Blog

Apaizek egiten duten lana

Apaizek egiten duten lana

COPE irratiko ‘La Linterna de la Iglesia’ saioan, on Fernando gotzainak eskerrak eman zizkien Elizbarrutiko apaizei egiten duten lanagatik, eta Frantzisko Aita Santuak Indonesiara egindako bisitaren ondorioen inguruan iritzia eman zuen.

“Gure apaizak”

“Elizbarrutian urte eta erdi daramadan honetan, nire apaizak ezagutzen ari naiz, eta Elizbarruti osoari beraiekiko dudan miresmena jakinarazi nahi dut.

Hala ere, gero eta apaiz gutxiago eta gero eta zaharragoak direla gogorarazi du, kristau elkarte osoan gertatzen den bezala:

“Gutunean, fededunak gonbidatzen ditut beren apaizak gehiago ezagutzera, eta apaiz ugaritasunik ez dagoen garai hauetan, egiten duten ezinbesteko zerbitzuaren berri izatera. Aldaketa handiko garai konplexuak bizi ditugu, eta apaiz falta hau sakontasunez heldu behar dugun zailtasuna da”, adierazi du ‘La Linterna de la Iglesia’ irrati-saioan.

Aita Santuaren bisita Indonesiara

Donostiako gotzainaren esanetan, erlijio-arteko elkarrizketa Frantzisko Aita Santuaren Pontifikatuaren lanetariko bat da, eta hori, beste behin ere Indonesiako egonaldian agerian geratu da. Argentinako Aita Santuak, topaketa historiko bateko partaide izan da Iman Handiarekin batera; Asiako herrialdeko meskita handiena bisitatzeaz gain, giza duintasunaren eta ingurumenaren aldeko adierazpena sinatu du:

“Polarizazioaz, muturreko jarreraz eta gerra garaiez bizi garen garai hauetan, adibidez, Ukrainan edo Palestinan, eta beste leku batzuetan, bizi dugun elkarrizketa da, agian, landu beharrekoa, eta inoiz baino beharrezkoagoa. Frantziskok denekin hitz egin nahi du, eta elkarrizketa eta itun hori, adostasun ezak konpontzeko bide gisa proposatzen ditu.

Elkarrizketa hemen entzun: “La Linterna”.