Don Fernando gotzainaren mezua Donostiako elizbarrutiari: Garizuma, beste behin
Anaia eta arreba maiteok:
Garizuma hasten dugu beste behin, funtsezkora itzultzeko graziazko denbora gisa: Jainkoa erdigunean jarri, fedearen taupada berreskuratu eta, hainbestetan presaka, kezkaz, zarataz, pantailaz… sakabanatua dugun bihotza ordenatu. Pazkorako ibilbide honetan, Jaunak ez dizkigu balentriak eskatzen, egia baizik: maitatzen utzi eta, hortik, bihotz-berritzeko gonbita egiten digu.
Aurten, Leon XIV.a Aita Santuak sakontasun eta xalotasun handiko mezua eskaini digu, honela laburbil genezakeena: Jainkoaren Hitzari tokia egitea entzutearen bidez, baraua bizitzea desira araztu eta zabaltzen duen ariketa gisa, eta hori guztia elkarrekin egitea, elkartean, belarria behartsuenen aldarriari adi izanez. Eskuratu ahal baduzue, maitasunez gonbidatzen zaituztet Aita Santuaren mezua osorik irakurtzera: merezi du poliki, otoitzean, eta bere azpimarrek orienta gaitzaten uztea. Mezua ez da oso luzea eta bai ulerterraza.
Hurrengo asteetan zehar, Leon XIV.a Aita Santuaren mezuan inspiratutako pastoral hitz bat komentatzen eta eskaintzen joango naiz, bere edukiak garizumako bidean inspiratu gaitzan.
Garizuma santu bat bizi dezazuen animatzen zaituztet, guztiok Pazkoa modu berri eta berrituan bizitzeko prestatuko gaituena. Izan dadila benetan aukera bat berriro hasteko. Kontuan izan prestakuntza-denbora indartsu hau bizitzen laguntzen diguten garizumako praktika klasikoak: baraua, limosna eta otoitza. Aprobetxatu penitentzialdi hau Barkamenaren Sakramentura sakon hurbiltzeko. Biziki gomendatzen dizuet. Era berean, Arantzazuko Gurutze-bidean parte hartzera gonbidatzen zaituztet, baita Elizbarrutiaren garizumako elkartasun-keinuan, garizumako hitzaldietan edo lagungarri izan dakizkizuekeen parrokiako edo eskualdeko bestelako prestakuntza- eta otoitz-jardueretan parte hartzera ere.
Nire maitasun eta bedeinkapenarekin.
In Corde Matris,
+ Fernando Prado
Donostiako Gotzaina
- Mezua: PDF
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi modu dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txatean sartu
- Edo WhatsApp mezu bat bidaliz NAHI DUT testua erantziz 689 105 191 zenbakira