Denok maite gaitu Jainkoak, edozein zirkunstantziaz haraindi, edo are gehiago ahulak eta bekatariak bagara. Hala bizi zuen Carlo gazteak, gainerakoek ere nabaritzen zuten bizitasunez. Eta esaten zuen: «Ez nik, Jainkoak baizik. Bera gabe ezin dut ezer egin».

Gaur, presak eta dispertsioak gure bizitza betetzen dutenean, eukaristiaren gurtza oasi bat bezalakoa da. Bat Jaunaren aurrean jartzen denean, sagrarioan Kristoren presentzia sakramentala eta errealaren aurrean, edo kustodian erakutsitako Jaunaren aurrean, kontua ez da gauza asko egitea, baizik eta egotea, begiratzea eta begiratzen uztea, maitasunaren hizkera isila ikastea. San Carlo konturatu zen «egon» horretatik indar eraldatzaile bat sortzen dela probei, ikasketei, lagunei, porrotei aurre egiteko, baita, bere kasuan, azkenean, heriotzara eraman zuen gaixotasunari aurre egiteko ere.

Eukaristia «bizitua»

Baina Carlo gaztea ez zen ospakizunean geratu, ezta adorazioan ere. Eta hamabost urte eskas zituen! Eukaristiak bere baitatik irtetera bultzatzen zuen. Kristorekiko adiskidetasunak besteez arduratzera bultzatzen zuen. Batez ere, kaleetan aurkitzen zituen pobreekiko sentiberatasun berezia izan zuen, nahiz eta eskolan ikaskide ahulenak ere defendatzen zituen. Carlok informatikako ezagutzak erabiltzen zituen Jesusi buruz hitz egiteko eta munduari «mirari eukaristikoen» zaletasuna baino gehiago zen zerbaiten edertasuna erakusteko. Parrokiako katekesian laguntzeaz gain, benetako ebanjelizatzailea zen Internet bidez eta, batez ere, bere bizitza gaztearen testigantza xume eta alaiarekin.

Hemen dago gakoa: Meza Santua ez da «zoazte Jaunaren bakean» esatean bukatzen. Hortxe hasten da dena. Misioa hasten da orduan. Ospatu dugunak, otoitzera, gurtzara eramaten dugu. Eta hortik, ondorio gisa, naturaltasunez eramaten gaitu bizitza konkretuan bizitzera: etxean, estudioan, laguntasunean, besteei eskuzabaltasunez ematean. Eukaristiak indartu egiten gaitu, karitatearen bidean konprometitzen gaitu eta maitasun eta errukizko lanak egitera bultzatzen gaitu, Carlori bezala. Horrela gure bizitza testigantza erreal bihurtzen da, bere presentzia sakramentala bezain egiazko. Besteak gai dira guregan ikusteko ospatzen eta gurtzen duguna benetan sinesten dugula, bizi dugulako. Carlok, hamabost urteko mutiko bat besterik ez bazen ere, bere neurrira eta bere heldutasunarekin ulertu zuen kristau izatea ez dela teoria hutsa, maitasun praktika baizik. Carlok ongia egiteaz eta behartsuei laguntzeaz hitz egiten zuenean esan ohi zuen zerbaiten testigantza ere ematen zuen amak: «Calcuta ez dago urruti. Etxe azpian daukazu». Indiako Calcuta hiriaz ari zen, non Ama Teresa pobreen artean pobreenak zerbitzatzeko «bokazioaren barruan» jaio baitzen.

Guztiontzako eredu hurbila

Gazte maiteok, San Carlo zuek bezalako gaztea zen: lagunak zituen, jolasten zuen, dibertitzen zen, ikasten zuen, musika, kirola eta teknologiak maite zituen. Ez zen komentu batean bizi, baizik eta eskolan eta familian, gutako edozein bezala. Eta bizimodu normal horren erdian, hamabost urte besterik ez zituela, funtsezkoena aurkitzen jakin zuen: Kristo bizirik dagoela. Bai, Bera bizi da! Bera izan daiteke zuentzat, Carlo gaztearentzat izan zen bezala, bidelagun mina. Santu berrian lagun bat aurkitzera gonbidatzen zaituztet, santutasuna gutxi batzuentzat gordeta ez dagoela ikusarazten duen adibide bat, guztion bokazioa dela erakusten duena. Jainkoaren begietarako atsegina izan daiteke bat hain gauza apartak egin gabe. Nahikoa da Jesusengandik hurbil sentitzea, haren bila ibiltzea, haren adiskidetasunak lagun egiten uztea eta haren bideetan ibiltzea. Eta hori beti egin daiteke, hamabost urterekin edo laurogei urterekin.

Hemendik aurrera, Elizaren fedeak ematen digun segurtasunarekin otoitz egin diezaiokegu santu berri honi. Bitartekari berria dugu zeruan, laguntzaile eraginkorra, guretzat Kalkutako Santa Teresa edo Loiolako San Ignazio diren bezala. Eska diezaiogun Jaunari, fedean oinarrituz, San Carlo Acutisek gure alde esku hartu dezan, ospatutako eta gurtutako Eukaristia bakoitzak gure bizitzak eraldatu dezan eta, gure bitartez, mundua eraldatu dadin, hain beharrezko dugun bake eta maitasun hori nagusitu dadin. San Carlo Acutis…, ora pro nobis.