Eguberriak
EGUBERRI JAIEN eta EPIFANIAREN SORRERA
Eguberriak
336. urtekoa da Natalis Domini izeneko jaia Erroman ospatzeari buruzko lehen notizia. Dirudienez, 336ko abenduaren 25ean, Jaunaren jaiotza ospatu zen Erroman, Julio I.a Aita Santu zela. IV. mendean barna, bai mendebaldeko, bai ekialdeko eliza guztietara zabaldu zen Jaunaren jaiotza –Natalis Domini– ospatzeko jaia.
Abenduaren 25a hartu zuten kristauek gertakari hori ospatzeko joera. Izan ere, Erroman natalis solis invicti ospatu ohi zuten egun horretan, 270 eta 275 urte bitartean enperadore izan zen Aurelianok jai hori eratu zuenez geroztik. Ziur aski, Europa osoan, Erromaren menpe zeuden herrietan batik bat, ospatu ohi ziren neguan, neguko solstizioan –egunak laburren direnean–, halako jaiak, Saturnalak deituak, eguzkiaren indarberritzea dela eta.
Euskal Herrian duen izenak –eguberri, eguzkiberri– horixe adierazi nahi du, noski. Ez ziren egun bateko jaiak, egun askoz luzatzen baitzituzten. Alde batetik, Saturno jainkoari, lur-langintzaren jainkoari, eskainiak ziren, horrela, hila zegoen naturari birjaiotzera dei egiten ziotelarik. Beste aldetik, berriz, eguzkiaren indarberritzeari ere eskaini ohi zizkioten jai hauek.
Jai handiak izaten omen ziren hiri eta herrietan, gaurko inauterien antzekoak. Inauteriak ere, lo dagoen izadia iratzartzeko, esnarazteko, jaiak omen dira, jatorriz: joale edo zintzarriak joz esnarazi nahi da izadia (Nafarroako ttuntturroak, adib.) Dantza eginez, kantatuz, su handiak piztuz, buztinezko panpinak elkarri emanez, Strenia jainkosaren omenez bildutako adarrak elkarri eskainiz… ospatzen omen zituzten saturnalak eta solstizio-jaiak. Inauterietan gertatu ohi zen bezala, nagusiek zerbitzatzen zituzten esklaboak, eta esklaboek nagusiekin jaten zuten mahai berean. Saturnalen ondoren, Janus jainkoari eskainitako jaiak zetozen, urteberriko jaiak.
Gogo onez hartu zuten kristauek Jaunaren –egiazko Eguzki Menderaezinaren (ik. Ml 3,20; Lk 1,78)– jaiotza egun horretan ospatzea: natalis, nativitas Domini. Jentilen jaia kristautzeko ez ezik, gnostikoen eta arrianoen irakaspenak deuseztatzeko ere bai (haiek ziotenez, bataiokoan hartu omen zuen Jainkoak Jesus bere Semetzat). 325ean Nizeako kontzilioak esan zuena baietsi eta aitortu nahi zuten Eguberri Jai horietan: Jesus, Jainkoaren Semea, “Aitaren izate berekoa (consubstantialem Patri)” dela. III. mendearen azken aldekoa den “De solstitiis et aequinoctiis” liburuak dionez, Kristo da Eguzki Garaile –Invictus– bakarra.
Epifania
Epifania Jaia ekialdean sortua da, Jaunaren jaiotza/agertzea ospatzeko. Gnostikoek, II. mendean, urtarrilaren 6an Kristoren bataioa ospatu ohi zuten. Baina Epifania-jaiari buruzko lehen notiziak IV. mendearen erdialdekoak dira, Salaminako San Epifaniok gutun batean emanak. Honek dioenez, urtarrilaren 6an Kore jainkosa birjinaren seme Aaion jainkoaren jaiotza ospatu ohi zuten Egipton eta Arabian, egun-argiaren luzatzearekin loturik –Erroman abenduaren 25ean egin ohi zuten jaiaren antzekoa, alegia. Bi jai hauek, beraz, “argiaren jaiak” ziren jentilentzat–.
Pliniok, Epifaniok eta San Joan Krisostomok diotenez, urtarrilaren 5ean gauza harrigarriak gertatu ohi ziren: iturrietako urak ardo bihurtu, egun horretan hartutako ura txartzen ez… Kristauek Jaunaren jaiotza ospatzen zuten Egipton (Alexandrian) urtarrilaren 6an. Garai hartan, bestalde, epifania edo agerkunde hitzak, adventus edo etorrera hitzak bezala, enperadorearen etorrera/agertzea adierazten zuen.
Bi jai hauek aldi beretsuan hedatu ziren mendebalde eta ekialdeko Eliza gehienetara. Galiara, adibidez, beste inora baino lehen –Natibitate Jaia bera ere baino lehen– heldu zen Epifania jaia, 384ean. Hispaniara 400. urtean eta geroago Erromara.
567-578 urteez geroztik, bi jaiak ospatu ohi dira kristau Eliza guztietan. Urteen joanean, Epifania Jaia nagusiki Jaunaren agerkunde edo manifestazioa ospatzekoa izango zen, jai honetan hiru agerkunde bilduz: herri guztiei agertzea (magoen aurrean), Israel herriari agertzea (bataiokoan) eta ikasleei agertzea (Kanako ezteietan). Eguberrialdiko gainerako jaiak geroztik sortuak dira; batzuk berriki: Familia Santuaren jaia 1921ean, eta Jaunaren Bataioaren jaia –lehen urtarrilaren 13an ospatua– 1960an.
EGUBERRIKO GERTAKARIAREN ESANAHI LITURGIKOA
Joan ebanjelariak Jesusen honako hitz hauetan laburbiltzen du salbamen-gertakari edo misterioa: Aitarengandik atera nintzen eta mundura etorri; orain mundua utzi eta berriro Aitarengana noa (Jn 16, 28). Gertakari honetan bi mugimendu ikus dezakegu:
- Kristo beheratzea –kenosia–, gizakunde edo enkarnazioan hasi eta gurutzean burutua. Jainkoaren Semea, giza izatea harturik, gure artean jaiotzea eta agertzea ospatzeko jaiak dira Eguberriak.
- Jesus Aitarengana itzultzea, igotzea, bere aintzan –doxa– sartzeko (Lk 24, 26). Gertakari hau igandero eta, bereziki, Pazkotan ospatu ohi du kristau-elkarteak.
Eguberri-eguneko ospakuntzan, Jesus jaio zeneko gau miresgarri hartan bezala, Jainko ikusezina “ikuskor” egiten da, sakramentalki baina egiaz (Sacramentum natalis Domini esaten dio San Leon Handiak Eguberri-egunari): Jainkoak, Jesusengan gure izate hilkorra hartzean, gu berekin adiskidetzen gaitu, gu bere izate hilezkorrean partaide egiten gaitu. “Elkarri emate edo harreman miresgarria” deritza gertakari honi Eguberriko III. Prefazioak.
Haurrari jarriko zioten izenak ere misterio hau ematen du aditzera: Iexua, Jainkoa salbatzaile. Horregatik, kristau fededunak Haur horrengan Soter edo Salbatzailea, Mexiah/Kristo edo Gantzutua eta Kyrios edo Jauna ikusten du (ik. Lk 2, 11), baita Basileus edo Erregea ere (ik. Mt 2, 2).
Eguberriko zortziurrena eta Andre Maria Jainkoaren Amaren jaia: Pazko-eguna zortzi egunez luzatu ohi dugun bezala, Eguberri-eguna ere zortzi egunez luzatzen dugu, irakurgaien laguntzaz misterio handia kontenplatu eta hausnartu ahal izateko. Eta zortzigarren egunean Andre Maria Jainkoaren Ama (Theotokos) goraipatzen du kristau-elkarteak VI. mendeaz geroztik (Erroman VIII. mendeaz geroztik). Andre Mariari izen miresgarri hori ematean, Mariaren Semearen jainko-izatea aitortu eta oihukatu nahi du kristau-elkarteak.
EGUBERRIAK EUSKAL HERRIAN
Eguberri: egun berri, eguzki berri
Erroman eta Europako herri askotan bezala, Euskal Herrian ere neguko solstizioan –eguzkia kaprikornio tropikoan sartzean– egun-argiak gau-iluna menderatzen hastea, eguna luzatzen eta gaua laburtzen hastea, ohitura bereziak betez “ospatu” ohi zuten, dirudienez. Jai hauen izenik zaharrenak hori ematen du aditzera: Eguberriak. “Gabonak” izena berriagoa da, eta Gabon Gauetik dator. Eguberri-egunari Natibitate ere deitu ohi zaio, Jesusen jaiotza aipatzeko latinez erabili ohi den izena: Nativitas Domini.
“Eguberri” izenarekin batera “urteberri” ere badugu. Historialariek diotenez, XI. eta XV. mende bitartean eguberri-egunez hasi ohi zen urtea, 1180an Tarragonako kontzilioak hartu zuen erabakiari jarraituz. Horregatik, apika, eguberri-egunaren inguruan eta urteberri-egunaren inguruan ohitura edo erritual beretsuak bete izan dira.
Adibidez, Donostian Olentzeroren irudia Gabon Zaharretan atera ohi zuten kalez kale, ez Gabon Gauean. Arabako zenbait herritan ere Gabon Zaharretan atera ohi zuten lastozko irudia, “Kalerre” deitua, kalez kale ibili ondoren, gauerdian sutan erretzeko. Arropa berria (atorra, alkandora) toki batzuetan Eguberri-egunean jantzi ohi zuten; beste batzuetan, Urteberri-egunean.
Enborra, sua eta ur berria
Ohitura erritual horien artean, honako hiru hauek aipatuko ditugu:
Enborra: San Joanetan –ekainean, udako solstizioan, alegia– zuhaitz-adar sakratuak jartzen diren bezala, eguberri bezperan, Gabon Gauean, enbor berezia eman ohi zioten suari. Subila, supila, xiula edota Olentzero-enborra zeritzan enbor hari. Gabon Gauetik urteberri-eguna arte egon behar zuen sutan.
Sua: Enborra eta sua, biak ala biak “sakratu” ziren eguberritan. Sua, bereziki, eguzki amandrearen irudi delako eta enborra, su egiteko beharrezkoa delako.
Ur berria: Gabon Gauean ez, baina urteberri-gauerdian bai, erritual berezia bete ohi da urarekin. Urdiainen, adibidez, Gabon Zahar gauerdian iturrira atera ohi dira gazteak pegarra edo pitxerra eramanez, ura –“ur berria”– hartzeko. Ur hori etxez etxe banatu ohi dute, aginaldo edo gabonsaria –“urtatsa”, urte-hasierako saria– eskatuz. Etxekoek ur berria edan behar dute, osasuna hartzeko, koplak dioen bezala:
Ur goiena, ur barrena, Ur goiena, ur barrena,
urteberri egun ona, pakearekin osasuna,
urteberri egun ona, onarekin ondasuna.
baita guk ere umore ona. Jainkoak deizuela egun ona.
Zegaman, aspaldi, urteberri-egunsentian, kanpoko iturrira ateratzen omen zen etxeko amona eta, ur-suila urez beterik, etxera itzuli eta, atea joz, hau kantatzen omen zuen:
Ur barrena, ur goiena,
Jainkoak dakarren urteberri ona.
Osasuna ta pakea.
Ireki zazu atea.
Etxean sartu eta, ur berri hartatik edanez, etxekoek beste hau kantatzen omen zuten:
Hasiera eder bat
dantzan ta kantari, bai,
eman behar diogu
urte berriari, bai.
Eguberri-jaien igarlea: Olentzero
Pertsonaia mitologiko batek iragartzen eta irudikatzen ditu Eguberriak: Olentzero deritzan pertsonaiak (urte zaharra Kalerre deritzanak edota inauteriak Zanpantzar deritzan pertsonaiak irudikatzen duten bezala).
Ipuin batek dioenez, Kristo jaio zenean desagertu edo galdu ziren jentilak –gure arbaso paganoak–, urrutian laino xuri-xuria etortzen ikusi zutenean. Laino xuri hura Kristoren irudia zen (jentilek “Kixmi” izena ematen omen zioten Kristori). Laino xuri hura Bibliako azken liburuan, Apokalipsia 14, 14an, aipatua da: Laino zuri bat ikusi nuen eta laino gainean gizaseme antzeko norbait eseria. Jentil haietako bat, ordea, “Jesus jaio zela aditu zuenean, lasterka etorri zen parte ematera”. Hala dio Gabon-kantak.
Olentzeroren irudia bizkarrean harturik, abenduaren 24an ilunabarrean, kalez kale eta baserriz baserri kantuan eta eskean ibiliz, Eguberrien etorrera eta Jesusen jaiotza iragartzen dute abeslari-taldeek, lehenago, abenduaren 6an, zenbait lekutan San Nikolas apezpikuarekin egina duten bezala. Gerora, otsailaren 4an ere, Santa Agedatan, halaxe ibiliko dira.
Zenbait ipuinek eta mitok dioenez, tximinian behera sartu ohi da Olentzero etxeetan, etxekoak lotaratu ondoren, eta Olentzero-enborraren sutan berotzen da. Ipuinen batzuek diotenez, sukaldea garbi ez badago, lepoa mozten omen die etxekoei. Baserri batzuetan laratzetik zintzilik jarri ohi zuten Olentzeroren irudia garai batean.
“Olentzero” izena era ezberdinetan esan ohi zen tokian-tokian: Olentzaro, Onentzaro, Orentzago… Izen hori “onen aro”tik datorkeela uste dute batzuek; baina gehienek diotenez, “Olen” errotik dator: Olen-aro. Eta honek, berriz, “O” antifonen aro edo denbora adieraziko luke, Eguberri edo Natibitate aurreko zortzi egunetan, Bezperak deritzan otoitzaldian kantatu ohi diren “O” hitzez hasitako antifonak –O Sapientia, O Radix Jesse, etab.– kontuan harturik. “Noel” izena ere hortik letorke.
Duela hamar-hamabost urte, Olentzeroren ondoan emakumearen irudia jartzeko ekimena izan zen, inongo ipuin eta ohituretan halakorik aipatu ere egiten ez bada ere. Emakume-irudiaren izena (Mari Domingi), Gabon-kanta honetatik hartua da:
Horra Mari Domingi, begira horri; gurekin nahi duela belena etorri.
Gurekin nahi badezu Belena etorri, atera beharko dezu gona zahar hori.
Atoz, atoz, zure bila nenbilen ni; atoz, atoz, zure bila nenbilen ni.
Atoz goazen, adora dezagun Belenen jaio dan Haur eder hori, Haur eder hori.
Eskerako kantuak
Halako jaiak koplaz eta kantuz iragartzen dituztenei saria, gabonsaria, zor zaie, eginkizun garrantzitsua betetzen dutelako. Oso ugaria eta aberatsa da eskerako kopla eta kantuen multzoa, nola Eguberritarako hala Santa Agedatarako. Hona hemen Gabon-egun arratsean kantatu ohi ziren bakarren batzuk:
(Oiartzunen bildua)
Dios te salve, ongi etorri,
gabon Jainkuak diela,
legearekin kunpli dezagun
Urteberriren bezpera.
(Zumaian, Mª Luisa Sagastiri jasoak)
Etxetxo txiki honetan jotzen det atia,
ireki, ahal badeza, amandre neria.
Atez ate bila nabil ni, atez ate bila nabil ni.
Atoz, goazen adora dezagun
Belenen jaio dan Haur eder hori, Haur eder hori.
Eta emandako gabonsaria, aginaldoa eskertzeko:
Hobeto kantatuko degu askoz ere gaur baiño.
Jaungoikuak lagun deigula datorren urteraiño.
Eguberri-kantuak
Kristau herriak kantuz adierazi eta goraipatu ohi du Eguberritan ospatzen den gertakaria: Jesusen etorrera eta jaiotza.
Hiru motatakoak dira Euskal Herrian zabalduenak:
“Marijesiak”: Maria, Jesus eta Jose errepikatzen dutelako horrela deituak. XVI. mendekoak izan daitezke eta Bermeoko frantziskotarren komentuan sortuak:
Abendu santu honetan Eguzki dibinala Txit gau ditxosua
Kristoren jaiotzian, gabaren gaberdian dogu Egubarri,
kontentuaren haundiz etorri zan mundura zergatikan da Jesus
guztiok poz gaitian. gizonan jantzian. gugana etorri.
Maria i Jose, Maria i Jose, Jesucristo!
Jose eta Maria, Jose eta Maria Ai, qué bonito Niño,
Maria i Jose. Maria i Jose. Jesucristo!
Edo Zumaian jasoa den beste hau:
Gaur dala jaio, jaio
gaur dala jaiotzia,
Semia jaio da ta,
ama dala dontzeilia.
“Noelak”: Joannes Etxeberrik 1631an “Noelak” deritzan liburuan argitaratu zituen batzuk. Noelak Iparraldean sortuak dira eta gero batzuk Euskal Herri osora hedatu ziren:
Oi Eguberri gaua,
bozkariozko gaua,
alegeratzen duzu
bihotzean kristaua.
Mundu guzia duzu
zorionez betetzen,
zeren zuk baitiozu
Salbatzailea ekartzen.
Oi Bethlehem,
ala egun zure loria,
oi Bethlehem!
Ongi baitu distiratzen
zugandik heldu den argiak,
betetzen ttu bazter guziak.
Kristo guziek dezagun egun adora!
Hauxe da izarra agertzen dena,
Berri bat dakarte eman diena:
Jesus maitearen sortzearena.
Hirur erregeak ditu gidatzen,
Jesus Haurragana dira hedatzen,
presentekin dute gaur adoratzen.
“Artzain-kantak”: villancico deituak dira, villano-en kantak. Jesusen jaiotza aipatuz artzain batek jalkiko lituzkeen hitzak eta sentipenak adierazten dituzte. Manuel Lekuona apaizak Aiako Laurgainen aurkitutako 1705eko partitura batean honako hauek datoz, beste batzuen artean:
Eder dek olaan gabia, Belengo portalepean
larre onean ardia. Omen zeagok Jaungoikoa,
Nafar baino hobe diagu hura ekusten han omen dek
Zaragozako zuria. Paskoal gure aldekoa.
Edo Resurrección Mª Azkuek Elgoibarko Altzolan jasotako beste hauek:
Ai, hau gabaren preziosua
Jesus jaio de Belenen,
etxe honetan sartu ote dan
bila gabiltza beraren.
Erdiok gara olagizonak
beste erdiak harotzak.
Limosnatxo bat egitekotzat
bigundu begiz bihotzak.
Belaunbikoka juan ginaden
Nazaretikan Belena,
geuk adoratu behar gendula
Jesus Maixua lenena.
Jaiotza eta zuhaitza
Zabaldua dago Euskal Herriko eliza, etxe, denda eta zenbait lorategitan “jaiotza” jartzeko ohitura ere. 1223ko abenduaren 24an, gauerdian, Greccio-ko leize-zulo batean zurezko irudi batzuk –Jesus, Maria eta Jose irudikatuz– ipini zituen Asisko San Frantziskok, eta astoa eta idia eraman zituen. Han eukaristia ospatu zuten. Handik dator “jaiotza” ipintzeko ohitura.
“Eguberriko zuhaitza” ipini eta apaintzeko ohitura, berriz, Alsaziatik omen dator. 1605ean izei-arbola ipini zuten elizetan, paradisuko arbolaren oroigarri. Urte-sasoi horretan berde dagoen arbola ia bakarra delako aukeratu omen zuten izei edo abeto-zuhaitza. Biziaren oroigarri ere bada da zuhaitza: heriotza menderaturik, betieran bizi den Kristo piztuaren irudi.
Jesus Mari Arrieta
2025.12.16