Blog

Euskadiko eta Nafarroako gotzainek bakea eta itxaropena eskatzen dute

Euskadiko eta Nafarroako gotzainek bakea eta itxaropena eskatzen dute

Eskura duzu Euskadiko hiru gotzainek, eta Iruñeko artzapezpikuak 2025eko maiatzaren 6an, asteartea, Donostiako Gotzaindegiko egoitzan aurkeztutako dokumentua.

PRESTA DITZAGUN “BAKE ETA ITXAROPEN KIT-AK”
Beldurraren eta zalantzaren aurrean kristau hautabide bat

Hauxe da Kristo Piztuaren mezu soil baina hunkigarria: Bakea zuei!

Frantzisko aita santuaren ondareari jarraituz Euskadiko eta Nafarroako gotzainok gure ahotsak gure elkarteenarekin batzen ditugu itxaropena pizteko eta borondate oneko pertsona guztiei bakearen aldeko beharrezko eta premiazko mezu bat proposatzeko nahiarekin.

Frantziskok bakearen alde utzitako ondarea etorkizunerako konpromiso bihurtzen da guretzat. Hala esaten zigun Pazkoko bere azken mezuan: «Bakea ez da posible benetako armagabetzerik gabe. Herri bakoitzak bere defentsa hornitzeko duen exijentzia ezin da karrera orokor bihurtu berrarmatzean. Pazkoko argiak gonbidatzen gaitu zatiketa sortzen duten eta ondorio politiko eta ekonomikoz beteta dauden hesiak eraistera».

Garizuma eta Pazko garairako gure azken pastoral idazki bateratuan, Eraman oneko erkatzea izenekoan, esan genuen bakearen aldeko konpromisoa «ez dela hautazko estrategia bat, Ebanjelioaren bihotzetik bertatik sortzen den eskakizun bat baizik» (183. zk.). Horregatik Jesus Piztuaren jarraitzaileok bakea eta itxaropena proposatu nahi ditugu mundurako berritze bide gisa.

Nazioarteko ingurumari nahastu honetan ez dugu ikusle izatearekin konformatu nahi. Beste batzuekin batera, etorkizun gizatiarragoa eta senidetasunari irekia eraiki nahi dugu. Horregatik, beldurra eta mesfidantza baino elikatzen ez dituen «biziraupen-kitaren» aurrean, hurrengo hilabeteetan zehazteko eta lantzeko gure elkarteei proposatu nahi diegu «Bake eta itxaropen kit-a» prestatzeko alternatiba. Geldiarazten duen beldurraren aurrean, mobilizatzen duen itxaropena. Liskarraren logikaren aurrean, elkartea eraikitzen duen topaketaren logika.

Agintari politikoak eta erakundeetako arduradunak gonbidatu nahi ditugu bakerako eta egonkortasunerako bideak aurkitzeko ahalegin oro areagotzera. Armak isildu eta diplomaziaren kanalak indartu ditzatela, bake justu eta iraunkor batera bideratutako negoziazio espazioak ausardiaz eta sormenez eraikitzeko. Konfiantza eta lasaitasun mezuak behar ditugu alternatiba sendoak sortzeko, ez beldurra eta nahasmena areagotzen duten mezuak.

2025eko Jubileu urte honetan, Frantzisko Aita Santuak aldian aldiko ezaugarriak itxaropen ezaugarri bilakatzeko egindako deiari heltzen diogu (Ik. Spes non confundit, 7. zk.). «Jesusenganako fedea bakearen eta elkar ulertzearen indarra da, gero eta zatiketa sakonagoek markatutako mundu batean» (Eraman oneko erkatzea, 180. zk.), eta, horregatik, posible eta beharrezkoa den bake horren aldeko apustua egin eta konpromisoa hartu nahi dugu.

Donostian, 2025eko maiatzaren 6an.

+ Florencio Roselló Avellanas, O. de M., Iruñeko Artzapezpikua eta Tuterako Gotzaina.

+ Juan Carlos Elizalde Espinal, Gasteizko Gotzaina.

+ Joseba Segura Etxezarraga, Bilboko Gotzaina.

+ Fernando Prado Ayuso, cmf, Donostiako Gotzaina.