Harrera beroa Errege magoei
Isilpean eta gauez etxez etxe ibili aurretik, Gipuzkoako hamaika herritan barrena ibili ziren Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak.
Ormaiztegiko, ‘Erregeen Zamalkadan’, zaldi gainean iritsi orduko, estalpe bizidunaren aurrean gurtza egin zuten.

Herriko sei eta zazpi urteko gaztetxoak, artzaintxoz jantzi ziren; artzainak, lehenak izan baitziren Jesus haurtxoa gurtzera. Estalpea, aldiz, 13 urteko gazteek osatzen zuten, eta iaz jaiotako ume bat izan zen Jesus haurra.
Legazpin ere ongi etorriak izan ziren Errege Magoak. Non ez.

Horrez gain, hamaika modutan iritsi ziren hiri eta herri ezberdinetara. Zumaiara, esaterako, erregeak itsasoz lehorreratu ziren. Kalez kale ibili ondoren, herriko bi zahar egoitzetara joan ziren, baita etxeetan gaixo dauden pertsonak bisitatu zituzten. Ondoren, herriko plazara hurbildu ziren; jaiotza bizidunean zegoen Jauna agurtu, eta opariak eskaini zizkioten.

Hondarribira ere itsasoz iritsi ziren Errege Magoak; kalean barrena ibili ondoren, jaiotza biziduna bisitatu, eta ondoren, San Gabriel egoitzara hurbildu ziren.

Mutrikun ere, urtero bezala, ez zuten hutsik egin Erregeek. Zaldi gainean egin zuten herritik barrena ibilaldia.

Irunera, Erregeak, trenez iritsi ziren.

Beasainen ere egin zuten parada. Baita Debara ere.

Oñatin, katekesiko gurasoak antolatuta, Erregeei ongi etorria eman zien herriak. Hiru erregeak, lehenik, San Martin egoitzara joan ziren, eta handik, Santa Anara, han egin zieten harrera herriko umeei.

Gipuzkoako herrien eta hirien harrera beroak izan zuen bere emaitza; gau guztian zehar lanean aritu ondoren, hiru Erregeek, opari sorta ederrak utzi zituzten hamaika etxeetan barrena. Alaitasuna nagusi izan zen.