Blog

Castel Gandolfon ospaturiko The Economy of Francescoren 2025eko Topaketa Orokorrean parte hartu zuten Gipuzkoako bi ordezkarik

Castel Gandolfon ospaturiko The Economy of Francescoren 2025eko Topaketa Orokorrean parte hartu zuten Gipuzkoako bi ordezkarik

“Restarting the Economy” (Ekonomia berrabiaraztea) lelopean, azaroaren 28tik 30era, The Economy of Francesco (EoF) erakundearen 2025eko topaketa orokorra ospatu zen Castel Gandolfon (Erroma).

Dozenaka herrialdetako 600 ekonomialari, ekintzaile eta aldaketa-sustatzaile baino gehiago elkartu ziren, pertsona, justizia soziala eta guztion ongia ekonomiaren erdigunean jarriko dituzten proposamenak hausnartzeko eta partekatzeko.

EoFeko, euskal hub-eko bi kidek hartu zuten parte: Nerea Barriocanal Mongelos (28 urteko arrasatearra, Bruselan barrena dabilena), eta Manu Egaña Txopitea (44 urteko oñatiarra).

Biek, nazioarteko bilkura euskal hub-aren jarduerak aurkezteko aprobetxatu zuten, eta bereziki, “Enpresa Humanistaren Kluba” proiektua eman zuten jakitera, hau da, balioekin bat datorren pertsonen eta komunitatearen zerbitzura egongo den ekonomia sustatzera bideratutako ekimena.

Topaketan, Nereak eta Manuk osoko bilkuretan eta networking guneetan parte hartu zuten gazte ekintzaile, ekonomialari, eta kontinente guztietako aldaketa eragileekin batera; bertan, giza duintasunean, jasangarritasunean, lan duinean eta justizia sozialean oinarritutako eredu ekonomikoei buruz hitz egin zuten.

“Ekonomia berrabiarazteko” deiaren barruan kokatu zen ekitaldia: pertsona erdigunean jarriko duen, egiturazko desberdintasunak indargabetuko dituen, sorkuntza zainduko duen, eta guztiei, duintasuna eskainiko dien sistema ekonomiko bat eraikitzea, alegia.

Euren parte-hartzearekin, euskal hub-ak ekonomia humanistarekiko konpromisoa indartu du, Euskaditik eredu global bidezkoago eta jasangarriago bateranzko hazia izateko prest dagoena.