Hitzarekin topatuz “Jainkoagan jartzen dut nire itxaropena”
Donostiako Elizbarrutiak, “Hitzarekin topatuz”ekin, espiritualtasuna landuz, pastorala eta misiolaritza berritzea du helburu
Donostiako Elizbarrutiak aurrera jarraitzen du pastoral eta misiolari eraberritze prozesuan. Bide horretan, alderdi espiritualak funtsezko garrantzia du kristau elkarteen bizitza sendotzeko, eta fedearen bidez, errealitatea argitzeko. Hala adierazten du gure Bikario Nagusiak, Mikel Aranguren, “Hitzarekin topatuz” Gutunean:
«Bizi dugun elizbarrutiko garaiak, pastoral eta misiolari berritzeak, eta gure Elizbarrutiaren sorreraren 75 urteen ospakizunak, mundu mailako Jubileuarekin batera -“Itxaropenean erromes” du goiburu-, kristau itxaropenean sakontzera bereziki gonbidatzen gaitu. Bestalde, zalantzarik gabe, erronka eta aldaketa garai hauetan, itxaropena landu eta partekatu beharreko funtsezko bertute bihurtzen da. Gure gotzain Fernando Pradok, “Harengan gure itxaropena” izeneko bere azken pastoral gutunean, “Espiritu Santua da mugiarazten gaituena, bere hatsa gugan jotzen duena beti, mugak, zailtasunak eta bizi ditugun egoera korapilotsuak bizi arren”, gogorarazten digu.
Hain zuzen ere, itxaropena da 2025eko Jubileuaren mezu nagusia, “Itxaropenean erromes”, eta kristau itxaropenaren bertutean modu berezian sakontzea da ekimen honen helburua, fededunen bihotzetan, fedea berpiztuz. Bikario Nagusiaren hitzetan:
«Kristau itxaropenaren bizipena indartzeak lagunduko digu, ez bakarrik gure espiritualtasuna lantzen, alderdi funtsezkoa konbertsio pertsonal eta komunitarioan, baizik eta bizitzen ari garen errealitatea argitu ahal izaten; haren argi eta itzalen, mehatxuen eta aukeren irakurketa sinestuna egiten… Itxaropena da Jainkoaren presentzia sumatzen, eta Berak oinez ibiltzera gonbidatzen gaituen zeruertzera bideratzen utziko diguna, pertsonalki, baina baita elkarrekin ere, kristau-elkarte gisa».
Desira honekin, Elizbarrutiak “Hitzarekin topatuz” ekimena proposatzen die parrokia eta kristau-elkarte guztiei, “Jainkoagan jartzen dut nire itxaropena” izenburupean; Jainkozko Irakurketan oinarritutako otoitz-ibilbidea da, itxaropenaren arrazoiak aurkitzen eta sakontzen laguntzen duten hamar testu biblikoz osatua. Bere gutunean, Mikel Arangurenek parte hartzeko gonbidapena azpimarratzen du:
«Hau dela eta, zuei guztioi zuzentzen natzaizue anai-arreba maiteok, gonbidatzeko eta animatzeko, denbora berezia eskaini dezagun gure kristau-elkarteetan Jainkoaren Hitzarekin otoitz egiten, itxaropen kristauaren inguruan, inoiz huts egiten ez duen itxaropena. Horretarako, Jainkozko Irakurketan oinarritutako otoitz-materiala prestatu dugu: “Jainkoagan jartzen dut nire itxaropena”. Hitzarekin otoitz egiteko 10 topaketaz osatua dago, fede pertsonal eta komunitarioaren bizipena sakontzen laguntzeko, jubileuarekin, eta gure Elizbarrutiko pastoral eta misiolari eraberritze bidearekin bat eginez».
Ibilbide hau parrokia-elkarte bakoitzak egin ahal izango du; materiala formatu digitalean edo paperean jasoz, baita zabalkunde-kartel bat ere. Horrez gain, urtarrila eta maiatza
bitartean sei leku zehaztu dira Elizbarrutian, eta bertan, 15 egunez behin topaketak egingo dira, artzapezpikutza bakoitzean bat:
- Andoain. Osteguna, 18:00etan. Ana Zubirik (jesuitina) gidatua.
- Arrasate. Osteguna, 20:00etan (Abade etxea). Paco Etxebestek (apaiza) gidatua.
- Beasain. Osteguna, 16:00etan (Zeruratzea parrokia). Javier Txurrukak (apaiza) gidatua.
- Hondarribia. Osteguna, 19:00etan (Karmeldar monasterioa). Patricia Noyak (karmeldarra) gidatua.
- Donostia. Osteguna, 20:00etan (katedraleko kapera). Mikel Aranguren jaunak (Bikario Nagusia) gidatua.
- Zumaia. Osteguna, 20:00etan (San Pedro parrokia). Yon Cuadradok (apaiza) gidatua.
Bikario Nagusiak bere eskutitzaren amaieran adierazten duen bezala, itxaropena da gure garaiko erronka eta aldaketei aurre egiteko laguntzaile nagusia, beti Jaungoikoaren presentzia eta grazian oinarrituz:
«Hitzarekiko otoitz-topaketa hauek, gure elizbarrutian erromes gabiltzanontzat, itxaropen eta sendotasun iturri izan daitezen nahi dut».
Proposamen honekin, Donostiako Elizbarrutiak beste pauso bat ematen du bere berritze espiritual, pastoral eta misiolarian, Hitzak argituta eta fededun guztien itxaropenari eusten dion jainkozko grazian fidatuz. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, deitu 629 94 51 74 telefonora, eta eskatu topaketetako materiala.
“Jainkoagan jartzen dut nire itxaropena”, fedea partekatzeko, kristau bizitza berritzeko eta inoiz huts egiten ez duen itxaropena indartzeko bidea da. Parte hartzera animatzen zaituztegu!
On Mikel Arangurenen bideoa hemen ikusi dezakezu
Hitzaren topaketen artxiboak eta materiala webguneko atal honetan egongo dira eskuragarri:
https://elizagipuzkoa.org/eu/eraberritze-pastoral-eta-misiolaria/