Blog

Lehen urratsak

Lehen urratsak

Frantzisko Aita Santuak “Itxaropenean erromes” leloa aukeratu du hurrengo Jubileua aurkezteko. Unai Manterola Albizuk, liturgia eta espiritualitate pastoraltzarako gotzain ordezkaria eta Jubileu-urterako elizbarrutiko arduradunak, hitzordu garrantzitsu honen inguruko zenbait xehetasun azaltzen dizkigu.

“Aurtengo abenduaren 24an, San Pedro Basilikako Ate Santua irekiz Jubileu-urte santuari hasiera emango dio Frantzisko Aita Santuak. Abenduaren 29rako dago ezarria Ate Santuaren irekiera Katedraletan eta beste hainbat tokitan.

Ikasturte honetako lehen hilabeteetan, abendua bitartean, alegia, bi helburu nagusi izango ditugu gai honi dagokionez: kristau-herria kontzientziatzen eta prestatzen joatea datorkigun Jubileu urterako, eta otoitz bizitza landuz eta areagotuz, prestakuntza horretan laguntzea. Badakigu gogo hori bera agertu izan digula gure Gotzain Jaunak ere ari dugun eraberritze aldiari buruz: izan dadila espirituzko eraberritzea.

Aldi berean, gure Elizbarrutiak 75. urtemuga du, eta Jubileu unibertsalari, gure poza eta gozamena ere batuko zaio noski, azaltzen joango garen ekintzen bidez.

Elizbarrutiko IDATZ liburu-dendan (Artzain Ona plaza 15, behea, Donostia) duzue eskura SPES NON CONFUNDIT Aita Santuaren bulda, bi hizkuntzetan (euskara eta gaztelania) argitaratua, eliztarrei aldi eder hau iragartzeko.

https://haciaeljubileo.com/apuntes-para-la-oracion/ web orri horretan hainbat material dituzue hilabete hauetan otoitz giroa gure elkarteetan sortu ahal izateko. Eta gehiago sakondu nahi duenak hor ditu 2020ko maiatza eta 2021eko ekaina bitartean Aita Santuak Kristau Otoitzari buruz astero emandako katekesiak.

Aurki Jubileuko gorazarre ofizialaren berri emango dugu euskaraz zein gaztelaniaz. Partitura eta audioa. Euskaraz, Artzain Ona katedraleko Mariaren Bihotza abesbatzak grabatu du”.