Zendutako gure ahaideak gogoan
Azaroak 1. SANTU GUZTIEN OROITZAPENA
Ekialdean, Sirian, oso aspaldi jaiegun bat zuten munduko martiri guztiak gogoratzeko eta goraipatzeko. IV. mendean bizi izan zen San Efren diakonoak gorazarrea egin zuen jai horretarako. Gerora, Bonifazio IV.a aita santuak Erromako Panteon tenplua eliza bihurtu zuen 609an, Ama Birjinari eta martiri guztiei eskainia: Sancta Maria ad martyres izena jarriz. Martiri guztien garaipena ospatzeko jaia Pazko-igande hurrengo ostiralean izan ohi zuten, martirien garaipena Pazkoarekin lotuz, Ekialdean bezala. Hala gertatu zen 609ko maiatzaren 13an.
VIII. mendean, Gregorio III.ak (731-741) kapera bat antolatu zuen Erromako San Pedro basilikan santu guztien omenez. Mende honetan zelta kulturako herrietan zabaldua zegoen santu guztien oroitzapena egun batean, azaroaren 1ean, egiteko ohitura. X. mendean Erroman maiatzaren 13an ospatzen zuten, Santu Guztien Oroitzapena heriotzaren ondoren itxaro dugun bizi betearen aitorpentzat.
Mendeen joanean eta mundu osoan Jesu Kristoren jarraitzaile eta aitorle leial izandakoekin dugun elkartasuna (communio Sanctorum, “santuen elkartasuna”) gogoratu, eskertu eta ospa dezagun nahi du Elizak. Jesusen jarraitzaile leial horietan asko kanonizatua (“santu” deklaratua) dago; baina beste asko eta asko ez. Santu Guztien Oroitzapena egitean, den-denak nahi ditu lurreko Elizak goraipatu. Horien artean ikusi behar ditugu, beraz, gure etxeetan eta herrietan ezagutu eta maitatu ditugun kristau eliztar leialak, gure arbasoetako asko, Aitaren etxean Kristo piztuaren garaipena ospatzen ari direlako, eta gure alde otoitz egiten.
Santu Guztien jaieguna pozkarioz ospatzen dugu, zeren gure senide santuak zeruan hilezkor direla sinesten baitugu eta handik etsenplu eta laguntzaile ditugula. Zeruko eliz elkartea dira santuak. “Gure senide zoriontsu diren” santuen aintza Jainkoarengandik dator. Santuak goraipatzean, beraz, “Jainkoa aitortzen dugu harrigarri eta santu bakar”. Kristok salbatuak dira santuak, Kristoren saihets irekitik sortuak. Horregatik, Kristoren oroigarri den eukaristia dugu santuekin bat egiteko gune nagusia, Jaunari hau eskatuz: “Lurreko mahai santu honetatik, zeruetan prestatua daukan mahai santura eraman gaitzala” gu ere, santuak eraman zituen bezala.
Azaroaren 1a beti jaiegun izan ohi dugunez, eta azaroaren 2a ez, gure gizartean Santu Guztien Egun hau kanposantuak apaintzeko eta bisitatzeko egun bilakatu da. Aldiz, berez, azaroaren 2a dugu Hildako Fededunen Oroitzapena egiteko eguna.

Azaroak 2. HILDAKO FEDEDUN GUZTIEN OROITZAPENA
Santu Guztien Oroipena egin ondoren, Hildako Fededun Guztien Oroitzapena egiten du Elizak aspaldidanik.
Itun Zaharreko Makabearrak deritzan bigarren liburuan aipatzen da hildakoen aldeko otoitza, bereziki guduan hildako gudarien alde, Juda makabearrak agindurik: “Hildako gudariak piztuko zirela espero izan ez balu, alferrikakoa eta zentzugabea izango zen hildakoen alde eskatzea. Baina zintzo hiltzen direnek sari bikaina izanen dutela uste baitzuen, burutapen santu eta ederra izan zen hura. Horregatik agindu zuen
hilen aldeko barkamen-oparia eskaintzeko, haien beren bekatutik libre geldi zitezen” (2 M 12, 44-45).
Lehenengo kristauek, hildakoen izenak oholtxo batzuetan idazteko ohitura zuten, haien alde otoitz egiteko. Gerora, V. mendean Pazkoa baino hirurogei egun lehenago, hildakoen aldeko otoitz-eguna eratu zuten zenbait tokitan, zehazki Alemanian. VI. mendean, beneditarrek monasterioetan otoitz-egun berezia egiteko eguna eratu zuten, Pentekoste igande biharamunean. Cluny-ko San Odilon lekaide beneditarrak azaroaren 2an finkatuko zuen otoitz-egun hori, 998garren urtean.
Betidanik izan ditu Elizak gogoan hildako fededunak, bereziki fedea aitortzeagatik hilak, martiriak. Martirien hilobietara joan ohi ziren lehenengo mendeetako kristauak, han otoitz egitera eta, gerora, baita eukaristia bertan ospatzera ere. San Agustinek goraipatu egiten du hildakoen alde otoitz egiteko ohitura hori. Martirien hilobi gainean eukaristia ospatzeko ezartzen zuten harriaren oroigarri da, orain gure aldare-mahaien erdian ezarri ohi den harria.
XIV. mendean sartu zen egun honetako ospakuntza Erroman. Egun horretan apaizek hiruna meza ospatzeko ohitura sartu zuten Valentziako domingotarrek XV. mendean, hildakoen aldeko meza-eskabide guztiei erantzutearren. XVI. mendean zehar Eliza osora hedatu zen otoitz-egun hori azaroaren 2an izatea. 1915an, munduko lehen gerratearen ondoren, Benedikto XV.ak bultzada berezia eman zion otoitz-egun horri Eliza osoan.
Hildakoen alde otoitz egiteko ohitura honetan eragin handia izan du Garbitoki edo Purgatorioaren buruzko doktrinak. Pertsona bat bekatu arina duela, aitortu eta barkamena hartu gabe hiltzen bada, Jainkoaren aurrera agertu baino lehen haren arimak “garbitu” beharra du. Jainkoagana iritsi ezin horrek dakarkion sufrimendu oso bizia da, eta, ondorioz, “garbitu” egiten zaizkio bekatuak. Garbikuntza hau azkartu egiten da hildakoen alde otoitz eginez edota haien alde eukaristia ospatuz. Horrela, Jainkoaren aurrean agertzeko garbi gertatzen dira arimak.
Urte osoan, eukaristian egin ohi du otoitz Elizak hildakoen alde. Esker Otoitza egitean, “Kristorengan atseden duten guztien” alde eskatzen da, apaizaren ahoz, “pizteko itxaropenean joan diren senideen alde”, “mundu honetatik Jainkoarekin adiskide joan direnen alde”, “Jainkoak bakarrik dakiela fededun hil direnen alde”.
Jesusek “Ni naiz piztuera eta bizia; Nigan sinetsiz bizi dena ez da inoiz hilko” (Jn 6, 25-26) esan zuelako sinesten dugu eta denentzat eskatzen “bizia izan dezatela”, Kristoren “pazko-misterioan” parte hartuz.
Jexux Mari Arrieta