San Martin parrokiak emozioz agurtu zituen Iñaki Zabaleta eta Manuel Oiartzabal apaizak
Joan den igandean, urriak 6, talde eder bat bildu zen Andoaingo San Martin parrokian, Iñaki Zabaleta eta Manuel Oiartzabal apaizak, eta azken urteotan La Salle Berrozpen bizi izan diren lau salestar (Rikardo Fuster, Manuel Udabe, Joxe Mari Mujika eta Nazario Maiz) omentzeko.
Mikel Aranguren bikario nagusiak eman zuen meza. Aldamenean izan zituen Joxe Mari Ormazabal, Manuel Oiartzabal, Iñaki Zabaleta, Andoni Ledesma eta Koldo Bergara apaizak.
Eukaristia ospatu ondoren, Oiartzabalek eskerrak eman zizkien andoaindarrei eta sorabillarrei. Eta zera gaineratu zuen: “ematen dena baino askoz gehiago jasotzen da”.
Oiartzabalek, Andoainen, mende erdia daramala gogoratu zuen. “Andoainera 35 urte nituela iritsi nintzen, eta bi hamarkadatan zehar San Martin parrokiako parrokoaren laguntzailea izan nintzen. Berrozpen eta Juan Bautista zaharren egoitzan ere mezak emateaz arduratu nintzen. Ondoren, Sorabillako San Martin elizan plaza eman zidaten. Harrez gero, ia 30 urte eman ditut bertan”.
Ofizialki erretiratu bada ere, Oiartzabalek Sorabillako parrokia-etxean bizitzen jarraituko du, eta ez dio uko egingo mezak emateko ardurari.
Ostean, Zabaletak, 20 urtez Andoaingo parroko, hitza hartu eta hainbat pertsona, elkarte eta gizarte-kolektibori buruz hitz egin zuen. Gizartean premia handiena dutenak gogoratu zituen; hala nola zaharren egoitzan bizi den talde zaurgarria, Caritasera jotzen duten familiak, bakardadean bizi direnak, eta, batik bat, adinekoak izan eta etxean bakarrik dauden pertsonak.
Era berean, eskerrak eman zizkien bi hamarkadatan zehar lagun izan dituen kristau-elkarteko talde ezberdinei: “mezetako liturgiako laguntzaileak, katekistak, parrokiako garbitzaileak…”. Hitz batean, Andoaingo eliztar-elkarteko kide guztiei. Bide batez, sinodaltasunaren espirituarekin elkarrekin jarraitzeko eskatu zien.
Hitzaldiaren amaieran, ongietorria egin zien Andoni Ledesmari eta Koldo Bergarari, beren postua betetzera datozenei, eta zera gaineratu zuen: “herri ederra, mugitua eta aberatsa da honoko hau, zortea izango duzue, giro ona topatuko baituzue lanean aritzeko”.
Andoni Ledesmaren mezua argia izan zen, eta sinodalitatearen garrantzia azpimarratu zuen: “Elkarrekin jarraitu behar dugu, Kristoren izenean lan asko, azkar eta ondo egin behar baita”.
Agur eta ongietorri ekitaldiaren ondoren, giro ederrean, ehun bat lagunek, lagunarteko bazkaria egin zuten.