Blog

On Fernando gotzainak: “Hemen nauzu, Jauna. Egin bedi zure nahia!”

On Fernando gotzainak: “Hemen nauzu, Jauna. Egin bedi zure nahia!”

Gaur, otsailak 2, Biziera Sagaratuaren eguna ospatzen dugu; Jaunaren Aurkezpenaren Jaia. On Fernando gotzainak “Hemen nauzu, Jauna. Egin bedi zure nahia!” idatzia egin du egun azpimarragarri honetarako.

Elizbarrutiko senide maiteok:

Beste urte batez, eskerrak ematen dizkiogu Jainkoari biziera sagaratuaren dohainagatik. Karisma, obra eta zerbitzuetan kolore asko dituen dohaina, zalantzarik gabe, oparia gure Gipuzkoako elizarentzat eta gure gizartearentzat. Biziera sagaratuaren eguna ospatzeak Jainkoak pertsonen bihotzean egindako deiaren indarra gogorarazten digu, gure bizitza harrapatzeko gai dena, Jesusekin gertatu zen bezala, gure maisu eta Jaunarekin, Aitaren borondatea betetzera emana. Jainko Aitaren eta Elizaren zerbitzura bizitzera bultzatuz pertsona sagaratuengan bizi den deia, bere otoitzarekin eta karitate eta erruki ekintza ugarirekin, dei honi erantzuten diotenak.

Gure elizbarrutian bere bizitza komunitatean partekatzen duten pertsona sagaratu asko izateko zoriona daukagu, Gipuzkoan erromes den Jainkoaren herri hau osatzen dugun fededunekin bat, guztiok familia handi honen parte sentitzen garelarik. Kidetasun-sentimendu horrek hainbat eta hainbat gauzatan laguntzea dakar, guztion zerbitzura. Horregatik harro egoteko eta guztion esker ona adierazteko arrazoiak dauzkagu.

Ezin dugu ahaztu, haien bizitza, egiten dutenaz edo egiten dituzten ministerioez eta zerbitzuez harago, guztiontzako testigantza dela, direnagatik eta ordezkatzen dutenarengatik. Bai. Haiek erakusten digute “mundua ezin dela eraldatu edo Jainkoari eskaini Zorionbideen izaerarik gabe” (Lumen Gentium, 31). Beraiek dira “bat bakarra da beharrezko” horren testigantza (Lk 10, 42), Kristori eta haren Ebanjelioari osoki jarraitzeko dena uztearen lekukotza ditugu.

Bihotz-bihotzez eskerrak eman behar dizkiot Jainkoari bere ontasunaren dohainagatik. Komunitate erlijiosoak ere, batasun baten testigantza dira, bere kideen artean gertatzen diren mota guztietako desberdintasunetatik harago. Erlijio-komunitatea gure gizarte polarizatuan eta gure kristau-elkartean hainbeste falta zaigun elkartasun-amets horren testigantza da. Zalantzarik gabe, beren bizitza opari ederra da, gero eta gehiago zaindu eta estimatu behar duguna.
Lekaime eta erlijioso maiteok: iaz esan nizuen “Jainkoaren lagun sendoak zarete garai gogor hauetan, Itxaropenari desafio egiten dioten erronkaz eta aldaketez beteak”. Horretaz sinetsita, zuen testigantza estimatzen dut, Jainkoaren borondatea aurkitu eta erantzun nahian bizi izan zareten pertsona gisa. Hori da zuen ortzi-muga, besteoi geurea erakusten diguna. Ez utzi zuen sagarapena alaitasunez bizitzeari, gure elkarteen ahuldadearen aurrean. Garrantzitsuena leialtasunean bizitzea da, eta horretaz asko dakizue. Jainkoak erakutsiko dizkigu bideak. Ondo baino hobeto dakigu “bere eskuetan dagoela gure zoria” (M. Unamuno). Zuen fideltasun-bizitzak, hau dio: “hemen nauzu –hemen gauzkazu– zure nahia egiteko”, pizgarri bat da kristau-elkarte osoarentzat, itxaropentsu ibiltzeko arrazoi bat. Argi bat bezala, gainerakook zuen fideltasunean eta zuen bokazio-erantzunean gurearen zergatia aurkitzen dugu.

Orain dela pare bat aste, bere historia eta ibilbide pertsonala kontatu zidan lekaime batekin topo egiteko zortea izan nuen. Orain, jada heldua, elizbarrutiko komunitate batean bizi da erretiraturik, zuhurki, ia inork ere bere berririk ez duela. Afrikan berrogeita hamar urte eman ondoren, Gipuzkoara itzuli zen, atsedena hartzeko, eta bere bizitzako azken urteak bizitzeko, beste ahizpekin dagoeneko mendetasun-egoeran dagoen pertsona batek behar dituen zainketa onak jasotzen dituen komunitate baten babesean. “Ez naiz inoiz santa bat izan, baina egunero neure burua eskaini diot Jainkoari, honela otoitz eginez: “gaur egiten dudan guztia zuretzat eta mundu hobea egiteko izan dadila”. Era berean zera esan zidan: “Beti bilatu izan dut behar-beharrezkoa baino ez denarekin bizitzea, behar baino gutxiagorekin beharbada”. Testigantza xumea da. Otoitz hori nigana eraman nahi dut egunero.

Horrelako zenbat anai-arreba ditugun gure elizbarrutian! Horietako edozeinetara hurbiltzen garen bakoitzean bokazio bati erantzun izanaren testigantza zoragarria jasotzen dugu. Gipuzkoa bedeinkatua izan da historian zehar, sagaratutako pertsonen bizitzarekin. Horietako batzuek ospe publiko handia izan dute, eta santu izatera ere iritsi dira. Beste batzuek, gehienek, modu anonimoagoan bizi izan dute, eta bizi dute santutasun hori, bizitza entregatuaren apaltasunean, mirespena merezi duen horretan.
Eskerrik asko biziera sagaratuko anai-arrebok zuen baietzagatik. Eskerrik asko zuen bizitza ebanjeliko emankorragatik, deiaren indarra gogorarazten digulako. Eskerrik asko Jesukristorengana eta Ebanjeliora hurbiltzen gaituztelako. Eskerrik asko zuen elkarbizitzagatik, elkarrekin gehiago haztera bultzatzen gaituelako. Gipuzkoako kristau-elkarteak eta gizarteak, asko zor dizue. Ziur nago: ez ginateke berdinak izango zuek gabe.

Datorren igandean, arratsaldeko seietan, Donostiako Artzain Onaren katedralean elkartuko gara, Jainkoari eskerrak emateko bizitza sagaratuagatik. Kristau elkarte osoa gonbidatuta dago jardunaldi honetan parte hartzera eta gure anai-arreben alde otoitz egitera. Lerro hauen bidez bihoakizue bedeinkapena elizbarrutiko guztioi eta, batez ere, pertsona sagaratuei eta haien elkarteei. Ez diezaiogun elkarrengatik otoitz egiteari utzi. Bedeinkatuak izan zaitezte.

In Corde Matris,

+ Fernando
Donostiako Gotzaina

 

Ere daukazu eskugarri PDF bezela: Hemen nauzu, Jauna. Egin bedi zure nahia!