Blog

Erromako erromesaldia

Erromako erromesaldia

Donostiako Elizbarrutiak, Jubileu Urte Santua dela-eta, joan den irailaren 24tik 29ra, erromesaldi jendetsua antolatu zuen Erromara.

Erromesaldian parte hartu zuen partaide batek, lehen pertsonan, Erroman bizitakoa azaltzen digu:

Jubileu urtean murgilduta dago Eliza Katolikoa. Gipuzkoako fededunok aukera ezberdinak izan ditugu Erromara erromesaldian joateko. Azken hilabetetan espero genuena heldu zen aurreko astean, eta ilusioz hartu genuen bidaia.

Nire hirugarren aldia izan da Erroman, eta Vatikano hirian. Orain dela bi urte izan nintzen lehendabiziko aldiz, eta aurten, konklabera gerturatu nintzen. Aurretik izandako bi esperientzia hauek gainditu ditu Donostiako Elizbarrutiaren Erromesaldiak.

Batetik, ezagunak nituen lagun batzuekin joan naizelako. Eta bestetik, elizbarrutiari esker gure inaziotar lurraldeko beste fededunak ezagutzeko aukera izan dudalako. 114 pertsona; elizbarrutiko bikarioa Mikel Aranguren buru zela, apaiza talde bat… Talde ederra batu ginen Erromara joateko.

Behin han geundela, Gipuzkoako hamabost katekistekin egoteko aukera izan genuen; Katekisten Jubileua ospatzen ari ziren. Niretzat, hauxe izan da erromesaldiaren gakoa. Ez da gauza bera katolikoontzat kuttunak diren lekuak bakarrik ikustea, edo zu bezalakoak diren beste gipuzkoar batzuekin egitea.

Nire fedea indartzeaz gain, nire euskalduntasuna berresteko baliagarria izan da erromesaldia. Loiolako Jaunaren lurraldekoak gara, eta Erroman egin ditugun sei egunetan begi bistan geratu da. Makina bat esperientzia bizi genituen baina niretzat zirraragarrienak izan direnak aipatu nahi nituzke.

Lehendabizikoa, Gesù elizan bizi izandakoa. Han, meza ostean, San Inazioren irudia agerian utzi zuten, duten koadroa jaitsiz, gure patroiaren martxa abesten genuen bitartean. Negar malkoei eustea ezinezkoa egin zitzaigun batzuoi.

Horren ostean, santua hil zen logela bisitatu ahal izan genuen. Une horretan, Loiolako dorretxean idatzita dagoen “Hemen jaio zen” mezua etorri zitzaidan burura. “Hemen hil zan” esan nion nire buruari; Loiolatik milatik gora kilometrotara.

Aipamen berezia merezi du Santa Maria Nagusia basilikan ospatu genuen meza santua. Euskaldun fededunontzat ereserkia bihurtu den ‘Agur Jesusen Ama’ kanta han abestu, eta entzun ahal izatea, oparia izan zen gure belarrientzat. Sentikorra bazara, ezinezkoa da kanta horrekin ezer ez sentitzea.

Azkenik, azpimarratzekoa da Aita Santuarekin izan genuen audientzia. Eliza Katolikoaren gidaria hain gertu ikustea, eta bere hitzak aurrez aurre entzutea, inoiz ahaztuko ez dudan zerbait izango da.

Gure hizkuntza Erromako basilika nagusietan entzutea zoragarria izan da. Fededuna nintzen joan aurretik, eta askoz fededunagoa bueltatu naiz Erromatik. Ni ez naiz inor jendeari zer sinistu behar duen esateko, baina lerro hauek eta elizbarrutiak ematen didan aukera erabili nahi nuke, gipuzkoar fededunei mezu labur bat helarazteko.

Harro sentitu fededun euskaldunak izateaz. Gure nortasun historikoaren parte da. Ez lotsatu zuen fedeaz. Eta egunen batean, erromesaldi batera joateko aukera baduzue, joan. Ez zarete damutuko.

Erik Salazar