“Magnifica Humanitas” entziklika euskaraz salgai dago Idatzen
Euskarazko edizioak Gizaki bikain izenburua du, eta Unai Manterola Albizu apaizak, Donostiako Elizbarrutiko Liturgiako ordezkariak, itzuli du.
Leon XIV.a aita santuaren Magnifica Humanitas entziklika euskaraz irakur daiteke dagoeneko. Gizaki bikain izenburuarekin argitaratutako itzulpena Idatzen dago salgai, eta Unai Manterola Albizu apaizak, Donostiako Elizbarrutiko Liturgiako ordezkariak, prestatu du.
2026ko maiatzaren 15ean sinatutako entziklikan, Aita Santuak giza pertsona adimen artifizialaren garaian zaintzeko beharraz egiten du gogoeta. Leon XIV.ak gure garaiko aldaketa teknologiko eta sozialei aurre egitera gonbidatzen du, pertsona bakoitzaren duintasuna, guztion ona, justizia eta senidetasuna erdigunean jarriz.
Dokumentuak gogorarazten du aurrerapen zientifikoek eta teknologikoek giza garapen osoaren zerbitzura egon behar dutela, eta pertsona ezin dela datu, gaitasun edo eginkizun multzo batera mugatu. Teknologia nagusitasun-tresna bihurtzeko arriskuaren aurrean, Aita Santuak gizaki ororen handitasuna, hauskortasuna eta bokazio transzendentea aitortzen dituen kristau begirada proposatzen du.
Gizaki bikain argitaratzeak aukera emango die kristau elkarteei eta interesa duten pertsona guztiei Aita Santuaren irakaspen garrantzitsu hau euskaraz irakurri, landu eta sakontzeko.
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira