Munduko Erlijio Askatasunari buruzko Txostena
Joan den maiatzaren 29ko arratsaldean, Elizpe aretoan (Artzain Ona katedraleko behean) Munduan Erlijio Askatasunari buruzko Txostena aurkeztu zen; Ayuda a la Iglesia Necesitada pontifize-fundazioak, bi urtetik behin, aurkezten duena, alegia.
Fundazio horrek munduan zehar jazarpena, diskriminazioa edo premian dauden pertsona kristauei laguntzen die, eta munduko herrialde guztietako erlijio guztien egoera aztertzen duen lantalde bat du.
Fernando Prado, Donostiako gotzaina, izan zen aurkezpen-burua, eta bertaratutakoei hitz batzuk zuzendu zizkien. Ondoren, Espainiako Ayuda a la Iglesia Necesitadako zuzendaria den Jose Maria Gallardok, azken txostenean agertzen diren datuak eman zituen ezagutzera. Bertan, erlijio-askatasuna, munduko 196 herrialdeetatik 61etan urratzen dela (%31,1) adierazten da.
28 herrialdetan jazarpena jasaten da, eta 33 herrialdetan, erlijioa dela-eta diskriminazioa. Munduko biztanleen %62’5 (ia 4.900 milioi pertsona) erlijio askatasunaren urraketa larriak edo oso larriak gertatzen diren herrialdeetan bizi dira; munduko egoerak okerrera egin du 2021eko aurreko txostenaz geroztik.
Munduko Erlijio Askatasunari buruzko Txostenaren aurkezpenean, aita Jean Boniface Somdaren testigantza entzun zen. Bere herrian, Burkina Faso, pairatzen ari den egoera zaila azaldu zuen, non pertsona asko, beren fedeagatik, hil egiten dituzten. Ekitaldia amaitzeko, munduan jazarpena pairatzen duten kristauen alde, otoitza gidatu zuen gotzain jaunak.