Blog

Elkarrizketa Amalia Navarrori: “Bila dezagun batzen gaituena eta bizi dezagun elkarrekin Jesusengan dugun fedea”

Elkarrizketa Amalia Navarrori: “Bila dezagun batzen gaituena eta bizi dezagun elkarrekin Jesusengan dugun fedea”

Donostia, 2025eko azaroaren 20a

Nizeako Kontzilioaren 1700. urteurrena ospatzeko ospakizun ekumenikoak direla eta, Donostiako Elizbarrutiko Ekumenismo eta Konfesio arteko Harremanen ordezkaria den Amalia Navarrorekin hitz egin genuen. Urteurren hau kristau konfesio ezberdinen arteko topaketa eta ospakizunetarako abagunea izaten ari da.

Joan zen azaroaren 20an, osteguna, ospakizun ekumeniko esanguratsua ospatu zan Madrilgo Almudenako Santa Maria la Real katedralean, hainbat gotzainek parte hartu zuten bertan, besteak beste, Fernando Prado, Donostiako gotzainak.

Oroitzapenezko urte honen baitan, Leon XIV.a Aita Santuaren In unitate fidei gutun apostolikoak ere bereziki argitzen du Eliza, kristauak, Kristorenganako fedearen batasunaren eta testigantza amankomunaren aldeko konpromisoa berritzera bultzatzen dituelarik.

Jarraian, Amalia Navarro eta Ivan Benkoren arteko elkarrizketa topatuko duzu.

Zer esan nahi du Elizarentzat eta mugimendu ekumenikoarentzat, Nizeako Kontzilioaren 1700. urteurrena ospatzea?

Batez ere, Kontzilio honek izan zuen izugarrizko garrantzia azpimarratzen da. Lehenik eta behin, bere izaera sinodal eta ekumenikoagatik: Nizea erreferentzia puntua da kristau ibilbide guztientzat, ez bakarrik Eliza katolikoarentzat. Bigarrenik, apostoluengandik jasotako fedea defendatzeagatik, Kontzilioak bere garaiko doktrina-desbideratzeen aurrean  zaindu zuen. Eta, azkenik, Nizeako Kredoa sortu zuelako, gaur egun ere gure fede amankomunaren laburpen gisa aldarrikatzen duguna.

  1. urteurrena ospatzea, beraz, iturrietara itzultzeko deia da, fede partekatuan berriro ere bat egiteko, eta kristauen arteko erabateko batasunerako bidean jarraitzeko deia.

Almudenako katedralak oso ospakizun ekumeniko esanguratsua aterpetu du. Zer elementu nabarmenduko zenituzke ekitaldi honen inguruan, eta bere prestaketari dagokionean?

Lehenik eta behin, ekitaldi handi hau prestatzen emandako denbora, eta otoitzak azpimarratuko nituzke. Ez da bat-bateko ekintza izan, kontu handiz prestatutakoa baizik, bai liturgiari dagokionean, eta bai kristau konfesioen arteko elkarrizketa eta koordinazio mailan.

Garrantzi handiko ekintza ekumenikoa da, hain zuzen ere Eliza katolikoaren lehen kontzilio ekumenikotzat jotzen den Nizeako Kontzilioaren 1700. urteurrenaren ospakizuna dela eta. Almudena bezalako katedralean elkartzeak, otoitz partekatuaren eta Hitza entzutearen testuinguruan, batasun-nahiaren eta Elizak urteurren hau bizitzeko erabili nahi duen seriotasunaren adierazgarria da oso.

Topaketan, Espainiako kristau konfesioen adierazpen bateratua jakitera emango da. Zein da horrelako erabakien balioa, eta testuko zein alderdi azpimarratuko zenituzke?

Espainiako gainerako kristau konfesioekin lankidetzan, Espainiako Gotzainen Batzarreko Batzorde Iraunkorrak, urrian, jada, adierazpen bateratuaren behin betiko testua onartu izana, balio oso handia du.

Idatzia, azaroaren 20an, Madrilgo Almudenako katedralean, eta gotzaingoaren Osoko Bilkuraren esparruan ezagutzera emateak, are gehiago azpimarratzen du Elizak ematen dion garrantzia.

Horrelako adierazpenek agerian uzten dute, modu publiko eta solemnean, Elizak beste Eliza eta kristau elkarte batzuekiko batasunari, eta elkarrizketari, ematen dion garrantzia. Hitz zehatzetatik haratago, sakoneko mezua argia da: elkarrekin egin nahi dugu bidea, elkar Kristoren anaiatzat hartu, eta hurbiltzean eta elkarlanean urratsak ematen jarraitu.

Ramón Valdivia monsinoreak koordinatu du konfesioen arteko Harremanetarako eta Erlijioen arteko Elkarrizketarako Gotzain Azpibatzordea. Nola baloratzen duzu Azpibatzordearen inplikazioa eta elkarrizketa ekumenikoari ematen ari zaion bultzada?

Oraindik bide luzea dago egiteko. Errealismoz, aitortu behar dugu, oro har, Jainkoaren herria —eta bereziki katolikook— oraindik ez gaudela oso prestatuta elkarrizketa ekumenikorako.

Horregatik, hain zuzen ere, elkarrekiko ezagutza eta estimua lortzeko egiten den urrats orok, garrantzi handia du. Zentzu honetan, Azpibatzordea buru-belarri ari da helburu horren atzetik: topaguneak sustatu, irizpideak eta formazioa eskaini, tokiko ekimenei lagundu… Elkarrizketaren eta batasunaren kultura sortzen laguntzen duen guztia, ongi etorria da, eta Azpibatzordea oso tresna baliotsua izaten ari da arlo horretan.

Donostiak, Ramon Valdivia monsinorearen bisita jasoko du 2026ko Kristauen Batasunaren aldeko Otoitz Astean. Zer aurreratu diezagukezu gonbidapen honen inguruan, eta gure elizbarrutiari zer ekarpen egingo diolakoan zaude?

Ramon Valdivia monsinorearen gonbidapena, gure gotzain Fernando Pradok, zein  Ordezkaritza honek egindakoa, elizbarrutiko fededunei, eta donostiar guztiei, arlo honetan prestakuntza sendoa eta kalitate handikoa eskaintzeko nahitik sortu zen.

Valdivia monsinorea pertsona jantzia da oso —doktorea da Zuzenbidean, Teologian, Filosofian, etab.—, eta, gainera, gaur egun, ardura oso esanguratsuak ditu Espainiako Gotzainen Batzarrean: Fedearen Doktrinarako Batzordeko presidenteordea izateaz gain, Erlijioen arteko Harremanetarako eta Erlijioen arteko Elkarrizketarako Gotzainen Azpibatzordeko presidentea da.

Gure elizbarrutiari, ekumenismoaren historiari eta gure garaiko zeinu handienetako bat den batasun-nahiari buruzko argiguneak eskain diezazkiguke. Halaber, batzuetan nahasten diren ekumenismoaren eta erlijioen arteko elkarrizketaren ezaugarriak zehazten eta argitzen lagunduko digu.

Era berean, gure anaiekin kristautasunaren eta beste erlijio batzuen inguruko elkarrizketan gaur egun egiten ari diren proiektuak, eta ematen ari diren urratsak ezagutzera eman ahal izango dizkigu. Gure elizbarrutiarentzat, alferrik galdu behar ez dugun oso une garrantzitsua izango da.

Formazioa behar dugu, eta honoko hau, aukera paregabea da. Espero dezagun datorren urtarrilaren 22an, hitzaldia emango duzun egunean, katedrala, gure garaietarako hain erabakigarria den gai honetan interesa duten pertsonez betetzea.

Ekumenismoko Ordezkaritzan izandako esperientziatik, zein urrats iruditzen zaizkizu premiazkoenak, edo etorkizun handikoenak kristauen batasunerako bidean?

Hein handi batean, aipatu dugun horretan azaltzen joan da. Batzuetan, Jesusen bihotza minduta irudikatzen dut, minez hautsita, bere seme-alaben arteko batasun faltagatik. Irudi horrek, kristauen arteko banaketaren larritasunaz jabetzen laguntzen du.

Hala ere, benetako elkarrizketan eman diren eta ematen jarraitzen diren urratsak, ideien truke gisa ez ezik, benetako bizimodu gisa ere ulertuta, itxaropen eta poztasun handiko arrazoiak dira. Topaketa zintzo bakoitza, adiskidetze keinu bakoitza, otoitz partekatu bakoitza, urrats txiki bat da Jaunak bere Elizarentzat nahi duen batasunerako bidean.

Nola lagun dezakegu, elizbarrutian eta parrokietan, ekumenismoa modu erraz eta errealistan eguneroko bizitzara helarazten?

Lehenengo gauza, otoitz egitea da. Kristauen arteko batasun osoa Jainkoak bere osotasunean bakarrik egin dezakeen dohaina da. Gu prest gaude, baina batasuna, batez ere, Espiritu Santuaren lana da.

Bigarrenik, funtsezkoa da adimena eta bihotza aurrean dugunari entzuteko irekitzea. Kontua ez da fede-gaiei buruzko eztabaidetan sartzea —hori teologoei, eta elkarrizketa ofizialaren arduradunen kontua da—, batzen gaituena bene-benetan bilatzea eta, ahal den neurrian, Jesusengan dugun fedea elkarrekin bizitzea baizik.

Ni, katolikoa, katoliko ona banaiz; zu, ortodoxoa, ortodoxo ona bazara; bakoitzak bere fedea koherentziaz bizi badu, munduak argiago ikusi ahal izango du batzen gaituena, eta ez banatzen gaituena bakarrik. Kristauok ezin dugu eskandalu izan munduarentzat gure zatiketengatik; adiskidetzearen eta itxaropenaren ikur izatera deituta gaude.

Amaitzeko, zer mezu helarazi nahiko zenieke elizbarrutiko fededunei, ospakizun hau eta kristau sinesmen ezberdinen arteko lan bateratua dela eta?

Gauza guztien gainetik, gogoratu nahi nuke, Aita beraren seme-alabak garela denok. Elkar maite badugu, munduan Jainkoaren presentzia agerian jarriko dugu.

Pauso garrantzitsuak ematen ari dira elkarrizketa ekumeniko eta erlijio-artekoekiko konpromisoan, gaur egun, gero eta premia handiagoa baitago sinesbideen artean elkar ulertzeko eta lankidetzan aritzeko. Hau ez da zerbait osagarria, baizik eta egungo testuinguruan, Ebanjelioaren eskakizuns akona.

Horregatik, guztiok, otoitz egitera gonbidatzen zaituztet. Zehazki, urtarrilaren 22an, Ramon Valdivia monsinorearen hitzaldian parte hartzera animatzen zaituztet, eta 25ean, guztion batasunaren alde, beste Eliza batzuetako gure anaiekin otoitzean bat egitera. Urrats errazak dira, baina oso esanguratsuak, urratsez urrats, Kristok bere Elizarentzat nahi duen batasunaren bidea eraikitzen laguntzen dutenak.