Blog

Narrazio-ikuskizuna eta bertsoak misiolarien omenez

Narrazio-ikuskizuna eta bertsoak misiolarien omenez

Aurten, Munduko Misioen Eguna (DOMUND), mendeurrena ospatzen ari dela eta, Donostiako Elizbarrutiko Misio ordezkaritzaren eskutik ekitaldi bereziak antolatu ziren joan den asteburuan. Helburua? Ekuadorko Amazoniako misioaren errealitatera hurbiltzea.

Iragan larunbatean, San Inazio elizan (Donostia), igandean, Magdalena ermitan (Errenteria), eta astelehenean Andre Mariaren Zeruratzea elizan (Zumarraga), Txarli Azcona, misiolari kaputxino nafarrak, eta Juan Morales filosofo eta kantautore kristau ekuadortarrak, jakinmin handia piztu zuten “Amazonia kontatuz eta kantatuz” musika eta narrazio-ikuskizunaren eskutik.

Musika, testigantzak eta misio-esperientziak partekatu zituzten Elizaren misioa, pobreenekiko konpromisoa eta Sorkuntza zaintzeko ardura hobeto ezagutzeko.

Joan den astelehenean bestalde, Elaienean (Donostia) ikastetxeko batxilergoko gazteekin, azken saioa egin zuten Txarli eta Josek.

Ekimen ezberdinak Alejandro Labaka eta Ines Arango misiolarien bizitzak gogoan izateko antolatu ziren. 1987 urtean, Tiguinoko basoan (Ekuadorko Amazonia) indigenen eta petrolio enpresen arteko bitartekaritza lanak egiten ari zirenean, hil zituzten bi kaputxinoak.

Alejandro Labaka, beizamarra, Aguricoko lehen gotzaina, eta Ines Arango, ahizpa kolonbiarrak, Amazoniako herrien zaintzaren alde bizia eman zuten.

Katekesia eta ikastetxeak.

Misio ordezkaritzak gogorarazten duen bezala, misioa, ez da egun bakarreko kontua edo ospakizuna: “Urte osoan zehar bizi, landu eta zaindu beharreko konpromisoa da. Izan ere, maitasun-keinu txiki bakoitzak mundua argitzeko indarra du”.

Horren lekuko, urriaren 18an, igandea, Beasaingo San Martin parrokian eginiko ekimena. Bertan, Beasaingo eta Ormaiztegiko katekesiko haurrek, familia-ospakizunean, ekintza bat burutu zuten.

“Misioak mundua argitzen du” tailerrean oinarrituta, gazteek gurutzea argitu zuten misiolari-konpromiso baten eskutik. “Keinu horrek ederki adierazten du tailerraren mezua: mundu zauritua, maitasun-keinu zehatzen bidez, argitzeko konpromisora igarotzea”.

Zera azpimarratu zen: “laguntzea, partekatzea, barkatzea, zaintzea, otoitz egitea, bakarrik dagoenari hurbiltzea… Horrelako keinu txikiekin hasten da misioa”. Eta, noski, haurrek ere badute zeresana horretan.

DOMUNDak utzitako fruituek gure parrokietan, familietan… ugaltzen jarraitzen dute. Nola? Kristoren argia eguneroko bizitzara eramanez.

Elizetan ez ezik, ikastetxeetan ere, Elizbarrutiko Misio ordezkaritzak misiolarien lana erakusten jarraitzen du. Horren lekuko da Mutrikuko San Miguel ikastetxea. Bertako ikasleek ondorengo bertsoak egin zituzten misiolarien lana aintzat hartuz.

Whatsapp Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu: