Blog

Itxaropena izateko etxebizitza

Itxaropena izateko etxebizitza

Datorren igandean, martxoak 23an, Soziokaritatezko Pastoraltzaren kanpaina ospatuko da “Itxaropena izateko, Etxebizitza” lelopean, hau da, Osasun eta Espetxe Pastoraltzek, eta Caritasek, bat-eginik bultzatzen duten ekimena.

Aurten Etxebizitzaren afera du hizpide kanpainak; hamaika buruhauste eragiten dituen gaia. Bertan, adibidez, Santiren berri ematen digute hiru erakundeek. Herritar honek, bere bizitzan zehar hainbat ‘harresi’ gainditu ondoren, ez ditu arazo gutxi alokairuzko etxe bat eskuratzeko.

Mariame ere berdin dago. Arazoak bata bestearen atzetik gainditu ondoren, alokairu duin bat topatzen ez duenez, berriz ere, beste lekuren batera emigratzea pentsatzen ari da…

Ez dira etxebizitza bat lortzeko arazoak dituzten bakarrak. Gaizka eta Nekane ere egoera berberean daude. Etxebizitza lortzeko oztopoek, itxaropena mantentzea ozpintzen diete pertsona bat baino gehiagori.

Zergatik Caritasek, Osasuneko Pastoralak eta Espetxe Pastoralak, ematen digute albiste hauen berri? Etxe bat lau horma baino askoz gehiago da. Etxea egonkortasunaren, babesaren, duintasunaren eta itxaropenaren kabia da. Bertan hazten dira familiak, eta bertatik abiatzen dira etorkizunerantz. Horregatik, martxo honetan, Caritasek, Osasuneko eta Espetxe Pastoraltzek, “Itxaropena izateko, etxebizitza” lema hautatu dute aintzakotzat.

Frantzisko Aita Santuak dion bezala, 2025. urtea, Itxaropenaren Jubileua da; “Jaso dugun itxaropenaren sugarra piztuta mantendu behar dugu, eta ahal dugun guztia egin behar dugu, bakoitzak, etorkizuna, bihotzez eta ikuspegi zabalez begiratzeko, indarra eta ziurtasuna berreskura ditzan”.

Gaur egun, Gipuzkoan, ehunka pertsona bizi dira etxebizitza eskuragarri bat aurkitzeko larritasunarekin, eta horren ondorioz, etxebizitza eskuratzea -langabezia eta lan-prekarietatearen gainetik- Gipuzkoako herritarren %50aren kezka nagusia da.

Caritasek Gipuzkoan artatutako pertsonen %84, etorkinak dira; etxebizitza eskuratzeko zailtasun larria. Egoera administratibo irregularrean badaude, ez dute lan-kontraturik, eta, ondorioz, ezingo dute alokairu baterako sarbiderik izan. Halaber, lagunduak izateko ere ez dute babes-sarerik.

Egoera honen aurrean, kristau-elkarteak, gizarte bidezkoago baten aldeko apustua egin behar du, non denek izango duten etxebizitza duin bat lortzeko eskubidea. Garizuma honetan, Caritasek, Osasuneko Pastoralak eta Espetxe Pastoralak, bizi dugun errealitatea Ebanjelioaren begiekin begiratzeaz gain, gehien behar dutenekin bat-egitera gonbidatzen zaituzte.

Bat-eginik, erein dezagun itxaropena.