Carmen Bernabe: “Emakumeen ‘lekua’ Eliza sinodal batean: argi bat iturburutik”
Donostiako Elizbarrutiak, martxoaren 20an, asteazkena, Carmen Bernabe Teologian doktorearen hitzaldiarekin, emakumeek Elizan duten lekuaren inguruko mintegi iraunkorra (“Bidean”) inauguratu zuen. Hurrengo hilabeteetan, Teologian, Historian, Pastoraltzan, Espiritualtasunean, Ekonomia, Soziologia, Generoan etab.-etan adituak diren pertsonek parte hartuko dute mintegian.
Artzain Onaren katedralean bildu ziren 70 lagunen aurrean, Carmen Bernabe doktoreak, Deustuko Unibertsitateko irakasleak, eta emakumea eta kristautasunaren inguruan hainbat liburu eta artikuluren egileak, “Emakumeen ‘lekua’ Eliza sinodal batean: argi bat iturburutik” izenburupeko hitzaldia egin zuen. Bertan, emakumeek Elizan duen parte hartzearen eta protagonismoaren gaia jorratu zuen, bai ikuspegi historiko eta teologiko batetik, bai gaur egungo sinodalitatearen testuingurutik. Honek, Jaungoikoaren herriko kide guztien arteko erantzun-kidetasun eta elkartasun handiagoa eskatzen duena. Zehatz-mehatz, hitzaldiaren edukia, honako sail hauetan banatu zen:
1.Elizaren Prozesu Sinodala. Bernabe doktoreak Elizaren egungo prozesu sinodala azpimarratuz hasi zuen bere hitzaldia.
2. Kristautasunaren Bilakaera Historikoa. Kristautasunaren ibilbide historikoaren ikuspegi panoramikoa, hasiera apaletatik hasi, eta hedapen orokorreraino, eta aldaketa horiek nola eragin duten Elizaren egungo egituran eta jardueran.
3. Jerusalemgo Biltzarra. Bernabe doktoreak, Jerusalemgo Batzarra, bidean dagoen Elizaren paradigma bezala aztertu zuen, bere esanahi historikoa eta Jainkoaren Hitzaren interpretazio garaikidean duen garrantzia eztabaidatuz.
4. Kristautasunaren Lehen Belaunaldietako emakumeak. Hitzaldiaren puntu gorena, Jesusen mugimenduan hasi eta Eliza sortu arte, hau da, kristautasunaren lehen belaunaldietan, emakumeen parte hartzearen azterketa izan zen.
5. Gaurkotasuna. Emakumeak Eliza sinodalean; azkenik, Bernabe doktoreak gaurko Eliza sinodalean emakumeek duten lekuari buruzko hausnarketa batekin itxi zuen bere aurkezpena.
Mintegiaren helburua Elizan emakumeen presentzia, lekua, zerbitzua eta karismari buruzko hausnarketa, prestakuntza eta elkarrizketarako elizbarrutiko gune bat eskaintzea da. Baita Frantzisko Aita Santuak eskatzen digun, irteeran dagoen Elizaren erantzunkidetasun eta eliz-elkartasun handiagoa lortzeko mahairatzen diren erronka eta aukerei buruz ere. Hurrengo hilabeteetan, mintegi iraunkorrak aurrera jarraituko du, hitzaldi eta jarduera ezberdinen eskutik.
Hitzaldi osoa, prestakuntza-material gehiagorekin batera, ikus ditzakezu Donostiako Elizbarrutiko YouTube kanalean. PDF formatuan ere deskargatu dezakezu.