Blog

Gabonetako kontzertua Artzain Ona katedralean

Gabonetako kontzertua Artzain Ona katedralean

Gaur (abenduak 12) eguerdian, Victoria Eugenia antzokiko prentsa-aretoan, datorren igandean, abenduak 15, Donostiako Artzain Ona katedralean (20:30etan) ospatuko den Eguberriko Kontzertua aurkeztu da.

Unai Manterola, Artzain Ona katedraleko apaizaren hitzetan “bigarren urtez antolatzen da, baina, kontzertua, Eguberri garaian ohitura edo tradizio bihurtzea nahiko genuke. Gipuzkoar, eta bereziki donostiar fededunentzat, erreferentzia lekua da Artzain Ona katedrala. Era berean kulturak eta fedeak uztarri berean ibiltzeko aukera dutela uste dugunez, katedrala leku egokia da, Eguberritan, kontzertu hau ospatzeko, maila handiko musikariekin gainera”.

Donato Concatok, OE Oficinaren izenean, zera gogorarazi du, Aita Donostia ganbera musikako jaialdiaren ekimen berria, jada, abian dela Donostiako Kaputxinoen elizan (abenduaren 10, 11, 17 eta 18an). Kontzertuen ordutegia: 20:30.

Bestalde, datorren igandean Donostian ospatuko den Eguberriko Kontzertuaren ondoren, jaialdia, Madrilen amaituko dela adierazi du Donatok. Medinaceliko Jesusen basilikan hain zuzen ere, hau da, Aita Donostia kide zuen kaputxinoen ordenaren elizan.

Tatiana Samouilek, New Chamber Orchestraren proiektuaren zuzendaria, ere parte hartu du prentsaurrekoan; proiektu horren helburua profesionalen eta ikasleen arteko – musikaren etorkizun oparoa- lankidetza sendotzea da.

“Oso hunkituta nago, katedralean, bigarren aldiz, nire ikasleekin, eta Musikeneko beste ikasleekin batera Eguberriko Kontzertua zuzentzeaz”, adierazi du Tatianak. “Oso adierazgarria iruditzen zait jendearen erantzun hain handia ikustea; dagoeneko 600 erreserba baino gehiago egin dira internetez. Grabazioen bidez musikarako sarbidea izatea oso garrantzitsua den arren, zuzeneko kontzertu bat beti da desberdina, eta horren lekuko, horrelako ekimenak estimatzen dituen jende guztia”.

“Oso pozik nago, ziurrenik, nire bizitzako proiekturik garrantzitsuena delako”, gaineratu du Tatianak. “Musikako irakaslea naizen aldetik, ezagutza helarazteko erarik onena, musika praktikatzea dela uste dut; irakasleek eta ikasleek elkarrekin egiten dutena, alegia”.

Kontzertuan ere, Easo Abesbatzak, Studio 24 balletak (Iker Murillo), Pavel Gomziakov biolontxelo jotzaileak parte hartuko dute. Baita soprano berezi batek; Anna Samouilek, Tatianaren arrebak. Anna, Berlinetik etorriko da, eta lehen aldiz arituko da Donostian. “Musikagile ezberdinen lau aria kantatuko ditu, eta kontzertuaren bigarren zatian, berriz, Aita Donostiaren ‘Le Noël de Greccio’ eskainiko da. Gabonetako kontzertu bikaina!”, adierazi du Tatianak.

Biolin-jotzaile ospetsuarentzat kontzertu berezia izango da oso. “Nire ahizpa Anna soprano handia da; niretzat ikaragarria da bat egitea. Berarekin, nire ikasleekin eta lagunekin eszenatokia partekatzea… Eguberria da!”, adierazi du hunkituta.

Anna Samouilek, Josu Okiñena pianojole gipuzkoarrak lagunduta, beste kontzertu bat -ahots eta piano emanaldia- eskainiko du Donostian abenduaren 18an (20:30ean, Kaputxinoen eliza).

Aita Donostia zikloko kontzertu guztiak eta Eguberriko Kontzertua (abenduaren 15ean, 20:30ean, Artzain Onaren katedrala) doakoak diren arren, sarrera aldez aurretik erreserbatu behar da webgune honetan: www.oeoficina.com