Blog

“Bidean”: Emakumea eta Eliza mintegi iraunkorra

“Bidean”: Emakumea eta Eliza mintegi iraunkorra

Donostiako Elizbarrutiak emakumeak Elizan duen zereginaren inguruko mintegi iraunkorra (“Bidean”) ospatuko du zenbait hilabetetan zehar. Bertan, Teologian, Historian, pastoraltzan, espiritualtasunean, generoan, etab.-etan adituak diren pertsonek parte hartuko dute.

Mintegiaren helburua, Elizan, emakumeek duten presentziaren, zerbitzuaren eta karismaren inguruko hausnarketa, prestakuntza eta elkarrizketarako gune bat eskaintzea da. Era berean, baita Frantzisko Aita Santuak gonbidatzen gaituen XXI. mendeko eliza sinodalean erantzunkidetasun eta eliz bategite handiagoa lortzeko planteatzen diren erronka eta aukerak aztertzea ere.

Lehenengo hitzaldia, Carmen Bernabek, Teologian doktore eta Gizarte Lanean lizentziadunak, emango du. Carmen, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, eta emakumea kristautasuna gaitzat dituen hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu.

“Emakumeen ‘lekua’ Eliza sinodal batean: argi bat hasiera-hasieratik” izango da hitzaldiaren izenburua. Bertan, emakumeek Elizan duten parte-hartzearen eta protagonismoaren gaia jorratuko da, bai ikuspegi historiko eta teologiko batetik, bai sinodalitatearen egungo testuingurutik ere; Jainkoaren herriko kide guztien arteko erantzunkidetasun eta elkartasun handiagoa dakarrena.

Bernabe irakaslea aditua da Jesus historikoan eta Jesus biblikoan, baita Maria Magdalenaren nondik norakoa aztertzen ere. Kristautasunaren garapena eta autoritate-ereduetan emakumearen egitekoa ere aztertu ditu garai desberdinetan. Gai horiei buruzko hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu, besteak beste, Qué se sabe de… María Magdalena (Verbo Divino, 2020), Mujeres con autoridad en el cristianismo antiguo (Aletheia, 2007), Así vivían los primeros cristianos (Agora, 2017), Evolución de las prácticas y de las creencias en el cristianismo de los origen (Agora, 2017).

Hitzaldia, datorren martxoaren 20an, asteazkena, ospatuko da, 19:00etan, Elizpe aretoan (Donostiako Artzain Onaren katedrala): sarrera librea edukiera bete arte. Aukera paregabea erlijioaren eta gizartearen arteko elkarrizketarekin konprometituta dagoen ahots jantzi bat entzuteko, batik bat, Elizako emakumearen esparruan.