Blog

LEHENDAKARIAK EUSKAL KRISTAUEI GUTUN IREKIA

LEHENDAKARIAK EUSKAL KRISTAUEI GUTUN IREKIA

Imanol Pradales Lehendakariak elizbarrutiko elkarteari eskutitz bat helarazteko eskatu dio Donostiako gotzainari eta gainontzeko euskal gotzainei. Eskutitz horretan, Gipuzkoako katolikoei bere iritziak helarazi nai izan dizkie, pasa den asteazkenean, maiatzak 13, Vatikanoko San Pedro Plazan izandako audientzian Leon XIV.a Aita Santua agurtu ondoren.

Mons. Fernando Pradok gutun hau jaso du, eta eskerrak eman dizkio lehendakariari Aita Santuaren figurari eta haren ministerioari buruz egindako balorazio garrantzitsuagatik, Eusko Jaurlaritzak komunitate katolikoarekin duen lankidetza instituzionalagatik eta baita ere bakearen eta pertsonen duintasunaren alde elkarrekin lan egiteko agertu duen interesagatik.

Hona hemen jasotako eskutitza:

EUSKAL KRISTAUEI GUTUN IREKIA

Euskal kristau maiteak:

Dakizuenez, maiatzaren 13an, Vaticanoan audientzia orokorrean, euskaldunon ordezkari gisa parte hartzeko ohorea izan nuen Leon XIV Aita Santuak gonbidatuta. Horren ostean, Pietro Parolin kardinalarekin, Etxe Santuko Estatu Idazkariarekin, batzartzeko aukera eduki genuen. Bisita inspiratzailea eta indar-emailea izan da benetan. Lerro hauen bitartez, labur-labur, zuekin guztiekin partekatu nahi ditut Erromatik ekarritakoak.

 Aita Santuarekin egon nintzen tarte laburrean, eskerrak eman nizkion lehendabizi, munduko injustizia, gehiegikeria eta gerren aurrean egiten ari denagatik: bakearen aldeko aldarria, giza eskubideen babesa, demokraziaren defentsa edota ahulenen ondoan jartzea. Oso garrantzitsua da nazioarteko egoera nahasi eta basatian, Leon XIV.aren irmotasun etiko eta morala pertsona ororen eta giza duintasunaren defentsan. Bide horretan jarrai dezala eskatu nion eta gure herriaren prestutasuna erakutsi, bidelagun izateko. Mundu justuago, gizatiarrago eta hobea eraikitzeko iparrorratz morala sendo eta zuzen eduki behar dugu. Aita Santua, ebanjelioaren mezulari nagusi den heinean, erreferentzia argia da horretarako. Garrantzitsua da bere predikua babestea; baina horrez gain, giza balioen eta humanismoaren bidea sendotzeko, guztioi gure esku dagoena egitea dagokigu. Euskadi eta euskaldunok horretan ahaleginduko garela agindu nion.

 Bestetik, gure herria bisita dezan gonbidapen ofiziala egin nion. Lehendik egona da Bilbon eta badu euskaldunon berri. Benetan, pozgarria litzateke Aita Santua gure lurretara etortzea eta euskal eliztarrokin elkartzea. Laster estatu espainiarrera egingo duen bidaiaren agendan ezinezkoa izan da bisita hori sartzea. Baina espero dezagun, aurrerago izango duela gurera berriro gerturatzeko aukera.

 Bestalde, gure herrian euskal elizak bakearen eta elkarbizitzaren alde egindako lanaz solastu ginen Parolin kardinalarekin. Munduko beste leku batzuetako gatazka eta indarkeria kasuei begira, bakearen eta adiskidetzearen arloan, Euskadin adibide baikorra dugula azpimarratu zigun. Begirune eta errespetu handiz ikusten du euskal eliza, eta horregatik, eskatu zigun ea elkarlanean jarrai dezakegun elkarbizitzaren, etorkinen edota pobrezia berrien aurrean ditugun erronkei erantzuteko. Jaurlaritzaren prestutasuna erakutsi nion euskal elizarekin eta eliztarrekin elkarlanean jarraitzeko. Kontziente da euskal gizarteak sekularizazio handia bizi izan duela azken hamarkadetan, eta gaur elizetan jende gutxiago dabilela. Baina itxaropenez eta baikortasunez hitz egin zuen etorkizunari buruz. Mezu hori helarazi nahi dizuet nik ere.

 Azkenik, Aita Santuari otoitz bat eta mezu bat eskatu nizkion euskal kristauen eta euskaldunon alde. Asteazkeneko audientzia orokorrean egindako otoitzen bidetik, berak bezala, Ama Birjinari errezatzeko eskatu zigun. Eta horrekin batera, esan zidan zuentzat guztiontzat ebanjelioaren mezu nagusia ekartzeko Euskadira: bakearena. “Bakea eta esperantza” izan ziren bere bi hitzak. Jaso itzazue bihotzez. Desio zintzo eta onenekin, eta behar duzuenean bidelagun izateko prestutasunez,

besarkada handi bana.

Imanol Pradales Gil,
Lehendakaria

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: