Blog

Katekistek familiaren eta kristau elkartearen eginkizunaz hausnartu dute Seminarioan

Katekistek familiaren eta kristau elkartearen eginkizunaz hausnartu dute Seminarioan

Joan den larunbatean, azaroaren 7an, Haur eta Nerabeen Katekisten Elizbarrutiko Topaketa 2026 egin zen Donostian, «Gaur, fedean hezi: familia eta elkartearen egitekoa» lelopean.

Jardunaldian, familiak fedearen transmisioan duen garrantzia nabarmendu zen, baita kristau elkarteak zeregin horretan familiak laguntzeko eta babesteko duen ardura ere. Topaketak aukera eman zuen katekisten arteko harremanak sendotzeko, beren eginkizunaz hausnartzeko eta parrokietan lantzen dituzten esperientziak eta lan egiteko moduak partekatzeko.

Hizlari nagusia Clara Arza Zarate izan zen, Bilboko Elizbarrutiko Ebanjelizazio eta Katekesi arloko arduraduna. Bere hitzaldian, Basauriko San Fausto parrokian katekista gisa bizi duen esperientzia ere partekatu zuen, baita urteetan bertako pastoral barrutiko arduradun izandako ibilbidean jasotako ezagutzak ere.

Arzak gaur egungo katekesiko erronka nagusiak eta ebanjelizazioan duen protagonismoa izan zituen hizpide. Era berean, kristau elkarteak familientzako bizitza-, topaketa- eta ospakizun-gune izatera animatu zituen parte-hartzaileak. Taldeka hausnartzeko aukera ere eskaini zuen, katekesian bizi dituzten pozak, aurkitzen dituzten zailtasunak, dituzten erronkak eta etorkizunerako ametsak partekatzeko.

Ondoren, Gipuzkoako lau parrokiatako jardunbide egokiak ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Azkoitiko Nerea Matxadok, Donostiako Marta Elizaldek, Oñatiko Manu Egañak eta Andoaingo Mari Jose Arkonadak katekesia, familiak eta parrokiako elkartea uztartzeko hainbat esperientzia aurkeztu zituzten.

Giro alai eta itxaropentsuan igaro zen topaketa, eta agerian geratu zen horrelako elkarguneek duten garrantzia: harremanak sendotzeko, kezkak eta esperientziak partekatzeko eta elkarrekin egiten den misioan indarberritzeko.

Jardunaldiari amaiera emateko, Elizbarrutia bizitzen ari den sinodo-garairako prestatutako ereserkia abestu zuten parte-hartzaileek, fedean elkarrekin bidea egiten jarraitzeko nahiaren adierazgarri.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: