“Agerian” erakusketaren aurkezpena Elizbarrutiko Museoan
D’Museoak, Donostiako Elizbarrutiko Museoak, Agerian – Revelado. Bixen Vergara, erakusketa antolatu du; erakusketa maiatzaren 4ra arte D ‘Museoan ikusi ahal izango da Donostiako Koruko Andre Maria basilikan.
Bixen Vergarak, argazkilaria, Mikel Iraundegik, Pio XII Institutuko zuzendaria, eta Edorta Kortadik, D ‘Museoko zuzendaria, izan ziren xehetasun guztiak azaldu zituztenak:
“Erakusketak egunerokotasunean du iturria…”, azaldu zuen Bixen Vergarak. “Nire irakurketa zera da: non azaltzen zaigu Jainkoa? Aita edo ama baten babesean… Gaztaroan. Lagunartean. Zahartzaroan, itsasoari begira, ilunabarreko elkarrizketa txikietan. Horiek guztiak kalean aurkitu ditudan egoerak dira; ez dira prestatuak izan. Hori da erakusketa honen haria. Eguneroko egoera horietan Jainkoa ikustea edo aurkitzea. Eta beste alderdi garrantzitsu bat: pertsona beti dago erdigunean. Argazki guztietan, pertsona da garrantzitsuena”, dio argazkilariak.